Sanmigelportaleko panelean agertutako pintadak gaitzetsi ditu udalak
Argazkia: Bermeoko Udala. Bermeoko Sanmigelportalean dagoen herriko historiari buruzko informazio-panela pintadaz bete dute. Gertakariaren aurrean, Bermeoko Udalak bere gaitzespena adierazi du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, eta panelaren atzean dagoen dokumentazio- eta ilustrazio-lana nabarmendu dute.
Udalaren berbetan, gertatutakoak “pena eta haserrea” eragin du herrian, ez soilik ondareari egindako kalteagatik, baita lan horren atzean dagoen ahaleginagatik ere: “Panelaren oinarrian Bitor Uriartek eta Asier Romerok egindako dokumentazio-lana eta Rober Garayren ilustrazioa daude. Bermeoko historia ezagutarazteko egindako ekarpena da”.
Hori horrela, herriko ondarea bermatzen duten ekarpenak zaindu eta balioan jartzeko beharra nabarmendu dute, eta “ez hondatzekoa”. “Gure historia ez da egun batetik bestera eraikitzen. Ezagutza, ikerketa, lan eta dedikazio askoren emaitza da”, adierazi dute. Horregatik, herritarrei ondarea zaintzeko deia egin diete: “Bermeoren historia eta ondarea guztiona dira, eta zaintzea guztion ardura da”.