Udal langileen sektorean greba dinamika hasiko dute
Greba dinamika aurkezteko agerraldia.LAB/ELA ELA eta LAB sindikatuek deituta, greba dinamika hasiko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal langileen sektorean.
EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijitu diete Udalhitzeko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea, eta horretarako, “hemen eta orain” negoziatzea nahi dute.
Bariku honetan zenbait eskualdetan mobilizatuko dira; Bizkaian lau deialdi egin dituzte, eta Busturialdean mobilizazioarik egingo ez badute ere, bertako delegatuak Durangokora joango dira. Apirilaren 23an, berriz, 2 orduko lanuzteak egingo dituzte, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako egun osoko greba egunak iragarri dituzte. LAB eta ELA sindikatuek lanuzte eta bi greba egun horietan parte hartzeko deia egiten diete udaletako langile guztiei, baita deitutako mobilizazioetan eta ekintzetan parte hartzekoa ere.
Udaletako langileen lan baldintzak “hamasei urtez berritu gabe daudela eta urtez urte okertzen” ari direla salatu dute: “Udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur gaurkoz proposamen integralik gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurriak eta langile publikoen prekarizazioari eta pribatizazioari bidea irekitzen dieten akordioak”. Udalhitzeko negoziazioa hasi zutenetik ia urte eta erdi pasatu badira ere, langileen aldarrikapenak ez daudela mahai gainean gaitzetsi dute: “Orokorrean, urte asko daramatzagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan”. Diotenez, EUDELek “eduki eskasak eta zehaztasunik gabekoak” jarri ditu mahai gainean, eta Udalhitzen kanpo dauden udaletan (hiriburuak eta udal handiak, gehienbat) gauza bera gertatzen ari da.
Eskakizunak eta aldarrikapenak. Eskarien artean dago enpleguak egonkortzea; egiturazkoak diren lanpostu guztiak Lanpostu Zerrendetan txertatzea, behin-behinekotasun tasa errealak jaistea, behin-behinean dauden langileak kontsolidatuz, eta “pribatizaturikoa publifikatzea”, bertako langileak subrogatuz, eskatzen dute. Era berean, sektore feminizatuetan, zaintzan eta garbiketan, bereziki, jardunaldiak %100ekoak izatea exijitzen dute. Soldatei dagokionez, besteren artean, soldata arrakalekin amaitzeko neurriak adostea eta azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea dute helburu, baita ere azpikontrataturiko langilerik ez egotea 1.500 euroko gutxieneko soldataren azpitik. Lan astea eta urteko jardunaldia jaistea, udal musika eskoletako eta euskaltegietako irakastorduak jastea ere badaude eskarien artean.
Berdintasun neurrien artean mahai gainean ipini dute jazarpen protokoloen jarraipena, aplikazioa eta ebaluazioa egitea, eta horrekin batera, kolektibo maskulinizatuetako egoerari buelta emateko, neurri eraginkorrak beharrezkoak direla nabarmendu dute. Bestetik, LGTBIfobiaren kontrako protokolo eraginkorrak ere eskatzen dituzte.
Euskara eskakizunei dagokienez, lanpostu guztiak elebidunak izatea exijitzen dute eta sarbidean, lehen aldiz lanpostu bat betetzeko, bi hizkuntzak derrigorrezkoak izatea: “12 urtean lanpostu guztietan bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea eskatzen dugu”. Gaur egun lanean ari direnak euskalduntzeko, euskara planak ezartzea nahi dute.
Gainera, gazteberritze zein trantsizioa ekosozialerako neurri zehatzak ere zerrandatu dituzte, eta lan osasunari eta hautaketa prozesuei buruzko eskakizunak ere jaso dituzte euren aldarrikapen eta eskakizunen artean.