Bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu dute Bermeo
Izendapenak, Bermeoko Udalaren berbetan, "alokairuen prezioak mugatzeko neurriak aplikatzea" ahalbidetuko du, batik bat, bermeotarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko tresna berriak eskainiz.
Astelehenean [azaroak 9] Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) jakinarazi zutenaren arabera, Bermeo bizitegi-merkatu tentsionatutako eremu izendatua izan da. Izendapenak, Bermeoko Udalaren berbetan, “alokairuen prezioak mugatzeko neurriak aplikatzea” ahalbidetuko du, batik bat, bermeotarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko “tresna berriak” eskainiz.
Bermeoko Udalak abiatutako ekimenaren emaitz gisa definitu dute udal ordezkariek izendapena. Izan ere, Bermeo bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko eskaera 2026ko otsaileko osoko bilkuran bozkatu zela gogoratu dute, eta EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin onartu zen bitartean, EAJk aurka bozkatu zuela. Ondoren, martxoan, udalak Eusko Jaurlaritzari bidali zion eskaera ofiziala, udalerriko etxebizitza-merkatuaren egoerari erantzuteko eta indarrean dagoen legediak eskaintzen dituen neurriak aplikatu ahal izateko. Eskaerarekin batera, izendapena justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak dagokion prozedura administratiboa abiatu zuen.
Hala, Nadia Nemeh Shomaly alkateak “oso positibotzat” jo du izendapena, eta esan du urrats garrantzitsu bezain beharrezkoa dela udalerriarentzat: “Aspalditik ikusten ari gara etxebizitza eskuratzea herritarren kezka nagusietako bat bihurtu dela, bereziki gazteen eta Bermeon bizi-proiektua garatu nahi duten familien artean. Izendapen honek orain arte salatzen ari garen errealitate hori aitortzen du, eta, batez ere, egoera horri aurre egiteko tresna berriak eskaintzen dizkigu”.
Nemehk argi esan du etxebizitza ezin dela pribilegio bihurtu, ezta herritarrak beren herritik alde egitera behartzen dituen oztopo ere. “Gazteek Bermeon emantzipatzeko aukera izatea nahi dugu, familiek hemen bizitzen jarraitu ahal izatea eta gure herrira etorri nahi dutenek ere etxebizitza aurkitzeko aukerak izatea”, azaldu du. Bide batez, udal gobernuaren helburua Bermeok bizitzeko herria izaten jarraitzea dela gaineratu du: “Ez dugu inork bere etorkizuna hemen eraikitzeari uko egin behar izatea etxebizitzaren prezioagatik”.
Baldintzak
Legeak ezarritako baldintzen arabera, izendapenaren neurri nagusienetako bat alokairuen prezioak mugatzea izango dela nabarmendu dute. Oro har, azken bost urteetan ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratua indarrean izan duten etxebizitzetan, “kontratu berriko errentak ezin izango du aurreko kontratuko azken errenta gainditu”, dagokion urteko eguneraketa aplikatu ondoren eta legeak jasotzen dituen salbuespenak kontuan hartuta.
Horrez gain, azaldu dute edukitzaile handien etxebizitzetan kontratu berrien errentak ezingo duela erreferentziazko prezioen indizeen sistemak ezarritako gehieneko muga gainditu. Muga hori, halaber, azken bost urteetan alokairu-kontraturik izan ez duten etxebizitzei ere aplikatuko zaiela gogoratu dute.
Bermeok jasotako izendapenak hiru urteko indarraldia izango du, eta urtero luzatzeko aukera hartzen du bere gain, legez ezarritako baldintzak betetzen badira.
Nemehk, azkenik, jakin badaki izendapen horrek ez duela etxebizitzaren arazoa konponduko, baina adierazi du politika publikoak indartzeko eta egoeran eragiteko aukera emango duela: “Orain tresna hau baliatu, lanean jarraitu eta herritarrentzat benetako emaitzak lortzea da garrantzitsuena”.