Ajangizko XII. Esku Pilota Txapelketa hastear da
Apirilaren 26an eta maiatzaren 3an nahiz 10ean lehiatuko dute Ajangizko XII. Esku Pilota Txapelketa. Beste behin "harrobia eta goi mailako partiduak" uztartuko ditu lehiaketa herrikoiak, Euskal Herri osoko pilotarien parte hartzeagaz.
Apirilaren amaiera eta maiatzaren hasier iritsi ahala, ajangiztarrak herriko jaien usaina sumatzen hasten dira, baina baita beren egutegietan hutsik egiten ez duen beste ekimen berezi batena ere: Ajangizko Esku Pilota Txapelketa. Udal pilotalekuaren ingruan herritarren bateragune bihurtzen den lehiaketa bere XII. ekitaldira iritsiko da aurten, hastapeneko oinarriei eutsiz: harrobiaren bilgune izatea eta, era berean, ikusleei goi mailako esku pilota partiduak eskaintzea. Finalaurrekoak eta finalak lehiatuko dituzte, hiru jardunalditan. Domeka honetan [apirilak 26] abiatuko dute txapelketa; hurrengo saioa maiatzaren 3an jokatuko dute; finalak, ostera, maiatzaren 10ean. Lehen bi zitak 11:00etan hasiko dituzte, eta finalen jardunaldia, aldiz, 10:45ean.
Benjamin, kimu, haur eta elite mailako partiduak jokatuko dituzte. Domekan, Barrena-Gantxegi bikoteak Bastarretxea-Legarraren aurka jokatuko du, benjaminetan; Oihan-Peiok Elai-Ortziren kontra, kimuetan; Goikoetxea-Iturraspek Narbaiza-Antxiaren kontra, haur mailan. Elite kategoriakoei dagokienez, Muruak eta Segurolak Nazabal eta Apeztegiaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Hurrengo astean, Leitza-Iglesias bikotea Arribas-Dudagoitiaren aurka ariko da, benjamin mailan; Gezuraga-Abina Larrazabal-Goitiaren aurka, kimu mailan; Jurdan-Padilla Xuban-Zabalaren kontra, haurretan. Elite mailako lehia Etxebarria-Sotil eta Beitia-Elorz bikoteen artekoa izango da.
Gantzabale Elkarteko antolatzaileek txapelketa “egutegian egonkortzea” lortu dutela aditzera eman dute: “Geroz eta urrunagotik etortzen dira pilotari gazteak eta, alde horretatik, etorkizuneko izar handien haztegi izatea lortu dugu. Garatze bidean dauden pilotariek, ezer behar izatekotan, lehiaketa minutuak behar dituzte, alegia, partiduak jokatzea. Guk merezi duten plaza ematen diegu, egungo ospe eta oihartzun handidun txapelketen artean tokitxoa eginez”. Aurtengo egitarauari begira, txapelketa “oso zabala” aurreratu dute: “Alde batetik, badira txapelketa estreinakoz ezagutuko duten parte hartzaileak; bestetik, txapelketagaz batera hazi direnak ere badaude. Oro har, maila oso esanguratsua egongo da aurtengoan, afizionatu mailako pilotaririk puntakoenetako zenbaitek jokatuko dutelako”.
Txapelketa “irekia”.
Hautagaitzak aurreratzea “erabat zaila” izango da, beraz: “Hori bai, Sotil kantxan egoteak aldeak egin ditzake; proiekzio izugarridun pilotaria da, eta Etxebarriagaz bikote sendoa osatzen du. Horrez gain, iazko ekitaldian Amianorekin batera txapela jantzitako Elorz ere ezin da ahaztu, ezta Murua eta Nazabal ere. Iaz, hain zuzen, Lizeaga eta Landa hautagai nagusiak ziren, baina finalean ezustekoa egon zen. Alde horretatik, txapelketa honetan iragarpenak egitea ez da erraza: oso irekia, intentsoa eta polita izan ohi da”.
Bestalde, finalen egunak bat egingo du Ajangizko jai giroagaz: “Azken bi urteetan, artisau azoka ere antolatu izan da herrian, hau da, frontoiak eta plazak zelan edo halan bat egin dute. Formula horrek erantzun aparta eduki ohi du eta, horrenbestez, aurten ere azokaz gozatzeko aukera dute bertaratzen diren guztiek”.