'J.M. Brutal' sorkuntza "kolektibo eta inklusiboak" hartuko du Merkurio ingurua
Kale antzerkiko obra da 'J.M, Brutal', eta espazio ez konbentzionaletan eskaintzen dutenez, Merkurio ingurua beteko du kale antzerkiak zapatuan (apirilak 18), 13:00etatik aurrera.
J.M. Brutal familientzako kale antzerkiak Gernika-Lumoko Merkurio ingurua irudimenez beteko du zapatuan (apirilak 18), 13:00etan; euria eginez gero, Pasealekuko arkupeetan bilduko direla aurreratu dute. Ikuskizuna kale antzerkiko eta espazio ez konbentzionaletako pieza bat da, sorkuntza “kolektibo eta inklusiboa”, errugabetasunaren botereari buruz berba egiten duena. Eszenan interprete profesionalak dibertsitate funtzionala duen pertsona batekin batera ageri dira, eta sorkuntzari merezi duen balioa ematen diote.
La Pez konpainiakoek diotenez, proiektu honek “bizitza beste era batera” ulertu zuten pertsonen espiritu eta historia berpiztu nahi ditu: “Gure gizartearen eta gure imajinarioaren mosaikoa aberasten eta berrasmatzen duen modu bat irudikatu nahi dugu, inspirazioa bilatuz eta ikusleei gure izaera babesteko indarra emanez”.
Izozki furgoneta baten inguruan gorpuzten dute antzerkia, eta Bigarren Mundu Gerra 11 egunez gelditzeko gai izan zen Getariako Joxe Mari izozkigilearen arima islatzen du. “Joxe Marik egin zuen bezala, borroka egin zuten pertsonen arima eraman nahian, mundu hau, auzoa, edota plaza esperimentaziorako, jolaserako eta ospakizunerako lekua izatea nahi dugu”, adierazi dute. Izan ere, izozkigileak erabilitako arma bakarrak bere sorbeta izoztuak eta Kantauri itsasoa baino handiagoa zen “inozentzia” izan ziren.
Hori da obraren muina: inozentziaren istorio bat dela, amets egiten, jolasten, asmatzen eta behar diren gerrak gelditzen jarraitzeko modua bilatzearena: “Hortik dator istorio hau. 21 zapore ageri dira gerra bat gelditzeko. Zerura begiratu, eta obrak iraun bitartean ez duzue surik ikusiko, eta bonbarik ere ez da eroriko. Zerutik izozki bolek hegaz egingo dute, bainolazkoak, marrubizkoak, txokolatezkoak… Zapote guztietakoak, munduko gerra guztiak gelditzeko”.
