Zinema, bestelako "begiradaz"
Gernika-Luma kolektiboak queer zine zikloaren bigarren hitzordua egingo du bihar [azaroak 13, 19:00etan hasita, Kult Parnasoan. Paul B. Preciadoren lehen lana, ‘Orlando, mi biografía política’ izenburua duena, proiektatuko dute.
Gernika-Luma kolektiboak 2025eko udan abiatu zuen “bestelako zine eredu batzuk” bilatzeko hautua, eta hazi hartatik ernaldu zen 2026an eta 2027an egiten ari diren queer zine zikloa. Aurtengo urritik datorren urteko ekainera bitartean, hilero “kolektiboagaz edo haren baloreekin” lotura duen ikus-entzunezko bat proiektatzeko asmoa dute taldekideek. Iragan urriaren 16an Jane Schoenbrunen I saw the TV glow filmagaz ekin zioten programazioari, eta azaroko hitzorduan Paul B. Preciadoren estreinako ikus-entzunezkoagaz jarraituko dute: bihar [azaroak 13], 19:00etatik aurrera, Orlando, mi biografía política izeneko dokumentalaz gozatzeko aukera egongo da Kult Parnasoan.
Queer zine zikloak “begiradaren inguruan” jardungo duela azaldu dute Gernika-Lumatik: “Begirada erabat esanguratsua da bai bizitzan, bai zineman; zer ikusten dugun baino, zelan ikusten dugun jakin behar dugu”. Hala, begiradaren “ikuspuntu bana” jorratuko duten hiru bloketan banatuko dute bederatzi queer zuzendariren lanak barnebilduko dituen zinema zikloa: “Egitasmoaren lehendabiziko bloke honetan, begiradari zentzurik orokorrenean erreparatuko diogu; bigarrenean, begiradaren zentzurik sozialenari helduko diogu, kolektiboaren ikusmoldetik; hirugarren blokean, ostera, begiradaren alderdi artistikoa onduko dugu, alegia, queer begirada artean zelan mugitu den aztertuko dugu”.
Gernika-Lumoko nahiz inguruko LGTBIAQ+ kolektiboko kideentzako “espazio seguru eta erosoak” sortzea ere kultur eskaintzak beregain duen xedeetako bat da: “Parekoen arteko saretzea sustatzea eta, taldean bilduta, zinema eskaintza desberdin edo alternatibo bat ezagutzea da asmoa. Zelan edo halan, komertzialtasunetik apur bat ihes egiten dioten ikus-entzunekoak aukeratu ditugu, zinemagintzaren alorrean hain doitua ez denak bestelako ekoizpenak egon badaudela eta zinema ulertzeko beste modu batzuk existitzen direla ikus dezan. Programatu ditugun zuzendariek, hain zuzen, queertasuna modu zabalean jorratu dute, ez bakarrik film bakar batean edo zeharka; zinema aktibismorako lanabes egokia izan daitekeela ikusarazi gura dugu, beraz”.
Bai etortzeko dauden filmen inguruan, bai Gernika-Lumari buruz gehiago ezagutu gura dutenek, “taldearen sare sozialetan” topatu dezakete informazio gehiago: “Geure instagram kontura igoko ditugu hurrengo zitak, baita Kult Parnasoarenera ere”.