Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

'Arestian egun': maitasunetik ondarea eraikiz

Euskararen Egunaren harira, poesia, bertsolaritza eta musika uztartuz, Arestiren bizitza, lana eta pentsamendua belaunaldi berriei hurbiltzeko proposamena hartuko du Nestor Basterretxea aretoak abenduaren 4an, 20:00etan.

Andoni Salamero, Aitor Furundarena eta Andoni Egaña obraren sortzaileak.Andoni Salamero

Elkarrekin bizi eta elkar ez ezagutzeak ez dakar ezikusia eta gorrotoa besterik. Aldiz, maitasunaren bidez, batak bestea garaitzen duenean, bata nola bestea, biok dira jaikitzen garaile. Hala dio Joxan Artze euskal idazle eta olerkariak. Elkar ezagutzea, elkar ulertzea eta maitasunetik eraikitzea dira, hain zuzen ere, Andoni Salamerok, Andoni Egañak eta Aitor Furundarenak Gabriel Arestiren ondarea gaur egunera ekartzeko sortutako Arestian egun ikuskizunaren oinarrietako batzuk. Euskararen Egunaren harira, Bermeoko Udaleko Euskara Sailak herrira ekarriko du emanaldia abenduaren 4an. Poesia, bertsolaritza eta musika uztartuz, Arestiren bizitza, lana eta pentsamendua belaunaldi berriei hurbiltzeko proposamena hartuko du Nestor Basterretxea aretoak, 20:00etan.

Gabriel Arestiren izena euskal literaturaren historian idatzita dago, baina haren ekarpena ez da behar bezala ulertu Salameroren iritziz. “Nahiz eta oso garai konfliktiboa izan, ez da behar bezala ulertu Gabriel Arestiren ekarpena. Oso ekarpen handia egin zuen, eta, batez ere, nortasun handiko olerkaria izan zen”, azaldu du. Hala ere, haren jarduna ez zen literaturara mugatu. Kultur eragile handia ere izan zen, Kriseilu argitaletxearen sortzaileetako bat, eta ondorengo belaunaldietako hainbat sortzaileren bultzatzaile. Arantza Urretabizkaia, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorika aipatu ditu Salamerok, Arestik gazte-gaztetatik beren gaitasunak garatzera eta kulturari ekarpena egitera akuilatu zituen sortzaileen artean.

Euskararen aldeko konpromisoa ere izan zuen Arestik ardatz. Euskara batua sortzeko prozesuan, grafiaren eta hizkuntzaren erabileraren inguruko eztabaidak bizi-bizi zeuden garaian, “erabileraren garrantzia” lehenetsi zuen.  Euskara darabilten guztiei batasun bat eman nahi izan zien, ikuspegi praktiko batetik. “Euskaltzale sutsua izan zen. Asko mugitu zen, eta jende askorekin egon zen, betiere helburu batekin: euskara bultzatzea, euskara erabiltzea eta euskara batzea”, azaldu du olerkariak.

Arestiren ondarea belaunaldi berriei transmititzea da Arestian egun ikuskizunaren helburu nagusietako bat. Salameroren ustez, poetak bazuen belaunaldi eta energia desberdinak elkartzeko gaitasunik, eta gaur egun ere beharrezkoa da bide horri jarraitzea. Izan ere, egindako lana aitortzeaz gain, aurreko belaunaldiek utzitako ekarpenak gaur egungo sortzaileen eta euskaltzaleen jardunarekin uztartzea “ezinbestekotzat” jotzen du. “Guztion arteko batura horiek gertatu behar dira. Jakin behar dugu hainbat euskaltzalek egin zuten lan hori gure kimu berriek nola uztar dezaketen euren pauso berrietan, euskararentzat hain mesedegarri izango litzatekeen batura hori bilatzeko”, dio.

Horretarako, bakoitzak bere gaitasunetatik abiatuta euskarari zer ekarpen egin diezaiokeen galdetzea proposatzen du ikuskizunaren sortzaileak. Aresti, bere garaian, esan beharrekoa esatera ausartu zela gogorarazi du, “ezer ezin zenean esan”, hain zuzen. “Gaur egungo gizartean ere ausardia eta konpromiso hori behar dira”, gaineratu du. Bestearekiko harremanei dagokienez, baztertu beharrean, aztertu eta ezagutzea defendatzen du, bestalde: “Nahiz eta kanpotik datorkigun pertsona bat izan, gu ezagutu behar bagaitu, gorrototik eta beldurretik nekez egingo dugu. Maitasunagatik egingo dugu, oro har, eta maitasunak erakutsiko digu izaten”.

Horren harira ekarri du elkarrizketara Joxan Artzeren aipua. Salameroren iritziz, elkar ezagutzea eta elkar ulertzea dira gorrotoari aurre egiteko bideak. Ideia hori euskararen eta euskal nortasunaren inguruko gogoetara ere eramateko kutsua ere hartu du, eta hala egiten du ikuskizunean ere.

Hiru sortzaile

Arestian egun ikuskizunaren abiapuntua Bilboko kaleetan dago. Xabier Monasteriok eta Karmelo Landak Gabriel Arestiren inguruko ibilbideak egiten dituzte, azken horrek idatzitako Bilbon dabil Gabriel Aresti liburua oinarri hartuta. Salamerok ibilbide horietako batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, eta esperientziak arrastoa utzi ziola nabarmendu du: “Txora-txora eginda bueltatu nintzen etxera ibilbidearen ostean”. Arestiren bizitzari eta lanari keinu bat egiteko gogoa aspalditik zuen, eta une hura egokia iruditu zitzaion proiektuari ekiteko.

Lehenengo, olerkien hautaketa egin zuen; ondoren, Andoni Egaña bertsolariarekin eta Aitor Furundarena musikariarekin bildu zen. Hiru sortzaileen gaitasunak uztartuta osatu zuten ikuskizuna, “Aresti omentzeko eta haren ondarea belaunaldiz belaunaldi transmititzeko” asmoz. Salameroren esanetan, hiruren arteko elkarlana “modu naturalean” sortu da, eta horrek aukera eman die ohiko poesia-errezitaldi batetik harago joateko. “Mundu berezi bat sortu dugu, bakoitzak dituen gaitasunak agerian utziz eta ikuskizunari beste ukitu bat emanez”.

Izenburuak ere badu bere esanahia. Arestian egun hitz-joko bat da, antzina edo arestian gertatutakoa gaur egunera ekartzeko asmoa adierazten duena. Salameroren ustez, Aresti ez da joan, eta ez da joango, haren ondareak bizirik jarraitzen duelako. “Aresti denongan dago, eta pixka bat ‘Arestitzen’ gara bera entzutean edo beregana nolabait hurbiltzean”, azaldu du.

Nestor Basterretxea aretoak hartuko duen emanaldia lau garaitan banatuta dago: 1936, 1955, 1975 eta 2026 eta gero. Denbora-ibilbide horretan, Arestiren bizitza eta lana kokatzeaz gain, haren lekukoa gaur egungo belaunaldien esku uzten dutela dio olerkariak: “Denok dugu hartu beharreko lekuko bat, eta lekuko hori hartzea ala pasatzen uztea bakoitzarengan dago”.

Euskara, egunero

Euskararen Eguna urtean behin ospatzen bada ere, hizkuntzaren erabilerak eta haren aldeko ekintzek egunerokoan egon behar dutela aldarrikatzen du Salamerok. “Norbera da bakoitzaren ekintzen jabe, eta ezin dugu pilota beste baten gainera bota. Gu gara eragile, eta gu gara egile”, dio. 

Abenduaren 4an Bermeon izango den emanaldira hurbiltzen direnek, beraz, ez dute poesia, bertsoa eta musika uztartzen dituen ikuskizun soil bat topatuko. Salamerok azaldu duenez, Arestiren bizitzari eta ibilbideari buruz orain arte ezagutzen ez zituzten alderdiak ezagutzeko aukera izango dute, eta norbanakoaren ekarpenak kolektiboan izan dezakeen eraginaz hausnartzeko tartea ere sortuko dute.

Gainera, Bermeoko herritarrak ez dira ikusle huts izango. Ikuskizunaren lantaldeak herri bakoitzeko euskaltzaleak, eragileak, teknikariak eta taldeak gehitzen ditu sarritan emanaldira, eta Bermeon ere herritarren parte-hartzea izango dute bidelagun, azpimarratu duenez. 

Salamerok zerbait argi badu, bermeotarrek abenduaren 4ko ikuskizunetik irtetzean sentitzea nahi dutena da: “Musika, bertsoak eta olerkiak uztartzen dituen ikuskizun bat izatetik harago doa Arestian egun. Arestian egun emozioa da. Ondarea da. Maitasuna da. Denona da. Eta hori sentiarazi nahi dugu”.