"Ikuspegi ekologikotik begiratuta, erabateko kontraesana da"
Laga Baketan Laga herri plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, Ibarrangeluko Laga hondartzan. Sinadurak biltzen aritu dira, eta besteren artean, parte hartze prozesua irekitzea eskatu dute.
Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak Lagako hareatzan egitea aurreikusten duen proiektuaren kontrako iritzia erakusteko elkartu dira gaur goizean herritarrak, Laga Baketan Laga herri plataformaren deialdiari erantzunez. Informazio “publikoa eta ofiziala” eskatu dute, eta horrez gain, erakunde independienteek egindako ingurumen-eraginaren azterketa egiteko eskaria ere plazaratu dute: “Ingurumen-inpaktuaren bideragarritasunari buruzko txostenak eta azterketak ikusi nahi ditugu, Lagak kalterik ez duela jasango bermatuz. Ingurumen inpaktua zein eskualdeko inpaktua aztertzen dituzten txostenak derrigorrezkoak direla ikusten dugu, horrelako proiektuak onartzeko beharrezkoak baitira. Gainera, uste dugu ezinbestekoa dela komunitatean izan dezakeen eraginari buruzko azterketa egitea”.
Sinadurak biltzen aritu dira eta parte hartze prozesu baten beharra nabarmendu dute: “Ez gaude soilik herritarren parte-hartzea bermatzen duen prozesu ireki baten alde; lehentasun goreneko parte hartze prozesu bat defendatzen dugu, Aarhus Hitzarmenaren oinarrizko printzipioa bermatzen duena, hau da, pertsonek ingurumen-gaietan informaziorako eta parte hartzeko eskubidea daukatela, herriaren borondate orokorra kontuan hartuta”.

Salatu dute proiektua ezagutzeko eskaera egin dutela “behin baino gehiagotan”, baina ez dutela erantzunik jaso: “Sarritan proiektua bere osotasunean eskaera ofizialen bidez eskatu baldin badugu ere, Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak ez du erantzun”. Esku artean eduki duten informazio “ziur bakarra” da Ibarrangeluko Udalean aurkeztu zuten aurre-proiektua.
Azaldu dutenez, daukaten informazioaren arabera, “orain arte duna naturalik hartu gabeko” ekialdeko aparkalekuan, 4.000 metro koadroko eremuan, “duna artifiziala eraikitzea da proiektuaren ardatz nagusia, horretarako hondartzako harea baliatuta”. Jakin gura dute duna hori nola eraikiko duten, zein baliabide natural erabilita, baita proiektua bera nondik eta zergatik sortu den ere: “Erantzuna Laga da; Kostaldeko Agintaritzak aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, hondartza bera erabiliko dute harea-supermerkatu bat balitz bezala, makineria astunarekin harea ateratzeko”.

Plataformakoen iritziz, esku-hartze hori “erabateko kontraesana” da: “Ekintza hau ez al da kaltegarria Lagarentzat? Benetako mugimendu ekologista bat al da dagoeneko existitzen den ekosistema osasuntsu bat suntsitzea, oraindik existitzen ez den ekosistema faltsu bat sortzeko? Hau erabateko kontraesana da ikuspegi ekologikotik”.
Argi utzi nahi dute ez daudela dunen kontra eta horien hobekuntzaren eta kontserbazioaren kontra, ezta Urdaibaiko gainerakoaren edo beste edozein ingurune naturalen kontra ere. Aitzitik, ingurumena zaintzeko eta errespetatzeko erantzukizuna daukatela adierazi dute, “erantzuleak direla eta inplikatuta daudela”. Euren berbetan, arrazoi horrengatik berarengatik, hondartzan eraikuntzaren bat suposatzen duen edozein proiekturen kontra daude: Gizakiek makineria astuna erabiliz eraikuntzak egiten dituztenean ingurune natural eta babestu batean, egungo ekosistema eta morfologia aldatzen ari dira, kasu honetan duna artifizial bat eraikitzeko, Lagako hondartzatik zuzenean harea lapurtuz. Eta litekeena da horrek beste gune natural batzuetan aparkalekuak eraikitzera behartzea. Non dago ingurumenarekiko errespetua ekintza horretan?”
Erakunde publikoen “isiltasuna” gaitzesteaz gain, mezu eta eskaera argia igorri diete: “Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskal Jaurlaritzari, Urdaibaiko Patronatoari eta Bizkaiko Kostaldeko Agintaritzari eskatzen diegu proiektu honekiko eta Lagarekin eta Urdaibairekin lotutako etorkizuneko proiektu edota planekiko gardentasunez jokatzea eta jendaurrean zabaltzea. Gainera, herriari, familiei eta tokiko enpresei eragingo dien kaltearen alternatibak jakin nahi ditugu”.