Dena eta Lukiek taldeek defentsa jaialdiari doinua ipiniko diote gaztetxean
Gernikako gaztetxean Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateari laguntzeko kontzertu solidarioak egingo dituzte zapatuan [maiatzak 2]. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira, eta sarrera 3 eurokoa izango da. Aurretiaz ere eros daitezke, Katu tabernan.
Egurre Gazte Asanbladak antolatuta, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearen aldeko kontzertu gaualdia hartuko du, zapatuan [maiatzak 2], Gernikako gaztetxeak. 22:30ean hasita, Dena talde ondarrutarrak eta Lukiek mungiarrek kontzertuak emango dituzte, eta DJ Barbiik biribilduko du egitaraua. Gaztetxeko ateak ordubete lehenago irekiko dituzte.
Emanaldiez gozatzeko sarrerak gaztetxearen sarreran eskuratzeko aukera egongo da, baina aurretiaz ere eros daitezke: Katu tabernan salgai daude. Interesdunek 3 euro ordaindu beharko dute. Bildutako dirua, hain zuzen, aipatutako defentsa komunitatearen erresistentzia kutxara bideratuko dutela aurreratu dute. Asanbladako kideek erresistentzia kutxa hori “oso esanguratsua” dela argitu gura izan dute: “Gaztetxeen aldeko borrokan egon daitezkeen isunei edo kostu ekonomiko errepresiboei aurre egin ahal izateko sortu da”.
Defentsa komunitatearentzako berbak ere eduki dituzte: “Sare oso inportantea da, gaztetxe, zentro sozialista eta espazio autogestionatuek osatutakoa; eremu horien defentsa eta langile kontrolpeko espazioen aldeko harresi lana egitea dago haren oinarrian”. Alde horretatik, Egurre Gazte Asanbladak arriskuan dauden espazioentzako “babes osoa” erakutsi du.