Kiroldegiaren egoera "tamalgarria" salatu du LABek
LAB sindikatuak Gernika-Lumoko kiroldegiaren egoera “tamalgarria” salatu du, euri ura eraikinera txorrotaka sartzen dela erakusten duen bideoa zabaltzeagaz batera. Kiroldegia txiki geratu dela gogoratzeaz gain, azpiegitura horrek ez duela behar duen mantentze lana eta inbertsioa jasotzen salatu dute, ez eta zerbitzu publikoak bermatzeko plangintza ere. “Euria ari duenean, atzoko moduan, ura txorrotaka sartzen da teilatutik igerilekuaren eremuan, mantentze eta kontserbazio arazo larriak agerian utziz”.
Sindikatuak, baina, kiroldegikoa ez dela kasu isolatu bat dio: “Udal instalazioen gainbehera progresiboaren beste adibide bat da”. Egoera horrek ondorio “larriak” dituela gehitu dute, eta hiru nabarmendu dituzte: erabiltzaileen eta langileen “segurtasunerako arriskuak” sortzen dituela; zerbitzu publikoaren kalitatea “kaltetzen” duela; eta Gernika-Lumo bezalako herri baterako “onartezina” den irudia zabaltzen duela. “Onartezina da hainbat herritarrek eta udal langileek egunero erabiltzend uten instalazio bat baldintza hauetan egotea”, diote sindikatuko kideek.

Euria Gernika-Lumoko kiroldegian.LAB sindikatua
Hori dela eta, udalari eskatu diote berehalako esku hartzea, “filtrazioak konpontzeko eta segurtasuna bermatzeko”. Baina, beste pauso bat ere eman dute: inbertsio eta mantentze plan erreal eta gardena egiteko eskatu diote, bai kiroldegiarentzat, bai beste udal eraikinentzat. “Halaber, uste dugu egoera honetara iristeagatik ardurak argitzea dagokiola udalari”, gehitu dute.
Hala, sindikatukoek esan dute jarraituko dutela zerbitzu publikoen “narriadura eta lan baldintzen okertzea” ekartzen duten egoerak publikoki salatzen: “Zerbitzu publikoak duinak izan behar dira. Gernika-Lumok ez du hau merezi”.