Mundakako AT, Espainiako txapeldun
Mundakako Arraun Taldearen emakumezko kadeteen taldeak aulki finkoko Espainiako Batel Txapelketa irabazi du, Legution. Elantxobek, bestalde, hartu duen Bizkaiko Trainerilla Ligaren lehen bi jardunaldiak hartu ditu.
Argazkia: Mundakako Arraun Taldea. Arraunzaleentzako, batel sasoiaren amaiera eta trainerillenaren hasiera izan da asteburu honetan bizitakoa. Legutioko (Araba) Urrunaga urtegiak Espainiako Batel Txapelketa hartu du, eta Elantxobe, ostera, Bizkaiko Batel Ligaren lehendabiziko jardunaldiko lehen bi estropaden topagune izan da. Arabar uretan, Orio eta Pasai Donibane izan dira nagusi absolutu mailan, baina arraunlaririk gazteenen lehietan hala Busturialdeko, nola Lea-Artibaiko arraun klubek maila itzela eman zuten. Hain zuzen, bai Bizkaiko, bai Euskadiko Batel Txapelketak poltsikoratuta, Espainiako lehian ere garaile izan ziren Mundakako Arraun Klubeko emakumezko kadeteak. Gazte zein kimu mailetan, berriz, Ondarroa Arraun Elkartea maisuki nagusitu zen emakumezkoen estropadetan; ondarrutarrek, gainera, txapelketako talderik onenaren sari berezia ere jaso zuten.
Kadete mailan, Mundakako ATko emakumezkoek ez zuten aurkaririk topatu uretan: Cabo da Cruz boteretsuarekiko ia hiru segundoko aldea urratuta (07.16,85), bandera etxera eroan zuten. Gazte mailan, erakustaldi handia eman zuen Ondarroa AEk, Espainiako Txapelketa estreinakoz patrikaratzeko: gazte mailako emakumeek 09.55,98an biribildu zituzten lanak. Gizonezko gazteak ere ez ziren atzean laga, zilarreko domina lortu baitzuten, 09.05,84ko erregistroa eginda. Emakumezko kimu mailan, 02.24,96ko markarekin nagusitu ziren ondarrutarrak; kategoria horretan, bestalde, Isuntza Arraun Elkartea podiumetik segundo bat baino gutxiagora geratu zen; beren denbora 02.33,11koa izan zen. Emakumezkoen hau mailan, baina, garaipenak ez zien ihes egin lekeitiarrei: 04.48,10eko denborarekin gailendu ziren; bigarren postua Mutriku Arraun Taldearentzat izan zen, 04.52,61ekoarekin.
Trainerillen lehiako lehena.
Asteburuan, bestalde, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko klubek Bizkaiko Trainerilla Ligako lehen bi jardunaldiak lehiatu zituzten, Elantxoben, zapatuan eta domekan. Hurrengo bi asteburuetan, hurrenez hurren, Lekeitiok eta Ondarroak hartuko dituzte lehiaketaren jardunaldiak. Bermeo Arraun Elkartea nagusi izan zen gizonezkoen absolutu mailan: zapatuan, Bermeo A-k 14.38,03ko denborarekin lortu zuen garaipena, Isuntza B-ren (14.57,89) eta Bermeo B-ren (15.10,67)ren aurretik. Isuntza A eta C, Mundaka eta etxeko talde Elantxobe sailkapenean urrunago geratu ziren. Emakumezko absolutuen lehian, Ondarroak 17.34,38koarekin irabazi zuen lehen estropada; Isuntzak osatu zuen lehia hartako sailkapena.
Emakumezko gazte mailan, lekeitiarrek, azken postua barik, garaipen estua lortu zuten; Isuntzak segundo biko arrakala (18.17,31) urratu zien elantxobetarrei (18.19,20). Etxekoek, gainera, gizonezkoen estropadan hirugarren postua lortu zuten, 16.23,55eko erregistroa sinatuta. Zierbena nagusitu zen lehia hartan; Isuntza eta Mundaka ohorezko postuetatik urrun aritu ziren. Kadete mailan, Isuntza nahieran gailendu zen (07.46,08) gizonezkoen artean, baina laugarren postuagaz (09.07,17) konformatu behar izan zen emakumezkoen estropadan; proba hura Itsasoko Amak irabazi zuen, Ondarroaren (08.37,57) aurretik.
Domekako bigarren jardunaldian, bermeotarrek erabateko dominantzia uretaratu zuten gizonezkoen absolutu mailan: lehen hiru postuak eskuratu zituzten, hurrenez hurren, Bermeo A, B eta C taldeek; garaileek 14.54,18an gelditu zuten erlojua. Jarraian sailkatu ziren Isuntza, Mundaka eta Elantxobe. Emakumezkoen artean, Ondarroak ere nagusitasun osoz (18.12,99) irabazi zuen estropada, Isuntzari ia minutuko aldea (19.03,50) aterata. Lekeitiarrek, hori bai, emakumezko gazteen estropada irabazi zuten (19.33,08). Gizonezkoen artean, aurreratuena Mundaka (16.31,639 izan zen; estropada hura Deustuk irabazi zuen. Kadete mailan ere, klub lea-artibaitarrak sendo asko azaldu ziren: Isuntzak emakumezkoen estropada ozta-ozta irabazi zion (08.43,33), Ondarroari (08.4466), eta Elantxobe laugarrena izan zen (08.59,63). Lekeitiarrek, gainera, hirugarren postua ere lortu zuten gizonezkoen artean (08.03,43).