Azoka Berezietan parte hartzeko izen ematea zabaldu du udalak
Gernika-Lumoko Azoka Bereziek gastronomia eta tradizioa uztartuko dituzte ekainetik abendura bitartean, hilabete bakoitzeko lehen zapatuetan, Merkatu plazan. Maiatzaren 15era arteko epean izena eman daiteke. Interesdunek maiatzaren 15era arte eman dezakete izena.
Gernika-Lumoko Udalak zehaztu du ekainetik abendura bitarteko hilabete bakoitzeko lehen zapatuetan egingo dituen Azoka Berezien egutegia. Hala, tokiko produktuak, gastronomia eta tradizioa uztartzen dituen formularekin jarraitzea erabaki dute. Ekainaren 6an hasiko da aurtengo Azoka Berezien egutegia, baina programan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, eta horretarako azken eguna da maiatzaren 15a (barikua); udalaren webgunean dagoen eskaera orria beteta egin daiteke hori.
Urdaibaiko Txakolinaren Eguna izango da Azoka Berezietan lehenengoa: Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako txakolina dastatzeko aukera egongo da ekainaren 6an. Hortik aurrera, produktu batek edo bik hartuko dute hurrengo hitzorduen protagonismoa. Eta ez dira bakarrik egongo, artisautza postuak eta familia jarduerek ere betetzen baitute Azoka Berezien programa Merkatu plaza.
Uztailaren 4an gauzatuko da Gernikako Piperraren Eguna, inguruko produktu ezagunetakoa; abuztuaren 1ean, berriz, Arabako Errioxako ardoa eta bakailaoa batuko dituzte, eta, irailaren 5ean Bizkaiko untxia eta sagardoa izango dira protagonista nagusiak, tokiko nortasuna eta eskaintza gastronomikoa uztartuko dituen azoka batean.
Ohi bezala urria izaten da udalerriko azoken egutegiko hilabeterik esanguratsuena. Hala, aurten, urriaren 3an, Sukalki Eguna ospatuko dute. Hilabete horretan, hilaren 4an eta 5ean, aldiz, Pirinioetako Behien Euskal Herriko XXXIX. Txapelketa egingo dute Santa Ana aparkalekuan, baserriko abereen, makinen eta produktuen erakusketarekin batera. Eta, hilaren 26an, Urriko Azken Astelehenean, ekimen sendoenetako batek hartuko du udalerria berriro: lehiaketak, dastaketak eta Eusko Labeldun produktuen presentzia uztartuko dituzte azoka nagusian.
Urtearen azken zatiak ordura arteko egitura berari eutsiko dio: azaroaren 7an, Gernikako Indabaren Eguna ospatuko da; eta abenduaren 5ean, Barraskiloen Eguna izango da. Bestalde, Karakolen Euskal Herriko XLIX Txapelketa hartuko du udalerriak abenduaren 20an, dastatzea, lehiaketa gastronomikoa eta merkataritza-jarduera uztartuz.