Emakume txirrindularien lehen irteera antolatu du Aixerrotapek
Aixerrotape Zikloturista Elkarteak emakume txirrindularien lehen irteera antolatu du domekarako [apirilak 26]. 09:00retan jarri dute hitzordua, Merkurion.
Busturialdea, zerbait izatekotan txirrindularitza zaleen topagune da. Asko eta asko dira asteburuz asteburu eskualdeko bide nahiz errepideak gurpil biren gainean zeharkatzen dituzten taldeak. Domeka [apirilak 26] honetan, hitzordu berezia edukiko dute, Aixerrotape Zikloturista Elkarteak antolatuta: emakume txirrindularien lehen talde irteera antolatu dute. Martxa arautua izango ez den arren, antolatzaileek parte hartze “oso esanguratsua” aurreikusten dute ekimenaren lehendabiziko ekitaldirako: “40 eta 50 lagun inguruk aurreratu digute etorriko direla; lehen aldia izateko, zifra oso polita da”. 09:00retan ipini dute hitzordua, Merkurion.
Antolakuntza errazteko eta trafikoan arazoak ekiditeko, irteera taldetan banatuko dute. “Hainbat motor egongo dira, edozein arrisku saihesteko, baita asistentziarako furgoneta bat ere”, argitu dute. Antolakuntzak 56,5 kilometroko ibilbide “ederra” prestatu du, 750 metroko desnibel metatua edukiko duena. Gernika-Lumotik aterata, kostarako bidea hartuko dute. Gautegiz Arteagatik Laidara eta Lagara joko dute lehenik, eta Ibarrangelutik Ereñora Natxitura eta Ereñora, gero; “bertan, geldialdia eta anoa postua zain izango ditugu”. Ondoren, Nabarnizera joko dute, eta ibilbidea Arratzutik Mendatara joz eta handik hasiera puntura itzuliz biribilduko dute.
“Beharrizan bati” erantzunez prestatu dute irteera: “Geroz eta gehiago dira errepidean ikusten ditugun emakume txirrindulariak, baina gehienak bakarrik mugitzen direla igarri dugu; beraz, ziklistak elkartzeko, elkar ezagutzeko eta guztien arteko saretzea sustatzeko antolatu dugu”. Eskualdeko txirrindulariez gain, ingurutik ere jendea hurreratzea espero dute, gainera: “Zornotzako edota Mungiako kideek ere bertaratuko direla aurreratu digute”. Ez hori bakarrik: “Aurrerantzean irteera gehiago egingo ditugu, eta, alde horretatik, emakume txirrindulariei parte hartzera animatzeko deialdia luzatzen diegu; beraien maila fisikoa edo teknikoa edozelakoa izanik ere, beldurrik ez izateko mezua helarazi gura diegu, guztientzako tokia eta taldeka antolatzeko aukera egongo baita”.
Talde berritua.
Aixerrotapeko zuzendaritza lantaldea aldatu egin da, baina urte osoan zehar “hamaikatxo jarduera” egitea aurreikusten dute: “Astebururo egiten diren talde irteerek aurrera jarraitzen dute. Horrekin batera, urteko irteera nagusiena eta entzutetsuena ekaineko Oiz Erronka da; egun horretan elkartekideok antolatzaile eta parte hartzaile modura aritzen gara. Lumoko kronoigoera ere ez dugu ahaztu gura, baita Bizikletaren Astea ere; aspaldion apur bat alboratuta izan dugu, baina aurrerantzean ekimen horri berriro heltzea eta ahalik eta hoberen lantzea espero dugu. Horrez gain, elkartean urte osoko bazkide irteerak edo jarduerak egiten ditugu geure artean”.