Gernika-Lumoko udalerriko urteko lehen jaiak gaur (apirilak 30) hasiko dira Lorategietan. Auzo hori izaten da udalerrian festak ospatzen lehenengoa, eta gaurtik zapatura bitartean iraungo du aurtengo egitarauak.
Gaur 20:00etan botako dute jaien hasierako txupina, eta ostean, Auzune tabernan elkartuko dira auzotarrak, eurentzako prestatutako pintxopotean.
Biharkoa (maiatzak 1) izango da egun handia Lorategietan. 10:30etik aurrera, giroa berotzen ariko dira Gazteak Txistulari taldekoak, eta 12:00etan elkartuko dira meza santuan. Ostean, kopauagaz gozatzeko aukera izango dute, Elai Alai dantzari Taldekoen dantzaldian batu aurretik. Adin ezberdinetako dantzariek hainbat dantza plazaratuko dituzte urtero legez, eta, indarrak batzeko herri bazkarian berriro bilduko dira ostean; 15:00etan egingo dute bazkari herrikoia, eta Marmitakoa dastatuko dute. Eguna biribiltzeko, Melomaniack taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etatik aurrera, eta auzoari erritmoa emateaz arduratuko da.
Domekan, jai giroak jarraituko du auzoan, izan ere, tortillarik gozoena norena den erabakiko dute. Tortilla txapelketan bilduko dira 12:00etatik aurrera, eta kozinatutakoak 13:30erako aurkeztu beharko dituzte, epaileek onena norena den erabaki dezaten. Arratsaldean, umeentzako egitaraua prestatu dute. 16:30etik aurrera, umeentzako puzgarriak egongo dira, eta txokolatea ere prestatuko dute horientzat. Iluntzea, berriz, Esna Gazte! gazte eta familientzako ikuskizunak girotuko du, bertaratzen direnak kantuan eta dantzan jarriz.
EGITARAUA.
Apirilak 30.
20:00. Jai hasierako txupina.
Ostean. Auzokoentzako pintxopotea Auzunen.
Maiatzak 1.
10:30. Gazteak txistulari taldearen diana.
12:00. Meza santua eta ostean kopaua.
13:00. Elai Alai Dantza taldearen ikuskizuna.
15:00. Herri bazkaria: Marmitakoa.
19:00. Melomaniack.
Maiatzak 2.
12:00. Tortilla txapelketa; aurkezpena 13:30erako.
16:30. Umeentzako puzgarriak.
19:00. Txokolate jana.
20:00. Esna Gazte! ikuskizuna.