Ekialdeko aparkalekua, uda sasoiaren amaierara arte, behintzat, zabalik
Ekialdeko aparkalekua, aurtengo udako denboraldian, publikoarentzako zabalik egongo da. Udalak haren behin-behineko kudeaketarako ahozko akordioa lortu du. Baka Bakean Laga plataformak "albiste ona" dela adierazi du, baina, aparkalekuan duna artifiziala eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko bidean, "gazi-gozotzat" dute lorpena.
Laga hondartzako ekialdeko aparkalekua eta haren inguruko egoera mintzagai dira, hura zarratzeko eta haren orubean duna artifizial bat eraikitzeko proiektua mahaigaineratu zenez geroztik. Bada, azken egunotan, ez sartzeko agindua egonagatik ere, autoek aparkagunea erabili dute, hareatzaren inguruko egoera asko larritu baita, Laga Baketan Laga herritar plataformako kideek azaldutakoaren arabera: “Egunotan Lagan gertatutako pilaketa handien aurrean, eta erakunde publikoek arazoa konpontzeko deus egin ez eta ekialdeko aparkalekua zarratuta mantendu dutela ikusita, norbanako batzuek eremu horretako itxidura apurtu dute, eta autoak sartu dituzte”.

Ekialdeko aparkalekua, egunotan.
Egoera, hain zuzen, ez da inolaz ere kasualitatea, testuinguru oso delikatuan baitaude hondartzaren erabiltzaileak: “Ibarrangelurako bide berdea autoz lepo egon da, trafikoan arriskugune handiak egon dira, Ertzaintzak isunak behin eta berriro ipini ditu, Guardia Zibila ere bertaratu da, eta garraio publikoak egundoko mugapenak izan ditu; hori dena, besteak beste, aparkalekua nahitaez itxita mantentzearen ondorioa da”.
Horren aurrean, Ibarrangeluko Udaletik aditzera eman zuten erakunde arteko lanketa mahaiaren partaide direla, eta kooperazio gune horrek lehendabiziko fruitua eman due: ahozko akordioa lortu dute, EAEko Portu eta Kostaldeko Agintaritzak dunaren inguruko obrak uda denboraldia amaitu arte atzeratu ditzan; aparkalekua, hortaz, “udalak kudeatuko du”. Instalazioa “alde baterako eta salbuespenez” erabiltzeko, agintaritzaren baimen ofiziala “datozen egunetan” formalizatuko dute.

Ekialdeko aparkalekua, egunotan.
Horrenbestez, Laga Baketan Laga plataformak egindako azken bilera informatiboan ezarritako epe laburreko helburua, obrak udako denboraldi ostera arte atzeratzea eta tarte horretan aparkalekuari bere horretan eustea, lortu du. Edozelan ere, berri onak baina era berean “gazi-gozoak” direla azpimarratu dute: “Epe luzerako helmuga proiektua bere osotasunean bertan behera uztea da, eta horixe eskatzen diegu agintariei”.
Hasiera batean bigarren elkarretaratze batera deitu zituzten herritarrak plataformakideek, domeka honetarako. Azken albisteekin, baina, mobilizazio hori bertan behera utziko dutela adierazi dute. Dena dela, etorriko diren ekintzetan “herritarren laguntza eta parte hartzea” ezinbestekoak izango direla aurreratu dute: “Helburua, geure izenak dioen legez, Laga bakean lagatea da; beraz, hau hasiera baino ez da“.