Mugikortasun jasangarri eta seguruaren aldeko martxak deitu dituzte muxikarrek
Muxikako herri eta auzoen arteko bidegorriak eta mugikortasun jasangarriaren aldeko pausoak eskatzeko asmoz, auzotar talde batek martxak deitu ditu hurrengo domeketarako. Domeka honetan (apirilak 26) hasi eta maiatzaren 31ra arteko domeka guztietan, 11:30ean bilduko dira Kurtzeroko bidegurutzean, martxak egiteko.
Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan “bide segurtasuna bultzatu eta mugikortasun jasangarriaren alde” egiteko martxak deitu ditu Muxikako auzokide talde batek. Izan ere, udalerriko bide segurtasunak kezkatzen ditu, “beraientzat zein beraien familientzat nahi duten egunerokotasunaz gozatzea” eragozten dielako. Hori dela eta, martxak egingo dituzte, domeka honetan (apirilak 26) hasi eta maiatzaren 31ra arteko domeka guztietan; 11:30ean jarri dituzte hitzorduak Muxikako Kurtzeroko bidegurutzean, Galtzada ondoko aparkalekuan.
30 minutu iraungo duten martxetan oinez, bizikletaz edota patinetez parte hartzeko deia egin diete herritarrei, “denentzako” garrantzitsuak diren kontuak lortzeko. Ibilaldian Ertzaintzaren patruila batek lagunduko diela jakinarazi dute, eta bertaratzen direnei txaleko islatzailea eroateko deia egin diete.
Martxen helburua argia da: herri eta auzoen arteko bidegorriak nahi dituzte, mugikortasun jasangarria eta Gernika-Lumorekin lotura lortzeko asmoz. Hori dela eta, aldarriekin Bizkaiko Foru Aldundiari beraien udalerriaren errepideen segurtasuna “hobetzeko” behar diren inbertsioei “lehentasuna” ematea eskatu nahi diete. “Entzun gaitzatela nahi dugu, 1.546 biztanle gara guztira Muxikan, eta jakin badakigu batasunak indarra egiten duela. Horregatik 30 minutuko martxak deituko ditugu”, esan dute.
Izan ere, salatu dute azken 40 urteetan “esponentzialki handitu” dela ibilgailuen joan-etorria Muxikan. “Errepidea kolapsatuta dago eguneroko joan-etorriengatik eta ibilgailu astunak horietako zati handi bat dira. Errepidea ez da segurua, eta urtean zehar istripu ugari gertatzen dira”, esanda adierazi dute beraien kezka. Izan ere, horien guztiak kontutan hartuz gero, beraien seme-alabak ezin direla auzoen edo herrien artean “autonomikoki” ibili diote, ez etasegurtasunez” ibili ere. Hala, auzoen artean ibiltzeko ibilgailu partikularren erabilera orokortu egin dela diote. Ondorioz, udalerriarentzako bide segurtasuna eta mugikortasun jasangarria lortzea dute helburu.