Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Bilboko erailketa matxista salatzeko mobilizatuko da eskualdea

Gizon batek bere bikotekide ohia labankadaz hil du, Bilbon. Biktima Ertzaintzaren babespean zen, eta erasotzaileak urruntze agindua zuen. Gertakari horren aurrean, Busturialdea mobilizatu egingo da: elkarretaratze eta kontzentrazioak ditu dituzte nonahi.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna pasatu berri, Euskal Herrian beste hilketa matxista bat izan da. Bart gauean, gizon batek bere bikotekide ohia labankadaz hil zuen, Bilboko Indautxu Auzoan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 34 urte zituen emakumeak, eta ustezko hiltzaileak, berriz, 47. Gurutzetako Ospitalean hil zen emakumea. Hala nola, indarkeria matxistak aurten eraildako seigarren emakumea izan da.

Bilboko Udalak gaur goizean elkarretaratzea deitu du, besteak beste, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak nabarmendu du ustezko hiltzaileak biktimarendik urrun egoteko agindua zuela: “Ustezko hiltzaileak agindu bat zuen emakume honengandik urruti egoteko. Hala ere, etxe horretan bizi zen: bizitza lapurtu dion emakumearekin bizi zen”. 

Halaber, biktimak Ertzaintzaren aurretiazko babesa zuela gaineratu du Zupiriak, eta azaldu du hilabete guzti hauetan “etengabea” izan dela biktimaren egoeraren berri izateko familia eta genero indarkeriaz arduratzen diren ertzainen “lana eta ahalegina”.

Hala ere, hartutako neurriak ez dira nahikoa izan, segurtasun sailburuaren berbetan: “Gure erakundeetatik hartutako neurri guztiak ez dira nahikoa izan emakume honen bizitza salbatzeko. Honek adierazten digu, alde batetik, nahita-nahiezkoa dela ahalegin honetan aurrera lanean jarraitzea, eta gizartean estrukturala den arazo honi aurre egiteko hartu behar diren neurri guztiak hartzen jarraitzea. Bestetik, biktima diren emakumeen egoerak zaintzeko eta dituzten beharrizanei aurre egiteko dagoen zailtasuna ere agerian uzten du”.

Eskualdea, adi

Gertakari horren aurrean, Busturialdea ez da atzean gelditu, eta gertakaria salatzeaz gain, herri desberdinetan mobilizatzeko eta biltzeko deia egin dute. Hala nola, indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko hamaika hitzordu zehaztu dituzte. 

Bermeoko Udalak, hasteko, EUDELen adierazpenagaz bat egin, eta irmoki gaitzetsi du hilketa hau. “EUDELek egindako gaitzespen-adierazpenarekin bat egiten dugu. Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa larria da, eta ezin dugu onartu. Indarketa horrek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean du jatorria. Horregatik, erakundeok eta gizarteak erantzukizuna dugu berdintasuna bermatzeko, indarkeria prebenitzeko eta horri aurrera egiteko”, adierazi dute. Gainera, udalak elkartasun eta babes osoa adierazi die biktimaren senide eta gertukoei.

Busturialdeko Itaiak, bere batetik, “egoera larria” dela salatu du: “Ezin dugu emakumeon aurkako indarkeriaren eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu. Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako mugimendu indartsua eratzeko momentua da. Antolakuntzaren eta mobilizazioaren bitartez, matxismoaren aurkako borroka zabaldu behar dugu. Matxismoaren aurpegi gordinenaren aurrean ere kalera aterako gara”. Horren harira, elkarretaratzea deitu dute, bihar (zapatua), Gernika-Lumoko Merkurion, 19:30ean.

Gernika-Lumoko Sare Feministak, aldiz, astelehenerako (azaroak 30) deia egin du, mobilizaziorako. Merkurion elkartuko dira, 19:00etan. “Seigarren erailketa 2026an. Aski da! Nazkatuta gaude!”, adierazi dute.

Mundakako Udalak, azkenik, “indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboa” ematearen beharra azpimarratu, eta gaur bertan kontzentrazioan biltzeko gonbita luzatu die herritarrei: 18:45ean bilduko dira, Herriko Plazan.