Hasi dira Mestikabasoko kirol eremua estaltzeko eta handitzeko obrak
Gernika-Lumoko Udalak tamaina handiko estalkia eta kalisteniako parke bat egingo ditu Mestikabasoko kirol pistetan, udalerriko kirol-eskaintza indartzeko.
Mestikabaso inguruko udal kirol azpiegitura hobetzeko asmoz, inguru horretako kirol pistak estaliko ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta dagoeneko hasi dituzte hobekuntza lanak. Gainera, kalistenia parke berria ere egingo dute bertan. Jarduketaren aurrekontua 1.032.562,24 eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea, aldiz, sei hilabete ingurukoa.
Esku hartzearen helburua da pistaren erabilera jarraitua bermatzea urte osoan, batez ere euri asko egiten duen eremu horretan. Hala, jarduera horren bidez, kirola egiteko baldintzak “hobetu”, erabilera ordutegiak zabaldu eta zoladuraren eta instalazioen egoera zaindu gura ditu udalak. Izan ere, Jose Mari Gorroño udalerriko alkateak jarduera horien garrantzia azpimarratu du: “Udalerriko kirol instalazioak hobetzearen eta herritarren benetako beharretara egokitzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Esku hartze honi esker, pista hori urte osoan erabili ahal izango da, eta eskaintza handitu ahal izango da, aire zabaleko kirola egiteko espazio bat eskaintzen baitugu”.
Gogoratu duenez, estalkiak kirol pista osoa hartuko du: 1.290 metro karratuko azalera izango du eta 8,5 metroko altuera. Diotenez, Kirol Kontseilu Gorenak horrelako instalazioetarako ezarritako irizpideak jarraituz egingo dituzte obrak. Instalazioak altzairuzko zutabeak izango ditu, eta egur laminatuzko habeak aurrez fabrikatutako panelez egindako estalki arinarekin uztartuko ditu, herriko ingurunean “errespetuz” integratzeko eta ingurumen inpaktua gutxitzeko helburuz.
Estalkiaz gain, inguru horretan kalistenia parkea egingo dute, pistaren mendebaldeko aldean. 150 metro karratu inguruko espazioa izango da, ariketa fisikoa egiteko erabiliko dena, gorputzaren pisua erabiliz egiten den kirola baita kalistenia.
Proiektuak, gainera, ekipamendu hori Lapurdi kalearekin lotuko duten eskailera batzuk egitea barne hartzen du, dagoen desnibela konponduz eta multzoaren irisgarritasuna hobetuz.