Turismo bulegoaren kudeaketa-ereduaren finkapena berretsi du Q ziurtagiriak
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Turismo-kalitatearen Q ziurtagiriaren jarraipen auditoretzaren emaitza hobetu du, eta bere posizioa sendotu du: 8,76tik 9,36ra pasatu da. Denboran zehar mantendutako kudeaketa-ereduaren finkapena berretsi duela azterketak diote turismo bulegoko arduradunek.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Turismo-kalitatearen Q deritzon bikaintasun-agiriaren lehen jarraipen-auditoretza gainditu du, ebaluaketan hobekuntza nabarmena lortuz: aurreko auditoretako 8,76tik 9,36ra pasatu da. Emaitzak ez duela norabide-aldaketa ekarri diote turismo bulegoko arduradunek, baina joera “berretsi” duela gehitu dute: denboran zehar mantendutako kudeaketa-ereduaren finkapena.
Hiru orduz garatu den auditoretzak 2005etik aurrera ezarritako sistema baten funtzionamendua baieztatzeko balio izan du, baita zerbitzuaren eguneroko operatiboa kalitate sistema “guztiz integratuta” dagoela erakusteko ere. Izan ere, txostenak sistema honen garapen-maila altuaren eta datuen analisian eta helburuen definizioan oinarritutako etengabeko berrikuste-dinamika sortzeko gaitasuna azpimarratu ditu.
Hoberen baloratutako alderdien artean, barne-antolaketa dago. Prozedurak definituta, eguneratuta eta jarduera ordenatzen duen eta zerbitzuak eskariaren arabera egokitzeko aukera ematen duen plan estrategiko batekin lerrokatuta agertzen direla baieztatu du txostenak. “Ez da egitura soilik, jarraipena ere bada: adierazleen jarraipena eta emaitzen ebaluazioa ohiko funtzionamenduaren parte dira”, adierazten du.
Etengabeko hobekuntza.
Turismo bulegoaren balorazioa indartzen duten elementuetako bat bisitariari arreta eskaintzea da. Auditoretzak nabarmendu du zerbitzua “profesionala eta eleaniztuna” dela, eta “informazio zehatza eta irisgarria” eskaintzera bideratuta dagoela. Horri gehitu behar zaio, txostenaren arabera, turismo bulegoak kontsultei —presentziazkoak eta digitalak— arin batean erantzun eta informazio-eskaintza eguneratua mantentzeko aukera ematen duten kanalen kudeaketa duelak.
Eta, balorazio lanak turismo bulegoaren baliabideen kudeaketari ere jarri dio arreta. “Instalazioak, segurtasun-sistemak eta mantentze-lan orokorra finkatutako estandarrei erantzuten diete, eta giza taldea kalitate-helburuekin lerrokatutako elementu egonkor eta prestatua da”, dio txostenak. Beraz, bulegoko langileen lana ere aitortzen du. Aldi berean, analisi-tresnen erabilerak bisitaria hobeto profilatzeko eta sustapen-ekintzak bideratzeko aukera ematen duela ere gehitu dute.
Urteetako lanketaren emaitza da Q ziurtagiriaren lehen jarraipen auditoretzaren emaitza. Eta, diotenez, zerbitzuak lortutako beste aitorpen batzuei gehitu dakieke hori, hala nola Eusko Jaurlaritzak emandako kudeaketa aurreratuaren brontzezko A aintzatespenari edo Queer Destinations agiriari. Izan ere, horiek guztiek kalitatearen, inklusioan eta iraunkortasunean oinarritutako lan-lerroa babesten dutela azpimarratu dute.
“Gertaera isolatu bat baino gehiago, auditoretzak ibilbide jarraitua indartu du”, esan dute. Gainera, gehitu dute bisitariaren esperientzia informazioan eta egokitzeko gaitasunean hainbeste oinarritzen den gaur egungo turismo-arloan, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak “bat-bateko aldaketei aurre egiteko koherentzia lehenesten” duen eta “hobekuntza inkrementalean bere argudio nagusia aurkitzen duen” eredua mantentzen duela.