Hiru saioko antzerki tailerra eskainiko du Bermeoko Udalak
Euskara Sailaren bidez antolatu du Bermeoko Udalak Eneritz Artetxeren gidaritzapean burutuko duen hiru saioko antzerki tailerra. Izena emateko epea abenduaren 18ra bitartean egongo da zabalik.
Bermeoko Udalak antzerki ikastaroa antolatu du Gabonetako oporraldirako, Euskara Sailaren bitartez. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago tailerra, eta nabarmendu dute proposamenaren helburu nagusiak gazteek antzerkiaren mundua gertutik ezagutzea, arte eszenikoekin lehen harremana izatea eta adierazpen artistikoaren bidez esperientzia berri bat bizitzea direla.
Udal ordezkariek tailerrak izango duen giro ludiko eta sortzailea azpimarratu dute, oro har: “Antzerkia sormena lantzeko, norberaren adierazpenean sakontzeko eta besteekin elkarlanean aritzeko tresna den heinean, ikastaroak antzerkiaren inguruan esperimentatzeko, ideiak partekatzeko eta taldean aritzeko aukera emango die parte hartzaileei”.
Hala nola, hiru eguneko proposamena zabaldu du udalak: abenduaren 28, 29 eta 30ean, 11:30etik 13:30era elkartuko dira, Gizarte eta Kultura Etxeko 1.2 entsegu gelan. Saioak Eneritz Artetxe antzezlearen gidaritzapean egongo dira, eta azpimarratu dute parte-hartzea doakoa izango dela.
Gauzak horrela, ikastaroan parte hartu nahi dutenek abenduaren 18ra bitartean izango dute izena emateko epea, Euskara Sailean. Horretarako, 688 84 73 47 telefonoa eta euskara@bermeo.eus helbidea ahalbidetu dituzte.