Aldarrikapenetik eskakizunera… Gernika koadroak Gernika-Lumon behar duela herri oso baten ustea da dagoeneko. Ustea bezainbeste, nahia be bada. 30 urte beteko dira zapatuan Pablo Picasso artistaren Gernika koadroa Madrila eroan zutela. 1981. urtea zen, eta New Yorketik heldu zen Barajasko aireportura, 07:45ean, Iberia konpainiaren Lope de Vega Boeing 747 Jumbo batean. Garai hartan koadroa nora eroan ezbaian zegoen oraindik. Bertoko ordezkariak negoziazioetan ziren Madrilgo agintariekin, Gernika Gernika-Lumora ekartzeko aukera azter zezaten. Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko zenbait kide Espainiako hiriburura be joanak ziren trasladoaren aurretik, koadroa Espainiara eroateko gestioak egitearen arduraduna zen Jose Mario Armerorekin berba egiteko. Armero bera be koadroa Gernika-Lumora ekartzeagaz ados agertu omen zen, Gernika Gernikara. Herri baten aldarrikapena liburuak jasotzen duenez. Isilpetik atera 1981. urteko irailaren 10 hartan, baina, Madrila heldu zen koadroa, eta han geratu zen, Prado Museoaren baitako Cason del Buen Retiron. Ordura arte New York-eko (AEB) Museum Of Modern Art-en (MOMA) izan zen, Pablo Picassok berak hala nahi zuelako, Espainian egoera demokratikoa ezarri arte bederen. Prentsaren bitartez jakin zuten Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko kideek Picassoren obra Madrila eroango zutela. Eta koadroa Cason del Buen Retirora eroan zuten urte hartan Gernika-Lumon oihartzun handia hartu zuen Gernika Gernikara aldarrikapenak. Pablo Picasso jaio zeneko mendeurrena zen, gainera. [...]
Ezelako erreferentziarik ezagutu ez arren, «aspaldi» egiten omen zen Bermeon goitibehera jaitsiera. Urteak igaro dira ordutik, baina aurtengo jaietan tramankulu horiek barriro be Bermeoko errepideetan ikusteko aukera izango da, Almikako I. Goitibehera jaitsiera antolatu baitu jai batzordeak, Inertzia Kirolen Elkarteagaz batera. Irailaren 11n izango den lasterketa hori izango da, hain zuzen, aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek dakartzaten nobedadeetako bat. Beste herri batzuetako jaitsieretara batuz, beraz, Bermeo be Busturialdean dagoen zaletasunaren erakusgarri izango da aurten. 11:00etan hasiko da Sukalki Eguneko goitibehera jaitsiera eta, Iñigo Serna Inertzia Kirolen Elkarteko kideak azaldu duenez, lau izango dira kategoriak: Pneumatikoak, errodamenduzko kolektiboak, errodamenduzko banakakoak eta arinak. Goitibeherei dagokienez, araudi bat egon badagoen arren, antolatzaileek ez dute baldintza berezirik eskatuko eta, beraz, «etxean egindakoak be izan daitezke» ibilgailuak. Hori bai, jaitsieran parte hartzeko ezinbestekoa da aseguru espezifiko baliagarria izatea. Halanda be, Udalak eguneko asegurua kontratatuko du, 16 urtetik gorakoek baino ezingo dutena eskatu. Bestalde, Euskal Ligarako eta Federazioen Koparako baliagarria izango da Almikako jaitsiera eta, Sernak dioenez, asteburuan Bedaroan bezala, Kataluniatik etorritako goitibeherak be izango dira Bermeon. Kategoriako bina sari izango dira. Esaterako, pneumatikoetako eta errodamenduzko kolektiboetako azkarrenek 100 euro irabaziko dituzte, eta 60 euro bigarrenek. Errodamenduzko banakakoetan eta arinetan, bestalde, 50 euro eta [...]
Kirola ez da albo batera geratuko Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, asko baitira aurtengorako egitarauan aurki daitezkeen kirol jarduerak, tartean umeei eta gazteei zuzendutako akuatloia. Irailaren 10ean izango da Aritzatxu Triatloi taldea...
Lau urteko atsedenaldiaren ondoren, Bermeoko Udalera bueltatu da Aingeru Astui. Kultura zinegotzi den heinean, jaien ardura dauka bermeotarrak. Lehen be Kultura zinegotzi izandakoa zara. Beraz, badaukazu esperientzia jaien antolakuntzan. Bai. Dena den, kontuan izan behar da jai batzordeak antolatzen dituela jaiak. Edonor joan daiteke jai batzordera, irekia baita. Urtean lau-bost aldiz batzartzen dira, andramariak ez ezik beste jai guztiak antolatzen baitituzte. Aurten ba al dago nobedaderik? Kirol arloko jardueraren bat gehitu dugu egitaraura. Batetik, goitibehera jaitsiera egongo da, Almikatik behera. Sukalki egunean izango da. Beste egun batean jartzeko ahaleginak egin genituen, baina ezinezkoa izan da. Bestetik, akuatloia izango da, umeei zuzenduta. Zehazki, 8 urtetik 14ra artekoek parte hartu ahal izango dute eta portuan izango da. Aurten txosnak Kofradia zaharraren aurrean beharrean Lamerako moilan egongo direla da beste barritasun bat. Txosna jartzeko asmoa izan duten talde guztiak bertara eroateko ahalegina egin dugu. Orain arte han kokatzen ziren postuak barraken gunean egongo dira, portuan. Zein izan da txosnak hor jartzearen arrazoia? Jai esparruaren barruan jarri gura izan ditugu. Bestetik, baliabideak optimizatzeko modu bat be bada; agertokia, esaterako. Txosnak hor jartzearen ondorioz, errepidea itxi egingo da zenbait egunetan eta zenbait ordutan. Jai esparruak betikoak al dira? Bai. Lamera, portua, Erreten Lamera, Gonzalo Nardiz [...]