Herritarrentzako inkesta, Euskararen Sustapenerako Plan Estrategikoa definitzeko
Mundakako Udaletik aurreratu dutenaren arabera, herritarrei zuzendutako inkesta kanpaina martxan ipini dute, udalerrian euskararen erabilerri buruz dauden “iritziak, ohiturak eta proposamenak” jasotzeko asmoz. Jarduera hori Euskararen Sustapenerako Plan Estrategikoa jorratzeko lan prozeduraren barruan kokaturik dagoela azaldu dute. Mundakarrei galdetegi bat luzatu diete, herrian dagoen “errealitate soziolinguistikoa” ezagutze aldera, baita euskararen erabilera “indartsuagoa” den edota “zailtasun handiagoak” dituzten alorrak ezagutzeko ere.
Egitasmoaren noranzko nagusia da herri mailako hizkuntz errealitatea “herritarrekin batera” ezagutzea; horrez gain, Mundakan euskararen “etorkizuna gidatuko” duten “lehentasunak edota ekintzak” zehaztea ere helburu dute. Egun, ezagutza maila esanguratsua izanagatik ere, eguneroko-eguneroko erabileran “beherakada” antzematen dela nabarmendu dute. Horrenbestez, euskararen presentzia “esparru guztietan” hauspotzeko helmugadun neurriak sustatzea “erabat beharrezkotzat” dute: “Hala nola, familian, eskolan, aisialdi jardueretan merkataritzan nahiz administrazioaren esparruan”.
Aipatutako inkesta modu bitara bete ahalko de: Internet bidez edota paperean, udaletxean jarri duten postontzian entregatuz. Parte hartzeko epemuga apirilaren 27a izango da. Horrez gain, maiatzaren 7an, herritarren ideiak eta hausnarketak partekatzeko saio irekia egingo dute; 18:00retan jarri dute hitzordua, Gaztelekuan. Alde horretatik, udal ordezkaritzak mundakarrei parte hartzeko deialdia luzatu die: “Herritarren inplikazioa funtsezkoa da, tokiko errealitatera egokitutako plan eraginkorra diseinatu ahal izateko”.