Beste herri batzuetako emakumeen etxeak bisitatuko dituzte
Bermeoko Udala Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesua garatzen ari da, herriko eragile desberdinekin elkarlanean. Horretarako, beste herri batzuetako emakumeen etxeak ezagutzeko txangoa egingo dute datorren zapatuan [azaroak 21]
Bermeoko Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesuaren baitan, beste herri batzuetako emakumeen etxeak ezagutzeko txangoa egingo dute datorren zapatuan [azaroak 21]. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, autobusez egingo duten ibilbidean, Basauriko Marienea, Arrigorriagako Lamiaena, Galdakaoko Emakumeen Etxearen proiektua eta Durangoko Andragunea bisitatuko dituzte. Helburua espazio horien esperientziak eta ikaskuntzak jasotzea da, Bermeon sortu nahi duten gunearen izaera, erabilerak eta antolaketa zehazten laguntzeko eta ideiak hartzeko.
Bermeoko Udala Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesua garatzen ari da, herriko mugimendu feministarekin, Erroxape emakumeen elkartearekin, neska gazteen taldearekin eta Errementa Armaidxue kolektiboarekin elkarlanean. Herritarren parte-hartzea ardatz hartuta, espazio berriaren ezaugarriak eta funtzionamendua modu partekatuan zehaztea da ekimenaren asmo nagusietako bat.
Prozesuaren lehen fasean, gune horren beharra eta oinarrizko adostasunak landu dituzte. Orain, espazioak zer eskaini behar duen, nola erabiliko den eta zer antolaketa-eredu izango duen zehazten jarraituko dute. Horretarako, beste herri batzuetako esperientziak bertatik bertara ezagutuko dituzte.
Urriaren 17an egin zuten asanblada irekia, eta bertan adostutakoari tiraka antolatu dute datorren zapatuko txangoa ere, esan dutenez. Bisitetan, espazioen sorrera-prozesuak, antolaketa-ereduak, eskaintzen dituzten jarduerak eta parte hartzeko bideak ezagutuko dituzte, batik bat. Era berean, ibilbidean zehar izandako erronkak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera ere izango dute, Bermeoko proiekturako baliagarriak izan daitezkeen ideiak eta ekarpenak jasotzeko.
Gaineratu dute autobusa 09:15ean abiatuko dela Erretenetik. Eguerdiko bazkarirako, parte-hartzaile bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Txangoan parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, berdintasuna@bermeo.eus helbidera idatzi edo 688 63 84 49 telefono zenbakira deitu edo WhatsAppa bidali daitekeela zehaztu dute udal ordezkariek.
Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte txangoan parte hartzera, baita Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesuan inplikatzera ere. Ze, espazioak herritarren beharrei erantzun diezaien, emakumeen ahotsak, bizipenak eta proposamenak kontuan hartzea ezinbestekotzat jo dute.