Irakurketari bultzada, Gernikako Institutuan
Gernikako Institutuak I. Irakurketa Eguna ospatu du aurten, martxoaren 20an. Erronka horren aurrean, ikasleak izan dira dinamizatzaile nagusiak. Egun berezi hartan, irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat jarduera egin zituzten, 135 ikasleren lankidetza sustatuz. Irakurketa Egunak aurten martxan jarritako irakurketa plana biribildu du.
Gernikako Institutuan I. Irakurketa Eguna ospatu zuten, iragan martxoaren 20an. Egunari hasiera emateko, institutuko langile eta ikasle guztiek hamabost minutuko bakarkako irakurketaz gozatzeko aukera izan zuten. Gimnasioa egun batez eraldatu zuten, eta irakurketa jarraia egiteko espazio bihurtu zen; bertan, batxilergoko ikasleak euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, errumanieraz eta italieraz idatzitako literatur lanak irakurtzen egon ziren hiru orduz.
Aldi berean, gela egonkorreko eta DBH 3. eta 4.mailako ikasleak irakurle onen pasaportea eskuratzeko lanetan ibili ziren; denak ala denak literatur bingoarekin izugarri dibertitu ziren. DBH 1. eta 2.mailakoek, aldiz, paperez egindako hegazkinetan bitxikeriak idatzi zituzten, ostean institutuaren barneko patiora jaurtitzeko.

Eguna Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren bisita bereziarekin borobildu zuten. Hura elkarrizketatu zuten ikasleek, eta bere lan eta bizipenak ezagutu zituzten. Ez hori bakarrik: bere poemak akonpainamendu musikalarekin errezitatzeko eta idazleak lehenago egindako paper-hegazkinetan jasotako bitxikerien komentarioak entzuteko aukera paregabea izan zuten bertako ikasle guztiek. Idazlea ohorezko irakurle onaren pasaportearekin saritu eta gero eman zioten amaiera ekitaldiari.
Aipatutako eguna aurrera eramateko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen lan, konpromiso eta ekintzailetza ezinbestekoa izan zen, haiek izan baitziren antolatutako jarduera guztien eragile nagusiak eta arduradunak. Hala ere, Gernikako Institutuak irakurzaletasuna sustatzeko egiten duen lana ez da hemen amaitzen, urte honetan irakurketa plan bat aurrera eramaten baitabiltza. Egunero, atsedenaldi ostean, DBHko eta gela egonkorreko ikasleek hamabost minutuko tarte txikia daukate, norberak nahi duen testu edo liburuaz gozatzeko.

Maila guztietako Komunitate Proiektuan ere, irakurketarekin lotutako ekintzak garatu dira; horren adibide da DBH 4.mailako ikasleak Allende Salazar Herri Eskolara joan direla, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloko umeei ipuinak kontatzera. Baliabide materialei dagokienez, liburutegia berriztu egin da, irakurketa txokoa sortuz eta gaur egungo beharrizanetara egokitutako aleak eskuratuz. Gainera, gela egonkor eta DBHko gela guztiak liburu erakargarriz hornitu dira.
Ikasleek, irakasleek eta familiek sortzen duten komunitatearen iritziz I. Irakurketa Eguna oso arrakastatsua izan denez, Gernika BHItik irakurketari bultzada emateko irakurzaletasuna sustatzeko ahalegin handiak egiten jarraituko dute.