Inklusioan oinarrituta, komunitate sarea indartzen segituko dute Hazitoki Topaketen bitartez
Aniztasunari, inklusioari eta komunitatearen parte hartzeari ikusgarritasuna ematearen helburuari eutsiz, Hazitoki Topaketak egingo dituzte domekan [azaroak 8], Gernika-Lumon. Zirkuaren eta arte eszenikoen bidez, denentzako espazioa sortzen dute Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolakoek, eta beste urte batez, doako jarduerak prestatu dituzte: “Jarduerak doan eskaintzeak aukera ematen du ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, baina, aldi berean, antolakuntza, materiala, azpiegiturak, artista eta profesionalen kontratazioa, soinu zein teknika zerbitzuak eta bestelako gastuak finantzatu behar dira. Jendearen ekarpenak jardunaldia finantzatzen laguntzeaz gain, inklusioaren, kulturaren eta komunitatearen aldeko proiektu bat babestea esan nahi du”.
11:00etatik aurrera, tailerrak eta eskulanak egingo dituzte Merkatu Plazan, eta 12:15ean zirku-kalejiran bilduko dira. Kalejira amaituta, Lizeo Antzokia izango da topagune, eta bertan, 12:30etik aurrera, Bapatean Zirko konpainia arabarraren Pon eta Pa ikuskizunagaz gozatuko dute. Susto, korrikaldi, opari eta bizkotxo artean, malabare, akrobazia eta xaboi ponpen unibertsoan murgiltzeko proposamena da: “Batez ere familiei zuzendutako zirku ikuskizuna da, euskaraz eskainia”. Sarrerak aurretiaz erosi daitezke, 6 eurotan, kultur etxearen webgunean (Laguna txartelagaz 4,5 euro).
Txitatoki Zirko Eskolaren lana ikusarazteaz gain, beste hainbat eskola eta elkarteren lana ere erakusten du topaketak, denen garrantzia nabarmenduz. Hain zuzen ere, denen parte hartze horregatik pozik daude antolatzaileak: “Aurreko urteko laguntzaile guztien parte hartzea edukiko dugu, eta beraz, oso pozik gaude, horrek esan gura baitu gustura egon zirela. Pertsona guztiek beren gaitasunak, interesak eta sormena garatzeko espazioak eskaintzea da gure helburua”. Gainera, Galdakao TEAyuda elkarteko kideek ere parte hartuko dute aurten, baita Bizkaiko beste zirku eskola batzuetakoek ere.
Autismoaren Espektroko Nahasmena (TEA) daukaten pertsonen familiek osatutako elkartea da Galdakao TEAyuda. Ulermena, errespetua eta inklusioa sustatuz, pertsona neurodibergenteen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten dute, eta horretarako, baliabideak eta gertuko laguntza eskaintzen dituzte, “pertsona bakoitza bere izateko moduaren arabera garatzeko eta komunitatean parte hartzeko”. Hazitoki Topaketaren ordu lasaia Galdakaokoen esku egongo da oraingoan. Musikarik, soinu ozenik edota zaratatik gabeko tartea izango da, eta zentzumen tailerrean parte hartzeko eta eskulanak egiteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, giro lasaian, 15:30etik aurrera: “Gaixotasun batzuen ondorioz, pertsona batzuek ez dituzte soinu gogorrak jasaten edota jendez gainezka dagoen lekuetan agobiatu egiten dira, eta horientzat oso garrantzitsua da horrelako espazioak sortzea”.
Gero, Txitatoki Zirko Eskolako, Igorreko Izarren Hautsa taldeko, Barakaldoko Zirkodomoa eskolako eta Gasteizko Azirkarte elkarteko kideek eskainiko dute arratsaldeko emanaldia. 17:00etan hasiko dute gala.
Hazitoki proiektuaren oinarrian daude pertsona guztien parte-hartzea eta aukera berdintasuna. Horregatik, aisialdi inklusiboa, kulturarako sarbidea eta komunitatearen arteko harremanak sustatzen dituzte. Balio horiekin bat eginez, domekan Gernika-Lumora hurbiltzeko gonbidapena zabaldu dute topaketaren arduradunek: “Egun honekin urte osoko lana finantziatzen dugu, eta hortaz, guretzat oso garrantzitsua da jendea gerturatzea eta ikustea. Babesleengandik ateratzen da diru kantitate gehiena, baina denen ekarpenak eskertzen dira. Jendeak dirurik jarri ezin badu ere, etortzera animatzen ditugu, guretzat garrantzitsua da jendea etortzea eta gurekin bat egitea. Asko eskertzen dugu”.
Antolatzaileen hitzetan, “inklusioa praktikan jartzeko eta komunitatea sendotzeko” topaketak dira, eta horien bitartez, aniztasunaren eta inklusioaren inguruko sentsibilizazioa zein herritarren arteko harremanak eta komunitate-sarea indartzea bultzatzen dute.
EGITARAUA:
- 11:00. Zirku tailer inklusiboa eta eskulanak, aurpegi margoketa, globoflexia eta xaboi ponpak egiteko tailerrak, Merkatu plazan.
- 12:15. Zirku-kalejira, Merkatu plazan hasita.
- 12:30. Pon eta Pa ikuskizuna, Lizeo Antzokian.
- 15:30. Ordu lasaia, Galdakao TEAyudaren eskutik, Merkatu plazan.
- 17:00. Zirkuko gala inklusiboa, Merkatu plazan.
- Ostean. Txokolate jana, Merkatu plazan.