Kirola, elkartasunerako ibilgailu modura
Matxitxako Kirol Txirrindulari Taldeak Bermeo, Ondarroa eta Gernika-Lumo lotu ditu, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen lana ezagutarazteko.
Pedalkada bakoitza elkartasunerako eta solidaritaterako urrats txiki bat izan daiteke. Hori sobera frogatu dute Matxitxako Kirol Txirrindulari Taldeko kideek iragan asteburuan, txirrinduak hartu eta ibilbide solidarioa egin baitzuten Busturialdean eta Lea-Artibain barrena, Bizkaiko Minbiziren Aurkako Elkartearen lana aditzera emateko. 40 lagun inguruko tropelak Bermeon hasi eta biribildu zuen martxa solidarioa, euri, haize, neke eta traba mekanikoei aurre eginez.
Bizkai mailan minbiziaren aurkako elkarlan borrokan diharduten elkarteak eta elkartekideak “ikusgarriago izatea” bilatu dute txirrindulariek aurten. Solidaritatea eta auzolana ikur dituzten tankerako egitasmoak “beti oso presente” eduki izan dituzte, kasurako, azken urteetan minbiziaren ikerketa bultzatzeko eginiko diru bilketak: “Guk beti egin izan ditugu kutsu solidarioko ekimenak. Minbiziaren aurkarko martxa hau antolatzen dugu, uztailean Bermeon Aldapa Xtrem lasterketa, eta hor batzen dugun dirua beti doa elkarte batera. Lehenengo urtean Busturialdeko Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari eman genion bildutakoa, eta azken urteetan Aspanovasi”.
Aurten, gainera, Matxitxako TKT-k Ager Txakartegi Txaka kirolari eta ekintzaile berriatuarrarekin lankidetza ederra eduki du: iragan barikuan Agertxo pirata izeneko dokumentala proiektatu zuten Bermeoko Kultur Etxean. “Aldapa Xtrem lasterketan egon izan da Txaka, beragaz harremana daukagu. Eutsi Gogor Danok Bateragaz ere hartu-eman estua dauka, Aspanovasegaz… Holako egitasmoak egiten direnean, guztion artean joaten bagara, indar gehiago lortzen dugu”, argitu dute elkartekideek.
08:00etan Bermeotik irtenda, Ondarroako Itsasaurre plazan eduki zuten txirrindulariek lehendabiziko geldialdia; bertan zain eduki zituzten minbiziaren aurkako herriko elkartearen partaideak. Ondarroako Minbiziaren Aurkako Elkartean zortzi-hamar lagun ari dira boluntariotzan gaur-gaurkoz. Matxitxako TKT-ko kideek modura, minbiziari aurre egiteko lanean dihardute, neke barik. Urteroko hitzorduei hutsik egin gabe.
Geldialdi haren ondoren, beren bidean aurrera egin zuten, eta bigarren zita Gernika-Lumon eduki zuten. Azkenik, San Martin Kaleko jaien testuinguruan helmugaratu ziren Bermeon, eta bertan ere minbiziaren aurkako herriko taldekideek egin zieten harrera. Ez haiek bakarrik: II. San Marton Herri Lasterketa amaitu ondoren harrapatu zuten helmuga, eta jende ugari geratu zen errepide bazterrean, ziklisten ailegaeraren zain. Hain zuzen, aipatutako lasterketa herrikoiak Eutsi Gogor Danok Batera elkartea diruz lagundu du, eta elkarte hori iraganean Matxitxako TKT-k ere babestu izan du.
Anoa postuaz eta jai aldarteaz gozatuz burutu zuten aurtengo martxa solidarioa. Azken hiru urteotan egindako lana azpimarratu zuten elkartekideek: “Minbiziaren aurkako Bizkaiko elkarteetako boluntarioen lana ahalik eta gehien hauspotzen saiatu gara azken urteetan. Bermeo eta Bilbo lotu genituen duela urte bi, eta iaz, berriz, Bilbo eta Durango. Aurten Bermeo-Ondarroa-Gernika-Lumo-Bermeo ibilbidearen aldeko apustua egin dugu, toki bakoitzeko elkarteen lana ikusarazi asmoz”.
Taldeek gizarte mailan egiten duten “onura” bistaratzea “polita eta entretenigarria” izan da ziklistentzat, gurpil bien gainean jartzea beti baita “pozerako motibo nahikoa”. Etorkizunera begira, oraindik ez dakite “zehatz-mehatz” zein proiektutan oinarrituko dituzten indarrak, baina dagoeneko zenbait zertzalada badituzte buruan bueltaka: “Zerbait desberdina izango da ziur; momentuz, 100 kilometrotik gorako ibilbidea egitea aurreikusten dugu. Horrez gain, San Martin Kaleko jaiekin bat egingo balu, aurten legez, beraiekin batera antolatuko genuke; izan bizikletaz, izan korrika, baina beti laguntzea asmo duten proiektu interesgarrien bueltan”.