Kubarako oinarrizko materiala biltzen ari dira
Kubak bizi duen "egoera larriari erantzuteko" asmoz, oinarrizko materiala biltzen hasi dira eta arituko dira egunotan, Busturialdean. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean deituta, Gernika-Lumon eta Bermeon jarri dituzte hitzorduak.
Kubak bizi duen egoera ekonomiko eta sozial “larriari” erantzuteko asmoz, oinarrizko produktuak bilduko dituzte egunotan Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean deituta. Izan ere, Karibeko herrialdearen egoera “oso larria” dela adierazi dute bilketaren sustatzaileek, eta egoera hori Ameriketako Estatu Batuek Kubaren aurka izan duten politika “isolazionismo eta kriminalaren ondorioa” dela salatu dute: “Azken urteetan biziagotu egin du blokeoa Donal Trump presidenteak, eta interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere egin du. Hau da Trump presidente faxistaren genozidio saiakera”. Hori dela eta, aste honetan materiala biltzeko zenbait hitzordu zehaztu dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon.
Gernika-Lumon dagoeneko hasi dira bilketekin. Gaur (apirilak 20), etzi (apirilak 22) eta eguenean (apirilak 23) Katu tabernan ariko dira materiala biltzen, eta zapaturako (apirilak 25) ere hainbat gune eta ordu zehaztu dituzte: Txaportako Eroskin 09:30etik 12:30era arteko ordutegian ariko dira bilketan; Merkurion, 12:30etik 14:00etara egongo dira; eta, San Kristobal plazan zein Astran, aldiz, 09:30etik 14:00etara arteko ordutegian ibiliko dira.
Bestalde, Bermeon barikurako (apirilak 24) hitzordua jarri dute: 17:00etatik 22:00etara, Kabidxen.
Gune horiez gain, Gernikako institutuan, Seber Altuben eta Bermeoko institutuan ere bilketa aurrera eroango dutela jakinarazi dute.
Oinarrizko produktuak direla bilduko dituztenak nabarmendu dute, itzalaldiak eta erregaiaren eskasia “ohiko errealitate” bilakatu baitira Kuban, eguneroko bizitzaren alde guztiak kaltetzen ari diren bitartean. “Arlo kaltetuenen artean daude garraioa zein elikagaiak eta ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza”, azaldu dute. Antolatzaileek azpimarratu dute, gainera, Kubak urte luzez nazioarteko elkartasun eredugarria erakutsi duela, besteak beste, medikuak munduko hainbat lekutara bidaliz, baina gaur egun bera dela laguntza behar duen herrialdea: “Medikuak bidali ditu munduko hainbat txokotara edota pandemia garaian txertoak bidali zituen hainbat herrialdetara. Elkartasuna ulertzeko forma aurrerakoiago bat erakutsi dio Kubak munduari, etika sozialistaren lekuko”.
Ondorioz, bilduko dituzten produktuak “egoera larriari aurre geiteko” izango direla adierazi dute. Bestea beste, honako produktuak dira jasoko dituztenak: osasun materiala (botikak, ekipamendu medikoa eta baliabide kirurgikoak, preserbatiboak); elikadura osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz-azidoak eta probiotikoak) eta iraunkorrak (2027ko urtarriletik aurrera iraungiko diren latako jakiak, pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak); higiene produktuak (konpresak, toailatxoak haurrentzako, pixoihalak); kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta kirolerako arropa nahiz oinetakoak); eskola materiala (arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…); eta garbiketa produktuak (erratzak, oihalak, eskutrapuak, biberoiak garbitzekoak). Antolatzaileek zehaztu dute materiala egoera onean egon behar dela eta iraungitze datak kontuan hartzea garrantzitsua dela.
Materiala emateaz gainera, plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpena egiteko aukera ere izango dela zehaztu du EHKSk. Horretarako, Euskadi-Kubak kontu korronte zenbaki bat jarri du eskuragarri, baina bilketa postuetan ere ekarpena diruz egiteko aukera egongo dela jakinarazi dute.
Ekimenak, materiala biltzeaz gain, nazioarteko elkartasunaren balioa azpimarratu nahi du. Antolatzaileen ustez, gaur egungo testuinguru globalean —gatazkek eta desorekek markatutakoan—, beharrezkoa da elkartasunez jardutea eta herrien arteko laguntza sustatzea.