Berrikuntzekin dator Ereñoko XIII. Enduro Lasterketa
Euskadiko enduro motozalerik puntakoenak elkartuko ditu zapatu honetan [maiatzak 16] Gernika Off-Road taldeak antolatutako Ereñoko XIII. Enduro Lasterketak. 120 parte hartzaile inguru biltzea aurreikusten dute.
Zapatu honetan [maiatzak 16], Ereño inguruak enduro gidaririk puntakoenen bilgune bihurtuko dira beste behin: Ereñoko XIII. Enduro Lasterketa ate joka dago. Goizetik eguerdira bitarteko egitarauagaz, berritasunekin lehiatuko dute aurtengo ekitaldia, eta Gernika Off-Road taldeko kideek inguruko enduro gidarien “maila handiko parte hartzea” espero dute.
Aurten, bi tarte kronometratutik bakarrera igaroko da lasterketa. Inguruko mendi eta basoetan barrena ibilbide luzeagoa egingo dute, eta haren barruan kokatuta egongo da erlojupeko eremua; Gabikan hasita, Ereñon erregistratuko dituzte gidarien denborak, eta erlojupeko azterketak hiru kilometro inguru edukiko ditu. Itzuli handiak, Gerandan barrena eroango ditu motozaleak, eta bai Ispasterko, bai Nabarnizko bazterrak “ukituko” ditu, Gabikarako bidean; 24 kilometroren bueltako luzera edukiko du itzuli handi horrek. Barrutiari hiru itzuli egingo dizkiote partaide guztiek.
Gaur-gaurkoz, 65 gidari izena emanda daude, baina “120 bat izatea” aurreikusten dute: “Parte hartze polita espero dugu; asko eta asko azken orduan izena ematekotan ibili ohi dira, eguraldiaren pentsuan; eguena [maiatzak 14] izango da izena emateko epemuga, eta, beraz, motozale ugarik gaur bertan [maiatzak 13] izena emango dute”.
Sailkapen orokorraz gain, Txapelketa eta Torneo lehietako podiumak ere egingo dituzte
Sariketari dagokionez, sailkapen orokorreko garaileek txapela jasoko dute. Hori bai, kategorien araberako sari banaketa ere egingo dute. Alde horretatik, ibilbidean “zailtasun gehigarridun moldaketak” prestatu dituzte: zailtasun horiei aurre egingo dietenak Txapelketa izeneko lehian ariko dira; ohiko formatuaren alde joko dutenek, berriz, Torneo izenekoa lehiatuko dute. Txapelketan, gazte eta nagusi mailako lehen hiru gidariak sarituko dituzte; Torneoan, ostera, lehen hiru gazte, nagusi, beterano eta emakumezkoak.
Euskadiko txapelketarako lasterketa puntuagarria izateaz gain, Ereñoko probak Nafarroako, Kantabriako nahiz Gaztela eta Leongo txapelketetarako puntuak ere banatuko ditu. Ez hori bakarrik: “Hainbatek eguneko asegurua atera dute, Ereñon egun bakarrez modu librean parte hartu ahal izateko; horrek erakusten du lasterketarekiko atxikidura dagoela eta jendeak begi onez hartzen duela”.
Lekualdaketa.
Iaz irteera, helmuga zein sari banaketa gunea Gabikako txokoak hartu baldin bazuen, aurtengo aldirako kokagunez aldatzea erabaki du antolakuntzak. Gabikatik Ereñorako errepidean kokatutako “zaldi lasterketa egiten den landan” egingo dute: “Landa aparkaleku nagusia ere badenez, iaz jendea bertatik txokora mugitu behar izan genuen; hori ekiditeko, aurten, aparkalekua, motorren aparkaleku zarratua, podium gunea zein jan-edana edukiko duen txosna hantxe kokatuko ditugu”.
10:00etan hasiko da lasterketa, eta lehen motozalea 14:30ak inguruan helmugaratzea aurreikusten dute
08:00retan hasiko da motorren egiaztapenetarako tartea, 09:30ak bitarte; ondoren, aparkaleku zarratura egoango dituzte. 09:40an, berriz, pilotuentzako bilera ofiziala egingo dute. Lehendabiziko parte hartzaileak 10:00etan ekingo dio lehiari. Minutuka irtengo dira eta, parte hartzearen arabera, binaka edo hirunaka hasiko dute lehia. Antolatzaileek ibilbidea egiteko denbora estimazioa kalkulatu dute: ordu eta erdikoa. Hortik gorako denbora egiten dutenei denbora zigorra ezarriko zaie, eta denbora erantsi hori erregistro kronometratuan egindakoari gehituko zaio. Lehen parte hartzailea “14:30ak inguruan” helmugaratuko dela iragarri dute.
Garaipenerako hautagaitza argirik aurreratzea “oso gaitza” izanagatik ere, iazko garaile Xabier Gallardon Eugiren lekukoa hartzea bilatuko duen parte hartzea “maila handikoa” izango dela nabarmendu dute. Tartean, Gernika Off-Roadeko kideak eurak ere ariko dira, eskualdeko ordezkaritza lepotan: “Parte hartzaile eta antolatzaile lanetan ibiliko gara taldekook; gainera, Urdaibai Motorsport automobilismo taldeko partaideek laguntza emango digute”.