Nogalesek eta Goitisolok lehengo lepotik burua
Joanes Goitisolo Otazuak eta Idoia Nogales Alberdik, iaz bezalaxe, garaipena lortu dute gaurko [azaroak 14] II. San Marton Herri Lasterketan. San Martin kaleko jaiek aurrera diratute, asteburu osoan zehar.
Behin ona dena are hobe birritan: iazko San Marton Herri Lasterketa estreinatu zuten irabazleek beren nagusitasuna berretsi dute gaurko [azaroak 14] bigarren aldian. Joanes Goitisolo Otazua eta Idoia Nogales Alberdi nahieran aritu dira denetariko osagaiak eta kilometro bi inguruko luzera eduki duen herri barrutian; garaipen sendo askoak poltsikoratu dituzte, lasterketa osatu duten lau itzulietako lehendabizikotik burua hartuta eta hari eutsita.
Duela hogei urte ingurutik galduta egon ziren San Martin kaleko jaiak iaz berreskuratu zituzten, eta lasterketa herrikoia haien egitarauaren parte izan zen. Aurten ere, antolatzaileek forma bera atondu dute, eta herritarrek —bermeotarrek, eskualde osoko txokoetatik bertaratuek zein urrunagotik hurreratutakoek— bikain erantzun dute.
Umeak izan dira irteera hartzen lehenak, 11:00etan. Ondoren, San Martin Txiki proban. Jarraian, denek batera egin dituzte San Martintxo eta San Marton probak. Bi horietako lehenengoan, gazteak izan dira protagonista. Emakumezkoen lehia Paula Aresek poltsikoratu du, Izare Renteriaren eta Iraia Ortizen aurretik. Gizonezkorik bizkorrena, berriz, Ander Iriarte izan da; Julen Diaz eta Martxel Asteinza gainditu ditu.
Proba nagusiari dagokionez, lasterketa nork irabaziko ikusteaz gain, iazko errekorrak, Goitisolok eta Nogalesek ezarritakoak, norbaitek hobetu ahalko ote zituen ikusteko zen. Azkenean, eurak izan dira joko horretan parte hartu ahal izan duten bakarrak. Parte hartu ez ezik, Nogalesek iaz baino hamar segundo gutxiagotan biribildu ditu lanak aurtengo ekitaldian: iaz 33.04ko notarekin gainditu zuen abiadura azterketa, eta gaur 32.54ko langa ezarri du. Goitisolori, berriz, hiru segundo baino ez zaizkio falta izan, bere marka harrapatzeko. Gernika-lumotarra esprint bete-betean helmugaratu da, baina 26.20an gelditu du erlojua; iaz, 26.17ko erregistroa egin zuen.

Lanak amaituta, baina, “pozarren” agertu da edukitako “sentsazioekin eta abiadurarekin”. Gernika-lumotarrak parte hartzaile guztien erdia baino gehiago harrapatu zuen, eta hark ibilbidean “zenbait pilaketa topatzea” eragin zion. Erreka inguru batetik ere pasatu dira gaurko ibilbidean, eta, alde horretatik, “kontuz ibili behar izateko pare bat gune” aurkitu ditu: “Edozein pilaketa edo txoko teknikotan egin didate ihes hiru segundo horiek”.

Nogalesek Maria Gomez Garcia-Calvo (34.54) eta Ana Isabel Ginto Sisamon (37.47) eduki ditu lagun podiumean. Gipuzkoarrak arrakala oso esanguratsua zabaldu du gainontzeko parte hartzaileekiko. Gizonezkoen kasuan, beste hainbeste: bigarren sailkatuak, Gorka Ortega Babiok, 29.23ko erregistroa ezarri du; Mikel Goitisolo Uriarte hirugarrenarekin lehia polita eduki du Ortegak. Goitisolok 29.33an gelditu du kronoa. Podiumean sartu ez diren lehendabiziko bermeotar lasterkariak ere saritu dituzte: Maria Santos Maceira (41.03) eta Asier Urionabarrenetxea Aranbarri (30.56) izan dira. Fenomenoak saskibaloi egokituko kideak izan dira partaide guztiei beren saria emateko ardura eduki dutenak.

Oroimena, laguntasuna eta herrigintza izan dira nagusi gaurkoan, kirola bera baino gehiago. Bai lasterketa, bai jai giroa aprobetxatu dute, San Marton probaren irteeran, Katalin Zulueta Zarate zendutako bermeotar gaztea omentzeko. Bere senideek ohorezko aurreskua, lore sorta eta bertaratutakoen berotasuna jaso dituzte. Parte hartzaileak eurak ere oso kontziente dira, lehiaren gainetik, inklusioa, berdintasuna eta solidaritatea direla San Marton Herri Lasterketaren balio erantsiak. Hori horrela, iazko 75 izen emateetatik 114 korrikalarira jauzi nabarmena egin dute aurten. Izen emateekin jasotako dirua Eutsi Gogor Denok Batera elkartea laguntzeko baliatuko dute.
Jaiak aurrera darrai.
Bai zapatu arratsaldez nahiz gauez, zein domekaz [azaroak 15], jaiak aurrera egingo du San Martin kalean. Gaur eguerdian bertso herri bazkaria hartu du karpaguneak, eta arratsaldez, aldiz, denetariok jolasak, Gatazka perkusio ikuskizuna eta Aimar & La Bandada taldearen kontzertua edukiko dituzte. Gaualdia Argitu erromeriak girotuko du.
Bihar, Urdaibai Eskubaloi Taldeak bere kirolari buruzkoak kalean azalduko ditu. Korrika egiteko zapatilak pedalengatik ordezkatuta, Orkatzetak umeentzako mendi bizikleta ibilbidea egingo du. Egitaraua biribiltzeko, Erroxapeko Martxa taldearen musika sesioa eta goiz osoan auzunea girotuko duten buruhandiak edukiko dituzte herritarrek.
EGITARAUA
Azaroak 14, zapatua.
17:30. Jolasak: txapel jaurtiketa, sokatira, aulkien jolasa…
18:00. Gatazka perkutsio ikuskizuna.
20:00. Aimar eta La Bandadaren kontzertua, karpan.
22:00. Argitu erromeria.
01:00. Jaikide diskofesta.
Azaroak 15, domeka.
10:00. Txosna zabaldu.
10:00. Eskubaloia kalean.
11:00. Orkatzeta taldearen eskutik, umeentzako MTB lasterketa. kalistenia gunean.
13:30. Erroxapeko Martxa taldearen eskutik, musika saioa.
15:00. Zozketa eta sari banaketa, karpan.