2011. urtean, oraindik eskean
Aldarrikapenetik eskakizunera… Gernika koadroak Gernika-Lumon behar duela herri oso baten ustea da dagoeneko. Ustea bezainbeste, nahia be bada. 30 urte beteko dira zapatuan Pablo Picasso artistaren Gernika koadroa Madrila eroan zutela. 1981. urtea zen, eta New Yorketik heldu zen Barajasko aireportura, 07:45ean, Iberia konpainiaren Lope de Vega Boeing 747 Jumbo batean. Garai hartan koadroa nora eroan ezbaian zegoen oraindik. Bertoko ordezkariak negoziazioetan ziren Madrilgo agintariekin, Gernika Gernika-Lumora ekartzeko aukera azter zezaten. Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko zenbait kide Espainiako hiriburura be joanak ziren trasladoaren aurretik, koadroa Espainiara eroateko gestioak egitearen arduraduna zen Jose Mario Armerorekin berba egiteko. Armero bera be koadroa Gernika-Lumora ekartzeagaz ados agertu omen zen, Gernika Gernikara. Herri baten aldarrikapena liburuak jasotzen duenez. Isilpetik atera 1981. urteko irailaren 10 hartan, baina, Madrila heldu zen koadroa, eta han geratu zen, Prado Museoaren baitako Cason del Buen Retiron. Ordura arte New York-eko (AEB) Museum Of Modern Art-en (MOMA) izan zen, Pablo Picassok berak hala nahi zuelako, Espainian egoera demokratikoa ezarri arte bederen. Prentsaren bitartez jakin zuten Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko kideek Picassoren obra Madrila eroango zutela. Eta koadroa Cason del Buen Retirora eroan zuten urte hartan Gernika-Lumon oihartzun handia hartu zuen Gernika Gernikara aldarrikapenak. Pablo Picasso jaio zeneko mendeurrena zen, gainera. [...]
Aldarrikapenetik eskakizunera… Gernika koadroak Gernika-Lumon behar duela herri oso baten ustea da dagoeneko. Ustea bezainbeste, nahia be bada.
30 urte beteko dira zapatuan Pablo Picasso artistaren Gernika koadroa Madrila eroan zutela. 1981. urtea zen, eta New Yorketik heldu zen Barajasko aireportura, 07:45ean, Iberia konpainiaren Lope de Vega Boeing 747 Jumbo batean. Garai hartan koadroa nora eroan ezbaian zegoen oraindik. Bertoko ordezkariak negoziazioetan ziren Madrilgo agintariekin, Gernika Gernika-Lumora ekartzeko aukera azter zezaten. Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko zenbait kide Espainiako hiriburura be joanak ziren trasladoaren aurretik, koadroa Espainiara eroateko gestioak egitearen arduraduna zen Jose Mario Armerorekin berba egiteko. Armero bera be koadroa Gernika-Lumora ekartzeagaz ados agertu omen zen, Gernika Gernikara. Herri baten aldarrikapena liburuak jasotzen duenez.
Isilpetik atera
1981. urteko irailaren 10 hartan, baina, Madrila heldu zen koadroa, eta han geratu zen, Prado Museoaren baitako Cason del Buen Retiron. Ordura arte New York-eko (AEB) Museum Of Modern Art-en (MOMA) izan zen, Pablo Picassok berak hala nahi zuelako, Espainian egoera demokratikoa ezarri arte bederen.
Prentsaren bitartez jakin zuten Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileko kideek Picassoren obra Madrila eroango zutela. Eta koadroa Cason del Buen Retirora eroan zuten urte hartan Gernika-Lumon oihartzun handia hartu zuen Gernika Gernikara aldarrikapenak. Pablo Picasso jaio zeneko mendeurrena zen, gainera. Koadroa eskatzeko une egokia zela ikusi zuen Udalak, eta aldarrikapenak balorea hartu zuen orduan. Demokrazia ezartzeko bidean aurrerapausoa izan zitekeela pentsatu zuten udal agintariek.
Mozioa be onartu zuen Gernika-Lumoko udalbatzak urte hartan. Hain zuzen, koadroa Gernikara ekartzeko eskaera egin zion Espainiako erregeari. Pisu instituzionala emon gura zioten eskaera horri, baina ez zuten erantzunik hartu. Aldarrikapen eta ekimen asko izan ziren arren, ez zuen eraginik izan koadroa herrira ekartzeko. Dena den, jendea isilpetik ateratzeko balio izan zuen.
Ezetza ezetzaren ostean
Hainbatean eta hainbatean eskatu izan dute ordutik koadroa 1937ko apirilaren 26 hartan bonbardaketa jasan zuen herrira ekartzeko, bai herritarrek zein politikariek. Eskakizun horiek bitarteko, koadroa zein egoeratan zegoen jakiteko ikerketak agindu zituen Madrilgo Reina Sofia Museoak. Museoko arduradunek jakitera emon zutenez, koadroak kalteak izango lituzke lekualdatuz gero. Eta arrazoi horri heldu izan diote azken 14 urteetan eskakizun guztiak errefusatzeko.
Museoak bakarrik ez, Espainiako Gobernuak be arrazoi hori eman izan du sarri Kongresuan edo Senatuan egin izan diren eskaerei ezetza emoteko. 2007. urtean be horri heldu zion garai hartan Kultura ministroa zen Cesar Antonio Molinak: «Orain dela hamar urte azterketa bat egin zen eta koadroaren egoera txarra dela idatziz jasota dago», esan zuen. Picassoren koadroa «izaki biziduna» dela gaineratu zuen, «eta asko sufritu du». Espainiako Senatuan Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) bozeramalea zen Francisco Maquedak, barriz, Espainiako Gobernuak euskaldunon aldarrikapen sakon bati erantzuteko borondaterik ez zuela erantzun zuen garai hartan.
Izan be, koadroa Reina Sofiatik ez ateratzeko arrazoiak politikoak direla salatu izan dute sarri alderdi politikoek.
2010. urtean, barriz, zeresana emon zuen Pradoko zuzendari Miguel Zugazak egin zuen eskaerak. Bere kolekziorako gura zuen Picassoren margolana, eta Gernika Armadaren Museoa zegoen lekura eroateko eskatu zuen. Horrek eztabaida berpiztu zuen, eta Euskal Herriko alderdi politikoek be koadroa lekualdatzeko eskatu zuten, baina Euskal Herrira. Bilboko Guggenheim Museora ekartzeko eskatu zuen EAJk. «Behin koadroa bilduta berdin dio dagoen lekutik 400 metrora mugitzea edo 400 kilometrora», esan zuen Espainiako Kongresuan EAJren bozeramale den Aitor Estebanek. Espainiako Kultura ministro Angeles Gonzalez-Sindek, baina, koadroa ez zutela Reina Sofiatik aterako esan zuen.
15.399 sinadura
Urtarrilean be koadroa Guggenheimera eroateko eskatuz mozioa aurkeztu zuen EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietan. Eskakizun horregaz, baina, ez zen ados agertu Gernika-Lumoko udalbatza. Hala, Eusko Alkartasuna alderdiaren proposamenari heldu eta margolana behin-betiko Gernika-Lumora ekartzeko tramiteak bete ditzatela eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bonbardaketaren urteurrena heltzean be indarra hartzen du Gernika Gernikara aldarrikapenak. Aurten, esaterako, Gernika sutan herri antzezlana prestatu eta antzeztu dute.
Era berean, koadroa herrira ekartzeko sinadura bilketa be abiatu zuen Gernika-Lumoko Udalak, nazioarte mailan. Horretarako, http://www.guernicagernikara.net webgunea du. Bertan, Gernika Gernikara ekartzeko behar diren izapideei hasiera emateko eskatzen die Udalak dagokien erakundeei. Horrela, eskaera horrekiko atxikimenduak bildu gura ditu.
Dagoeneko 15.399 lagunek edota taldek erakutsi dute Errepublikaren gobernuaren aginduz eta Gernika-Lumoko bonbardaketaren sarraskia erakusteko Pablo Picassok margotu zuen koadroa Gernika-Lumora ekartzeko nahia.