Hondakinen gaikako bilketa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina abiatu dute
Bermeoko Udalak 8.000 esku-orri banatuko ditu hiriguneko etxebizitzetan, eta bi ingurumen-hezitzailek etxez etxeko bisitak egingo dituzte herritarren zalantzak argitzeko eta birziklatzea bultzatzeko.
Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa hobetzeko eta birziklatze-tasa handitzeko sentsibilizazio-kanpaina jarri du martxan. Ekimenaren bidez, “hondakinak behar bezala bereiztearen garrantziaz ohartarazi” nahi ditu herritarrak, hondakin organikoen gaikako bilketari “arreta berezia” eskainiz. Horrez gain, hondakinen bilketarako tasa berrien zergatiak eta horien eragina ere azaldu dute udal ordezkariek.
Udalak ohartarazi du herrian sortzen diren hondakinen zati handi bat ez dela behar bezala sailkatzen, eta, ondorioz, “birziklatu beharrean errefusaren edukiontzira” botatzen dela. Kezka eragiten dute, halaber, hondakinak kalean edo horretarako egokiak ez diren lekuetan uzteko ohiturek. Jokabide horiek herriko garbitasunari eta irudiari eragiteaz gain, “ingurumenari kalte” egiten diote eta bilketa zein kudeaketa kostuak handitzen dituzte.
Testuinguru horretan, hondakinen kudeaketaren kostu osoa tasen bidez estaltzera behartzen du Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Estatuko lege berriak. Betebehar horrek eragina izan du udalerriko hondakinen bilketarako tasetan. Udalak azaldu duenez, “hondakinak behar bezala sailkatzea eta kaleak garbi mantentzea” dira zerbitzuaren kostua murrizteko bide nagusiak, eta, horrenbestez, tasa txikiagoak ordaintzeko aukera ematen dute. Udalak, gainera, aurreratu du epe ertainera errefusaren edukiontzia txartel bidez soilik ireki ahal izango dela.
Kanpainaren helburu nagusietako bat Bermeoko birziklatze-tasa handitzea dela nabarmendu dute udaletik. 2024an %27koa izan zen, eta udalaren arabera, legeak ezarritako helburuetara iristeko “hobekuntza nabarmena” behar da. Horretarako, hondakin organikoak behar bezala bereiztearen garrantzia azpimarratu dute, horrek birziklatze-tasa handitzen laguntzen baitu. Era berean, edukiontzi berdean, horian, urdinean eta gainerako bilketa-lerroetan utzi beharreko hondakinen inguruko argibideak emango dituzte.
Bi jarduera
Kanpainak bi jarduera nagusi izango ditu, udal ordezkarien berbetan. Batetik, aste honetan 8.000 esku-orri informatibo banatzen ari dira hiriguneko etxebizitza guztietako postontzietan. Esku-orrietan, hondakinen bilketarako tasa berrien zergatiak, ingurumen-onurak eta tarifak murrizteko moduak azaltzen dira. Hondakin organikoen kasuan, edukiontzi marroian zer utzi daitekeen eta zer ez zehazten da, baita bilketan parte hartzeko izena emateko eta beharrezko materiala eskuratzeko jarraibideak ere: txartela, kuboa eta poltsa konpostagarriak. Gainerako hondakinen bilketa-lerroei buruzko informazioa ere jasotzen dute, edukiontzi bakoitzean utzi beharreko hondakinak eta bestelakoen helmuga egokia zehaztuta.
Bestetik, bi ingurumen-hezitzaile ibiliko dira etxez etxe, informazioa zuzenean emateko. Bisita horietan, herritarren zalantzak argituko dituzte, oraindik gaikako bilketan parte hartzen ez duten familien parte-hartzea sustatuko dute eta hondakinen tasen inguruko azalpenak emango dituzte. Udalak jakinarazi du hezitzaileak behar bezala identifikatuta joango direla eta emango duten informazioa udaleko teknikariekin koordinatuta egongo dela.
Udalak herritarren inplikazioa eskatu du, hondakinen kudeaketa “guztion ardura” dela gogorarazita. Euren arabera, “eguneroko ohituretan egindako aldaketa txikiek eragin zuzena izan dezakete ingurumenaren zaintzan eta zerbitzuaren kostuan”. Helburua, beraz, Bermeo garbiago eta zainduago bat lortzea da, hondakinen kudeaketaren gastua ere murriztuz.