Zurrumurruen Aurkako Sareak ZAS! Eguna antolatu du lehenengoz, eta immigrazioari eta etorkinei buruzko aurreiritziak zalantzan jartzen eta estereotipoak desegiten saiatu dira. Mamadou Diaren '3052' liburua aurkeztu dute.

Immigrazioaren kontrako usteak gaitzetsi dituzte gaur Gernika-Lumon. Zurrumurruen Aurkako Sareak ZAS! Eguna antolatu du lehenengoz, eta immigrazioari eta etorkinei buruzko aurreiritziak zalantzan jartzen eta estereotipoak desegiten saiatu dira antolatzaileak. Aniztasunean oinarritutako bizikidetza izan dute oinarri, eta horren alde lan egiteko gogoa eta asmoa plazaratu dituzte.
Adin guztietako herritarrentzako tailerrek bete dute Merkatu plaza, eta umeentzako ipuin kontaketak zein gune informatiboak prestatu dituzte. Horrez gain, Mamadou Diaren 3052 liburua aurkeztu dute; bere migrazio prozesuaren –Senegaletik Espainiarako bidea egin zuen– gorabeherak kontatu ditu egileak.
Gizarte eragile eta erakundeek osatutako sarea da ZAS!, gizartea sentsibilizatzeko estrategia bat garatzen ari dena, “xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza hobetzeko eta kultur aniztasunaren indarra baliatzeko”. Helburu “txiki bat” dutela adierazi dute, baina handia, zaila eta luzea da erronka: immigrazioaren eta etorkinen aurkako zurrumurruak gutxitzea. “Ezingo ditugu aldatu gutziz, jendearen usteak aldatzea oso zaila delako, baina gure asmoa da, zirimiri baten modura, astiro-astiro, lurra beti heze edukitzea eta zurrumurruak gutxituz joatea”, adierazi dute elkarteko ordezkariek.
2010ean sortu zen erakundea Bartzelonan, immigrazioaren aurka esaten ziren zurrumurruak indargabetzeko asmoz, eta, ordutik, lanean jarraitzen dute; izan ere, diotenez, immigrazioaren aurka egiteko “argudio berak” erabiltzen dira hemen, Kalifornian, Australian edo Japonen. “Beti dira argudio berak, eta oso zaila da horiek indargabetzea”, gehitu dute.
Salatu dute etorkinei egiazkoak ez diren eta diskriminatzeko balio duten “atributu eta ezaugarriak” egozten dizkiela: “Argudio horiek hain daude gure kontzientzietan sartuta, hitz egiten hasten garen momentuan, ohartu barik, mundua ‘gure eta zuen artean’ bereizten dugula. ZASek horren kontrako lan handia egin du erakundeekin, elkarteekin edota norbanako zein udalekin”. Lankidetza horren adibidea da aldundiarekin batera garatzen ari diren estrategia bateratua.
“Zurrumurruen aurka egin behar dugu apurka-apurka. Jendeak gauzak esan aurretik pentsatu egin behar ditu. Garrantzitsua da jendeak zalantzak izatea, eta esango duen horri buruz hausnartzea”, onartu dute ZAS elkarteko kideek.
Nacho Rodriguez aldundiko ordezkariak berretsi egin du “epe luzerako” estrategia dela immigrazioaren kontrako zurrumurruak gutxitzearena, baina “mezu zuzena eta pertsonala” helarazi du; izan ere, uste du norbanakoen zein instituzioen “esfortzuarekin” lortuko dela asmo nagusia. Dioenez, aurreiritziak eta estereotipoak desmuntatzeko lana “ahalegin pertsonal eta kolektiboa” da: “Gure usteen kontra borrokatu behar dugu, eta aurreiritziak desmuntatu behar ditugu bizikidetza osasuntsua lortzeko. Guztiok inplikatzen gaituen esfortzua da, oso zaila. Baina pedagogia hori egin egin behar dugu. Ez da erraza usteak deseraiki eta berreraikitzea estereotipo horiek desegiteko, baina funtsezkoa da”.
Bizikidetzak aberastasun “ikaragarria” ematen dio gizarteari, baina aniztasunaren kudeaketa “ez dela erraza” dio aldundiko ordezkariak. Hala, instituzioen betebeharra ere “garrantzitsua” dela aipatu du, eta lanean jarraituko dutela.