Busturialdearen etorkizun ekosozialean jarriko dute arreta 36. Kultura eta Bakearen Jardunaldiek
Etorkizun ekosoziala aztertu eta Ramon Zallo gizarte ekintzaileak eskualdeari egindako ekarpenak aztergai izango dituzte eguenean (apirilak 23) Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egingo dituzten 36. Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldiek.
Eskualdearen etorkizun ekosoziala oinarri hartuta, eta bide horretan aurrera pausoak emateko helburuz, etorkizun ekosozial baterantz joateko egin beharreko aldaketak eta kontutan hartu beharreko estrategiak landuko dituzte aurtengo Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan. Hain zuzen ere, Etorkizun ekosoziala. Aldaketarako estrategiak dute izenburu jardunaldiek, eta gai hori eskualdera hurbiltzea bilatuko dute, Urdaibaiko eta eskualdeko etorkizun ekosozialean jarriko baitute arreta. Izan ere, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren testuinguruan, Gernika Gogoratuzek bakeari eta kulturari buruzko edukiak gizarteratzeko apustua egiten duen 36. aldia izango da aurtengoa.
Oraingoan ere, elkarrizketa gune bat ireki gura dute, Gernika Gogoratuz Urdaibaiko eskualdean bultzatzen ari den ikerketa ekintza parte hartzaileen prozesuen inguruan hausnartuko baitute bertaratzen direnek eguenean (apirilak 23), bi tartetan. Aurtengo egitarauak arratsaldeko ordutegia izango du, 18:00etatik 20:00etara bitartekoa; Elai Alai aretoan izango da jardunaldia, doan, lekuak bete arte.
Busturialdea-Urdaibaigintzan izeneko saioagaz hasiko dute jardunaldia, eta bertan, lurralde dinamikak eta eskualdeko aldaketa estrategiak aztertuko dituztela aurreratu dute Gernika Gogoratuzetik. Hain zuzen ere, taldeko kide eta EHUko irakasle den Jokin Alberdik parte hartuko du bertan, baita Ugaitz Gaztelu EHUko irakasle eta View Arkitekturako sortzaileetako batek ere. Eurekaz batera Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea ere igoko da oholtzara, eskualdearen etorkizun ekosozialean begirada jartzeko, eta horretarako aldaketa estrategia desberdinak aztertzeko.
Bigarren saioan martxoaren 30ean zendu zen Ramon Zallo gizarte ekintzaileak eskualdeari egindako ekarpenak aztertuko dituzte Alfonso Dubois eta Maria Oianguren Gernika Gogoratuzeko kideek Pedro Ibarra Betiko Fundazioko kideagaz batera. Izan ere, zabala da Zallok eskualdeari egin dion ekarpena eta eskualde mailan izan duen proiekzioa. Hala, saioan Zallori omenaldia egitea bilatuko dute, harek utzitako ondarea balioan jarriz.
EGITARAUA.
17:45-18:00. Ongietorria, Elai Alai Aretoan.
18:00- 19:00. Busturialdea Urdaibaigintzan solasaldia, Jokin Alberdiren (EHU eta Gernika Gogoratuz), Ugaitz Gazteluren (EHU eta View arkitektura) eta Eider Gotxiren (Guggenheim Urdaibai Stop Plataforma) eskutik, Elai Alai Aretoan.
19:00–20:00. Ramon Zallok eskualdeari egindako ekarpenei buruzko lan saioa, Alfonso Duboisen (Gernika Gogoratuz), Pedro Ibarraren (Betiko Fundazioa) eta Maria Oiangurenen (Gernika Gogoratuz) eskutik, Elai Alai Aretoan.