EH Bilduren aparkaleku ordenantza proposamenari ezezkoa
EH Bilduk Mundakako aparkaleku ordenantza eguneratzeko proposamena aurkeztu du, baina bai EAJk, bai Herritar Alternatibak aurkako botoa eman dute. Aldeko hiru botogaz eta aurkako seigaz, koalizio abertzalearen proposamena ez dute onartu.
Mundaka udal gobernu taldeak 2008. urteaz geroztik indarrean dagoen aparkaleku ordenantza berritzeko proposamena egin du, udalbaltzak eginiko azkenengo bilkuran. Aparkalekuaren auzia, Sorne Rubio alkatearen ahotan, “aspalditik” dator: “Herritar Alternatibagaz gobernatzen geundenean plazaratu genuen, baina ez ginen ordenantzaren berritzea aurrera eroateko gai izan”. EH Bilduk “oso argi” du aparkaleku ordenantza aldatzea “guztiz beharrezkoa” dela, eta ordenantzaren eguneraketak eragingo lituzkeen berritasunak argitu ditu: “Mundakako herritarrek aparkalekua eskuragarriago eta errazago eduki behar dute”.
Abertzaleek orain arteko 15:30etik 20:30era bitarteko ordutegia 08:00etatik 22:00etara artekoagatik aldatu gura dute. Denboraldiari ere eragingo liokete aldaketek. Izan ere, ekainaren 1etik irailaren 30era bitarteko egutegiari Eguen Santutik aurrerako asteburuak zein jaiegunak gehituko litzaizkioke. Udalerrian erroldatuta daudenez gain, etxebizitza bakoitzeko aparkaleku baimen bi edukitzea proposatzen du EH Bilduk, aparkatze guneen antolaketa berriagaz batera. Isunetan ere eragin asmo dute: egungo 40 edota 60 euroko isunetatik, lege haustearen arabera, 100, 200 eta 500 euroko isunetaraino igaroko lirateke. Espekulazioari eta legez kanpoko alokairuei aurre egiteko, garajedun etxebizitzei baimen bakarra esleitzea planteatu dute koalizio abertzaleko kideek. Karabanen zein autokarabanen erregulazioari begira, ostera, Portutxuko eremu guztian gune urdina ipintzea proposatu dute.
EAJko ordezkaritzak udal gobernu taldearen proposamena inongo “egiturazko neurririk gabekoa” dela azpimarratu du, eta bere boza kontrakoa izan da: “Ia lau urtez ez da ezelako neurririk hartu, baina orain proposamen hau plazaratu da, agintaldia amaitzeko urte erdia baino falta ez denean. Mundakak ez ditu azken orduko neurriak behar, aparkalekuaren auzia bere osotasunean landuko duen plan integral bat baino. EH Bilduk proposaturiko neurriak ez daude agintaldi oso batera orientatuta: erlojupeko lanketa baten emaitza dira”.
Herritar Alternatiba ere aurka agertu da, eta bere ordezkaritzak adierazi du udal gobernu taldearen proposamena “oso berandu eta presaka” iritsi dela: “Uda sasoia joana da, eta ez da deus egin. Ordenantza honek lanketa handia eskatzen du, egin dena baino askoz sakonagoa eta serioagoa”. Isunen zenbatekoari dagokionez, “hori ere berandu” ailegatu da: “2019. urtetik dator isunen kontua, baina orain arte ez da ezer egin, eta ez aukera faltagatik. Titulartasunen inguruan ere asko dago lantzeko: titularrei bakarrik erreparatzea diskriminazio mota bat da. Garaje komunitateen kasuan, esaterako, nor da titularra? Oro har, ordenantza zentzugabea da EH Bildurena”.