30. Natxituko Txirrindulari Lasterketak ziklistak muturrera eroango ditu
Domekan [apirilak 26], 30. Natxituko Txirrindulari Lasterketa lehiatuko dute, ibilbide gogor eta teknikoarekin. Euskaldun Torneorako proba puntuagarria izango da. Gaur-gaurkoz, ia 110 lagun izena emanda daude.
Domeka honetan [apirilak 26], 10:00etan hasita, Busturialdeko errepideek Euskal Herriko afizionatu mailako txirrindularirik puntakoenak hartuko ditu, 30. Natxituko Txirrindulari Lasterketa tarteko. 200 lagun inguruko tropela errepideratzea aurreikusita dago, eta, gaur-gaurkoz, 107 dira aurretiaz izena emandakoak. Euskaldun Torneorako proba puntuagarria izango da Natxitukoa, eskualdeak hartuko duen bigarrena, Ereñoko Udala Sari Nagusiaren ondoren.
Ziklistek koskaz eta bihurgunez jositako ibilbide gogor eta teknikoa topatuko dute. 119 kilometroko azterketari aurre egin beharko diote, eta grailea 13:45 inguruan helmugaratzea dago aurreikusita. Natxitutik irtenda, Gautegiz Arteagara eta Laida zein Laga hondartzetara joko dute lehenik, helmuga lerrotik berriro pasatu orduko. Ondoren, Eara eta Ispasterrera abiatuko dira, Ibarrangelutik eta Arboliztik Natxitura bueltatzeko; azken barruti horri hirutan bira eman beharko diote.
Azken itzulia, erabakigarriena, Bedaronakoa izango da. Eara jo ondoren, Bedarona igo beharko dute parte hartzaileek, eta, berriro Eara itzulita, helmugaraino eroango dituen azken mendateari, Angelutxukoari, helduko diote. Hain zuzen, hala Bedaronak, nola Angelutxuk egin ohi dituzte irabazlea erabakitzeko epaile lanak. Izan ere, errepideak goranzkoari ekiten dion Eako herrigunetik Natxituko helmuga lerrora kilometro bi eta erdiko tartea baino ez da egongo.
Zumaian abiatu zuten, otsailaren amaieran, Euskadun Torneoa. Orduz geroztik, bederatzi lasterketa lehiatu dituzte. Natxituko probako irteeran, Smartlog Nest etxeko Diego Ruiz de Arkaute iritsiko da txapelketaren lider elastikoarekin, orain arte 46 puntuko uzta bilduta. Sailkapenean oso hurre dauka, 44 punturekin, BBK Euskadi taldeko Asier Castilla, eta behin-behineko hirugarren postua Eulen Amenabar taldeko Vetle Torin Eskedalena da, 37rekin.