'Batera Jauzi', euskararen erabileran jauzia emateko
'Bizkaian bagara. Berbak zubi' programaren barruan, herriko eragile, herritar eta euskaltzaleekin batera hurrengo hamarkadarako lehentasunak adostea izango du helburu 'Batera Jauzi' prozesu parte-hartzaileak.
Euskararen erabilera indartzeko eta herrian euskararen aldeko komunitate aktiboagoa eraikitzeko asmoz, Batera Bermeon prozesua abiatuko dute, gaur [azaroak 12], Bermeon. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak garatzen duten Bizkaian bagara. Berbak zubi programaren barruan egingo dute egitasmoa, Bermeoko Udalaren eta Etxalak udalrriko gazte tade euskaltzalearen laguntzarekin. Sei hilabetez, herriko eragile, herritar eta euskaltzaleekin elkarrizketa prozesua garatuko dute, euskararen erabileran eragiteko beharrezkoak diren baldintzak eta lehentasunak adosteko.
Udaletik aditzera eman dutenez, prozesuaren helburua herri mailako ikuspegi eta akordio berri bat lantzea da, datozen hamar urteetarako —2027. urtera arte— lehentasunak zehazteko. Horretarako, euskararen aldeko tokiko sarea zabaldu eta aberastu nahi dute, eta euskaraz bizitzeko aukerak handitzeko bideak aztertu. Bizkaian bagara. Berbak zubi egitasmoak euskararen erabileran eta aktibazioan eragin nahi du, herritarrak euskararen inguruan aktibatuz eta antolatuz. Izan ere, egitasmoaren sustatzaileen arabera, euskararen aldeko jarrera indartzeaz gain, hizkuntza ohituretan eragitea eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea da erronka.
Taupa euskaltzaleen mugimenduaren ordezkaritzak ere, herritar “komunitateen” aktibazioan eta horiek hizkuntzaren erabilerari eragin diezaioketen “goranzko jauzian” ipini du iparrorratza: “Euskararen erabileran beharrezkoa den goranzko jauzia eman dadin, euskararen aldeko komunitate aktiboak are gehiago indartu nahi dira, programaren bitartez. Erabileraren aroan gaude, eta erronka ez da bakarrik euskararen aldeko jarrera indartzea, baizik eta hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzea“.
Bermeotarrekin egingo duten lanketaren bidez, udalerrira eta haren egungo testuingurura doitutako “bisio eta akordio berri bat” bilatuko dute. Prozesua bera, halaber, metodologia berritzaile batean oinarritzen dela argitu dute: Aldaketa Teoria eta ikuspegi sistemikoa ardatz ditu. Alde horretatik, epe luzerako ikuspegia landu eta euskararen erabilera indartzeko komunitate sendoagoa eraiki nahi dute, herriko eragileen eta herritarren arteko elkarlanaren bidez.
Aurkezpena, gaur.
Prozesuaren aurkezpena gaur egingo dutela jakinarazi dute, Jauzi bat euskararen erabileran lelopean;18:45ean jarri dute hitzordua, Bermeoko Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Bertan, Batera Jauzi egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte egitasmoaren alderdi bultzatzaileetako ordezkariek. Herritar guztiek bertaratzeko deia luzatua dute. Euskaraz ulertzen ez dutenentzako plaza ere izango da iluntzekoa, euskaratik gaztelaniarako itzulpen zerbitzua egongo baita.