Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Zarata Records, Etxarte kafetegia, Nere Sustraiak Loradenda eta Tapiceria Crespo, saridun

Herriko merkataritza eta ostalaritza "lau ikuspuntu desberdinetatik hauspotu" dituzten gernika-lumotar merkatari zein ostalariak saritu dituzte, VI. Nik Gernikan sariketan.

Gernika-Lumo da biztanle bakoitzeko merkataritza puntu gehien dituen Bizkaiko udalerria, baina merkataritzak, ostalaritzak eta komertzioak herrian duten eragina zein esangura datu hutsalak baino aldea inportanteagoa da gernika-lumotarren egunean-eguneangoan: udalerriaren bizimoldearen isla dira, haren erritmoa markatzen duten osagaietako bat, alegia, erabat ezinbestekoak dira.

ARGAZKIAK

Atzo [azaroak 26], Lizeo Antzokiak herriko merkatarien zein ostalarien eguneroko beharra aintzatestea eta herriko kontsumoa bultzatzea jomuga nagusi dituen VI. Nik Gernikan Sariak lehiaketaren sari banaketa ekitaldia hartu zuen. Hirugarren sektoreak egun bizi dituen “arrisku handien” berri eman zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, agerraldiaren hasieran. Jauzi teknologikoaz, Internetez erosketak egiteak dakarren testuinguru berriaz eta egoera berri horretara egokitzeko lanek dituzten zailtasunez mintzatu zen. Era berean, Gernikako Merkatari Elkartuak Gernika-Lumoko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak “urte osoan zehar” egin ohi duen lan “gogor eta garrantzitsua” azpimarratu gura izan zuen alkateak: “Moda desfilea eta Gabon sasoiko merkatua, izotz pista nahiz barrakak adibide gutxi batzuk baino ez dira”.

Ohi legez, 1.000 euroko lau sari banatu dituzte aurtengo aldian ere, merkataritza edo ostalaritza jardunaren barruan lau “esparru edo esfortzu” saritu asmoz: “Merkataritza ibilbideari, merkataritza berritzaileari, auzoko merkataritzari eta tokiko ostalaritzari saria”. Baina, lanaren ordainsari ekonomikoaz harago, sarituetako bakoitzak udalerriari bere eragin esparrutik “emandako onurak” saritu nahi izan dituzte. Merkataritza berritzaileak berritzeko gaitasun ekintzailea saritzen du, eta balioan jartzen du, esate baterako, Internet bidezko merkataritza garapena, fidelizazio sistemak sortzea, produktuen aukezpena zein erakusleihoak edota sustapen sistema berriak txertatzea.

Auzoko merkataritzarentzako sariak Gernika-Lumoko “herrigune erditik kanpo” dauden saltokiak omentzen ditu, “auzoetan duten erreferentzialtasunagatik”. Ostalaritzaren sariak gremio horretako profesionalek ostalaritza sektoreari egiten dieten ekarpena saritzen du. Ibilbide komertzialak udalerriaren historian “erreferente edo ikur izan diren merkatari zein familia negozio” hartzen ditu kontuan. Epaimahaia Gernika-Lumoko Udaleko Merkataritza zinegotzi Jon Lejarragak, Enfokamer (Euskadiko Merkataritzaren Behatokia) erakundeko teknikari arduradun Jorge de Franciscok eta Gernikako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteko lehendakari Noelia Sernak osatu dute. 

Sarituen unea.
Lehiaketaren oinarriak, noranzkoa eta aurtengo xehetasunak argituta, VI. ekitaldiaren saridunen txanda iritsi zen. Ekimen berritzaileari dagokion saria Raimundo Obieta eta bere negozio Zarata Recordsek jaso du aurten. Musikaren kulturari erlazionatutako denda da, baina “ohikoena ez den” esanahia duena: “Denda hutsa ez ezik, musikazaleen topagunea ere bada, tokiko sortzaileen talentua sustatzeko babeslekua”. Epaimahaiak “inoiz ikusi gabeko marken aldeko apustua eta modaren nahiz biniloen arteko merkatal proposamena” baloratu ditu, urtebete abian daraman saria banatzerakoan. 

Auzo merkataritzaren saria Nerea Solisek gidatutako Errenteria auzoko Nere Sustraiak Loradendak poltsikoratu du aurten. “Auzora irekita, komunitatera zabalik eta nortasun propioa erakutsiz” funtzionatzen duen komertzioa dela nabarmendu dute, baita “loreak saltzeaz harago” dagoen tratu profesionala aintzatetsi ere. “Hamalau urteko bideari eta izaera autodidaktari” emandako saria da Solisek jasotakoa. 

Ostalaritzaren sariak Etxarte kafetegiaren aldera jo du. 1972az geroztik, Barrenkaleko lokala “Gernika-Lumoko historiaren testigu eta parte hartzaile” izan da. Bere “elegantzia, belaunaldi arteko lekukoa eta hurbileko tratu profesionala” azpimarratu dute, baita haren pintxo eskaintza gastronomiko “zabala” ere. Esther Abadia eta Jose Luis Carvajal daude familia proiektuaren atzean, eta lehendabizikoak jaso zuen atzo saria. “Etxekoek erakutsi didate ostalaritza zer den, eta nik haien bidea jarraitu baino ez dut egin. Ez hori bakarrik: sari hau ez litzateke inondik ere posible izango, lantaldearen behar gogorra barik”, aitortu zuen Abadiak.

Laugarren saria, ibilbide komertzialari dagokiona, Tapiceria Crespok patrikaratu du. 36ko gerran bete-betean murgilduta, 1937. urtean, Bilbon sortu zuten familia negozio hori, baina 1957az gerotik Gernika-Lumora lekualdatuta dago. Artisautza ibilbidea “sasoi bakoitzera moldatzea“, negozio ibilbidea familiako laugarren belaunaldiraino “luzatzen jakin izana” eta “aldaketetara egokitzeko gaitasuna” omendu dizkiete sariagaz. Alfonso, Ainhoa eta Gorka Crespo eta Enara Basterretxea dira, gaur egun, proiektuaren gidaritzan dabiltzanak. 

Saritu, antolatzaile eta hurkoek lagunarteko mokadu aldarte atseginean biribildu zuten Nik Gernika Sariak merkataritza lehiaketa herrikoiaren VI. aldiaren sari banaketa agerraldia, Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoko kide Gorka Etxebarriaren eta Alfonso Rodriguezen musikak girotuta.