Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailako Elite Multzoaren play-offak lehiatuko ditu, domekan [maiatzak 18], 12:30ean, Urbietan. Club de Rugby Sant Cugat talde kataluniarra edukiko dute arerio basurdeek, partidu bakarrera eta etxeko zaleen aurrean jokatuko duten finalaurrekoan.
Bermeoko Zesta eta Pala Eskolak Arrain Azoka Jai Alai egitasmoa prestatu du domekarako [maiatzak 18], Artza udal pilotalekuan. Emakumezkoen eta harrobiaren zesta-punta bultzatzen segitzeko asmoz antolatu dute ekimena, Arrain Azokaren testuinguruan.
Iazko I. Busturialde Kopa amaitu zuten bezalaxe hasi dute aurten II. ekitaldia Koldo Betanzos muxikarrak eta Urko Lekerikabeaskoa gernika-lumotarrak: irabaziz. Ibarruriko I. Goitibehera Lasterketan nagusi izan dira, eta lehiaketaren lidergoa lortu dute.
Corkeko (Irlanda) 'Cork International Choir Festival' kantu jaialdian parte hartu du Urdaibai Kantaguneak 20. urteurrena ospatzearen baitan. "Esperientzia oso positiboa" izan delarik, bertako areto eta espazio desberdinetan euskaraz eta gaelikoz kantatzeko aukera izan dute.
'Zabor eta Bio' erakusketa ibiltariak Bermeoko Gaztelekuan du geraleku berria gaur hasi eta domekara [maiatzak 18] bitartean. Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko ikasleen mezuek osatuko dute Zero Zabor Uretanen aurtengo ekimena.
Laguntasuna, elkartasuna eta talde lana ditu ardatz Musutruk Mundaka kirol-kultur elkarteak. Lasterketak, hitzaldiak eta beste hamaika ekintza antolatzeko aurreikuspena du "herrian sortutako" elkarteak.
Plataformakideak Miren Arzalluz Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariagaz batzartu dira beraien helburua azaldu eta zuzendariak duen informazioa eta iritzia ezagutzeko asmoz.
Unai Amianok eta Oier Elorzek 22 eta 12 irabazi diete Eñaut Lizeagari eta Unax Landari Ajangizko XI. Esku Pilota Txapelketaren finala.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak azken asteetan Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrenaren baitan antolatutako ekintzen balorazioa plazaratu du.
Euskara sustatzea helburu daukan Ezetz Jakin lehiaketan 65 lagunek parte hartu dute apirilean, eta, horien artean zozketa bidezko irabazlea izan da Ainhoa Garcia. Dagoeneko martxan dago maiatzeko proba.
San Pedro jaietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago, hilaren 23ra bitartean. Antolatzaileek txapelketaren oinarriak plazaratu dituzte.
Abian da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako Udaberria Bertsotan sailkapen fasea. Atzo, Munitibarren eta Bakion lehiatu zituzten lehen saioak, eta Asier Galarza eta Imanol Uria Nagusitu ziren, hurrenez hurren.
35. edizioa izango du aurten Gernika-Lumoko Eskolarteko Dantzari Egunak. "Erritmoa memoria-ekitaldi bihurtzeko helburuz", San Kristobaleko aparkalekuan dantzatuko dute 3 eta 12 urte bitarteko 1.260 ikasleek.
Urdaibai Eskubaloi Taldea Euskadiko Zilarrezko faserako play-offak jokatu ditu. Finaleraino heldu dira, baina azken txanpan Ereintzak garaitu ditu.