Mendeurrenaren lehen geltokia, heltzear

Elai Alai Dantzari Taldeak mende bateko bidea urratuko du 2027an. Hori omentzeko, urte osoko ospakizun egitaraua ontzen ari dira, lau bloke edo "jauzitan" banatuta. Lehen blokearen estreinua zapatu honetan [azaroak 28] iritsiko da: Elai Alai Eguna.

Elai Alai Dantzari Taldeak mende bateko bidea egingo du 2027an, eta bidegurutze hori merezi duen legez ospatzeko prest daude gernika-lumotar zein eskualdeko dantzariak. Datorren urtean, hainbat eta hainbat ekimenez jositako ospakizun egitaraua egingo dute, udalerriko eragileekin elkarlanean prestatuta. Urteurren egitarau hori, hain zuzen, lau bloke edo “jauzitan” banatuko dute, eta lehendabiziko blokearen hasiera asteburu honetan bertan ailegatuko da: zapatuan [azaroak 28], Elai Alai Eguna ospatuko dute, egun osoko jarduerekin.

Dantza taldearen “ohiko ospatze eguna” da zapatukoa, egun dantzan dabiltzanak, ingurukoak eta dantzari ohiak elkartzen dituena. 12:30ean ekingo diote egitarauari, Elai Alai plazan. Bertan, Agurra dantzatuko dute, Merkurio iturrira jaitsi eta han Aurresku mistoa egin orduko. Eguerdian, bazkaritarako tartea hartuko dute, eta, alde horretatik, aurten joandako urteetan baino “interes handiagoa” piztu du talde bazkari herrikoiak: “Gutxi gorabehera 40 lagun inguru bildu izan gara mahaiaren bueltan, baina aurtengoan 60 bat izango gara”. 

Lehen jauzia osatuko duten ekimenak ez dira egun bakarrera, zapatura, mugatuko: hala abenduan, nola urtarrilean ospakizunagaz aurrera egingo dute. Hain zuzen ere, kultur etxeak taldearen argazki zaharren erakusketa hartuko du abenduaren 3an hasita eta urtarrilaren 15era arte. Hura ikustera hurreratzen direnek taldearen historia bertatik bertara eta beren “artxiboko argazkien bidez kontatuta” ezagutu ahalko dute. Hori ez da argazkiekin erlazionatutako egitasmo bakarra izango: urte osoan zehar, herritarrek Elai Alairen argazki lehiaketan parte hartzeko deia luzatua dute. Photokagaz auzolanean, taldearen 100 urteko ibilbidea osatu duen “edozein ekintzatan ateratako argazki onenaren bila” ari dira. 

Horrez gain, abenduaren 18an zine musikatu saioa egingo dute Lizeo Antzokian, 20:00etan hasita. Bertan, Nemesio M. Sobrevillaren Elai Alai 1937ko film laburra proiektatuko dute, Joserra Senperena ibilbide luzeko piano-jotzailearen musikak girotuta. Saio horretarako sarrera 5 eurokoa izango dela iragarri dute.

Informazio gehiago, heltzear.
2027a urte biribila izango da Busturialdeko dantzaren eta kulturaren gotorleku nagusietako bat den taldearentzat: “Hainbat ekimen zarratuta eta plazaratzeko prest ditugu; hurrengo astean emango dugu haietako askoren berri. Oro har, ospakizunerako eta atzera begiratuz egungoari zein etortzeko dagoenari erreparatzeko urtea izango da. Ildo horretatik, lehen atal edo jauzi hau beroketa baino ez da izango”.

ELAI ALAI EGUNA
12:30.
Elkarretaratzea eta Agurra, Elai Alai plazan.
13:00.
Aurresku mistoa, Merkurion.
15:00.
Bazkaria, Zallo Barrin.
18:00.
Erromeria, kalerik kale.