Ia 400.000 euro bideratuko dituzte Elantxobeko portuaren berritze lanetarako
Datozen asteotan hasiko dituzte Elantxobeko portuko ainguratze gunearen konponketa lanak, eta uztailaren hasierarako amaituta egotea aurreikusi dute.
Elantxobeko portua pasa den urtearen amaieran Euskal Kirol Portuen (EKP) portu sarean sartu ondoren, erakunde publikoak hainbat lan egin ditu azken hilabeteotan, bere instalazioak erakundearen gutxieneko eskakizunetara eta antzeko beste portu batzuen ezaugarrietara egokitzeko; Elantxobez gain, hala nola Armintzan, Deban edota Hondarribian egin dituzte egokitzapen beharrak. Elantxoberen kasuan, EKP portuko amarralekuen erabiltzaile guztiak identifikatzeko eta kaian amarratu gura diren eta portuko plaza libreetan kokatuko dira itsasontzien itxaron zerrenda eguneratzeko lanak egiten ari da.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo Martinek aditzera eman duenaren arabera, Elantxobek EKPren sarean sartzeak auker ematen du “portuaren kudeaketa antolatzeko”, baita amarralekuen “benetako egoera zehatz ezagutzeko” ere, eta bertako erabiltzaileen “eskaera historikoari” erantzuteko. Sailburuak azaldu du Elantxoben “inbertsio espezifikoak” egiten ari direla: “Jomuga da zerbitzuaren segurtasuna, eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea, portu hori Euskadiko itsas portu guztien estandarretan kokatu ahal izateko”.
Orain arte, 43.726,66 euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak, helburu argiekin: portuko pantalanaren zoladura berritzea, garabi konpontzea eta porturako salbamendu ekipamenduak nahiz segurtasun elementuak erostea. Ez hori bakarrik: urte honetan zehar, 100 itsasontzi inguru hartzen dituen ainguraleku eremua konpontzeko lanei ekingo diete; 394.483,85 euro inbertituko dituzte guztira, ainguratze trena eta amarratze buiak berritzeko lanetarako eta zuzendaritza alorrerako, modu horretan portuaren erabiltzaileentzako “zerbitzurik onena” bermatuta egon dadin. Lan horiek hilabete bi inguruko epea edukiko dutela eta datozen asteetan abiatuko dituzte aurreikusi dute, eta uztailaren hasierarako amaituta egongo direla iragarri.
Inpakturik txikienaren bila.
Ainguralekuaren konponketa lanek herritarren egunerokoan ahalik eta “eragin txikiena“eduki dezaten, obretarako materiala biltzeko ginea eta lanetarako etxola ontzitegi eremuan kokatuko dutela argitu dute, portuko garabiaren aldamenean. Neurri horregaz, elantxobetarrek “eguneroko ohiturekin lasaitasun osoz” segitu ahalko dute.
Horrez gain, EKPren kudeaketapeko hurreko beste kaietan Elantxobeko ontzi guztientzako toki nahikoa ez dagoenez, Eusko Jaurlaritzak ontziak Getxoko kirol portura eroango ditu. Hain zuzen ere, iragan otsailean adostu zuten Getxoko portuko ardurdunekin Elantxoben ainguratuta dauden ontzientzako amarralekuak bertan egongo zirela; alde horretatik, EKPk Getxoko amarralekuaren gainkostua ordainduko du, obrak biribildu bitartean.
Getxora joan gura ez duten edo ezin diren itsasontziei dagokienez, EKPk ontziok igo eta uretaratuko ditu, euren titularrek nahi duten lekura eroan ditzaten. Getxoko kirol portura joango diren ontzien kopuruk eta ainguratzen beharren lizitazio prozeduraren azken emaitzak aukera emango diote erakunde publikoari garabiarekin eginiko mugimendu horien gastuak ere bere gain hartzeko.