Mugikortasun "segurua eta jasangarria" aldarrikatzeko mobilizatzen jarraituko dute
Muxikan “bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarriaren alde” egin zuten domekan (apirilak 26). Herritar talde batek deitutako martxa deialdiari erantzunez, 120 lagun baino gehiago batu ziren, herri eta auzoen arteko bidegorriak nahi dituztela aldarrikatzeko eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Horretarako behar diren inbertsioei "lehentasuna" ematea eskatu zuten.
Bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarria eskatzeko martxa, Muxikan. Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan urteak daramatzate udalerria zeharkatzen duen errepidearen arriskua salatzen, eta oraindik ez dute erantzun eraginkorrik jaso. Horregatik, “bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarriaren alde” egiteko herritar talde batek deitutako martxa deialdiari erantzunez, 120 lagun baino gehiago batu ziren domekan (apirilak 26) urte luzeko aldarrikapena berriro ere kalera ateratzeko. Txaleko islatzaileak soinean, eta oinez, patinetez edo bizikletaz, udalerria zeharkatzen duen errepidearen errai bat moztu zuten, eta, ondoko herriraino joateko bide seguru bat eskatu zuten.
11:30ak pasata atera ziren Kurtzerotik, Mugikortasun segurua eta jasangarria Muxikan. Istripu gehiagorik ez! zioen pankartaren atzean. Handik Gernikako norabidean joan ziren, Aldi supermerkatuaren pareraino, gero buelta bide beretik egiteko.
Martxaren helburua argia izan zen: herri eta auzoen arteko bidegorriak nahi dituztela aldarrikatzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, eta Gernika-Lumorekin bide seguru bat exijitzea. Hori dela eta, aldarriarekin Bizkaiko Foru Aldundiari beraien udalerrian errepideen segurtasuna “hobetzeko” behar diren inbertsioei “lehentasuna” ematea eskatu zieten. Izan ere, azken 40 urteetan “esponentzialki handitu” da ibilgailuen joan-etorria bertan, eta asko dira errepide horretatik egunero igarotzen diren ibilgailuak, baita ibilgailu astunak ere. “Bidea ez da segurua eta urtean zehar istripu ugari gertatzen dira”, uste dute.
Hala, udalerrian mugikortasun segurua eta jasangarria aldarrikatzen segituko dute hurrengo domeketan ere; aste honetan ez dira elkartuko, baina maiatzaren 10erako, 17rako, 24rako eta 31rako hitzordua zehaztua dute: 11:30ean, Kurtzeroko aparkalekuan bilduko dira, eta joan den domekako ibilbide bera egitea aurreikusi dute. “Eskerrak eman nahi dizkiegu domekako martxara etorri diren guztiei. Espero dugu datozen asteetan jende gehiago etortzea gure udalerrian mugikortasun segurua eta jasangarria aldarrikatzeko”.

Bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarria eskatzeko martxa, Muxikan.