Aldarrikapenez beteko da Bizkargi asteburuan
Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira gazteak zapatuan, eta, urtero legez, egun osoko egitaraua prestatu du Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekarako.
Bizkargi atzo. Argazkia: Guernica Gernikara. Esangura berezia du Bizkargi mendiak Muxikan, Morgan, Errigoitin, Zornotzan, Larrabetzun, eta inguruko herrietan: memoriaren lekuko da. 1937an, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Espainiako tropa frankistek airez eta lurrez eraso zioten mendiari. 7 egunez egon ziren gerran, eta, borrokaldi luze horien ostean, faxistek tontorra bereganatu zuten. Ordutik, efemeride hori gogoratzen dute Bizkargi Egunean. Hala, domekan mendi tontorrean bertan bilduko dira, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak antolatuta, aldarrikapena, memoria eta jaia uztartuko dituen egunean. Baina bezperararako, Ernaikoek ere, memoriaren transmisioa bermatzeko egitaraua antolatu dute.
1937ko maiatzaren 9tik 16ra arteko bataila hartan izan ziren gudariak gogoan izango dituzte, baina Bizkargiko gudariei laguntzen ibili ziren Muxikako sei emakumeen historia ezagutaraziko dute aurten, Onintza Enbeitaren eskutik.
Lehenago, baina, Soinu Txikie taldeak girotuko ditu ermitaren inguruak, eta 12:00etan izango da ekitaldi nagusia. Gero, Jon Idigorasen jaiotzaren 90. urteurrena gogoan izango dute, Tasio Erkiziak zuzendutako hizketaldian. Idigoras ezker abertzale independentistaren militanteizan zen eta LAB sindikatuaren sortzean parte hartu zuen, besteren artean. Adarraren, txalapartaren eta albokaren doinuak ere entzungo dira Bizkargin urtero legez, baita Eneko Larruzearenak ere, eta Larrabetzuko Bizkargi Dantza Taldeak ere parte hartuko du ekitaldian. Ostean, Etxanoko Nagusiari ongietorria egingo diotela azaldu dute.
Bertsolariak ere ez dira faltako: Enbeita muxikarrak, Xabier Arriaga Txiplas errigoitiarrak eta Ibai Amillategi gernika-lumotarrak botako dituzte bertsoak. Horien ostean, Porrurik bez elektrotxarangaren doinuez gozatuko dute bertaratzen direnek.
Gazteen aldarria, zapatuan.
Domekako egunaren bezperan, Ernaik deituta, Bizkargin batuko dira Larrabetzuko, Busturialdeko, Zornotzako zein inguruko hainbat herrietako gazteak: “Duela 89 urte, faxismoak gerra eta errepresioa ekarri zituen gure herrira, eta 1937ko maiatzean Bizkargin bertan borrokaldi gogorrak izan ziren. Ehunka lagunek askatasunaren alde egin zuten borroka mendi honetan. Guk memoria hori bizirik mantentzen dugu. Iraganetik ikasi eta gaurko borrokak indartzeko”. Izan ere, faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean, gazteak lehen lerroan daudela erakutsiko dute, “memoria antifaxismoa batuz, Euskal Herri aske eta eraldatzaile baten alde” egiteko.
Hala, Bizkargi tontorrera igotzeko Larrabetzuko plazan elkartuko dira, eta Morgaganetik igoko dute mendia. 14:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, eta ordubete beranduago bazkaltzeko bilduko dira; bakoitzak bere etxetik eroan beharko du jatekoa. Jan eta gero, Bizkargi 1937-2026. Memoria eta antifaxismoa hitzaldiagaz hausnartzeko eta gogoetatzeko unea hartuko dute, eta Larrabetzura bueltatzeko bidea hartuko dute, Horibai Gaztetxean Djak egongo baitira iluntze eta gaua girotzen.
Egueraldiaren arabera Bizkargin edo Larrabetzuko eskolako aterpean egingo dutela egitaraua jakinarazi dute.
EGITARAUA.
Zapatua, maiatzak 2 (Ernai).
12:30. Larrabetzuko plazan, herrietako kedada.
13:00. Morgaganetik igoera Bizkargi mendira.
14:00. Ekitalda.
15:00. Bazkaria, etxetik eroanda.
16:00. Hitzaldia: Bizkargi 1937-2026. Memoria eta antifaxismoa.
21:00. Djak Horibai Gaztetxean, Larrabetzun: Etxeparra eta AskaTaSuna.
** Egueraldiaren arabera Bizkargin edo Larrabetzuko eskolako aterpean egingo dute egitaraua.
Domeka, maiatzak 3 (Bizkargi gogoratuz elkartea).
11:00. Soinutxikie taldeagaz, triki-kantu-dantzan.
11:30. Meza, ermitan, Santa Kurtzeren omenez.
12:00. Memoria ekitaldian bilduko dira, eta gaia Bizkargiko gudariei laguntzen ibili ziren Muxikako sei emakumeen historia izango da. Onintza Enbeitak zuzenduko du saioa.
Gero. Jon Idigorasen jaiotzaren 90. urteurrena gogoan izango dute, Tasio Erkiziagaz.
Ostean. Adarra, txalaparta eta alboka, eta gero, Eneko Larruzeagaz kantaldia.
Jarraian. Larrabetzuko Bizkargi Danta Taldearen ikuskizuna.
Gero. Etxanoko Nagusiaren ongietorria eta esker ona.
12:45. Bertsolariak: Ibai Amillategi, Onntza Enbeita eta Txiplas.
13:00. Erromeria Porrurik bez elektrotxarangaren eskutik.