"Ume koskorra nintzenetik, gurpilen mundua atsegin izan dut"
Oier Larrabe gernika-lumotarra, bere estreinaldian, III. Busturialde Kopako gidaririk bizkorrena izan da, Izei Ertzilla kopilotuak lagunduta. Euskal Koparen azken sailkapenean ere garaipen handia lortu du. Iragan zapatuan lehiatu zuen azken lasterketa, Amezketan, Espainiako onenen aurka arituz, gainera.
Debut urte gogoangarria izan da Oier Larraberentzat: estreinakoz parte hartu du goitibehera lasterketa batean, eta, ustekabean, III. Busturialde Kopako nahiz Euskal Kopako bizkorrena izan da. Gernika-lumotar gazteak, Izei Ertzilla kopilotua lagun, erabateko merezimenduz poltsikoratu du eskualdeko inertzia txapelketa.
Nondik datorkizu abiadurarekiko zaletasun hori?
Bada, goitibeherak beti-betidanik gustatu izan zaizkit, baina aurten arte ez dut probetan parte hartu. Ume koskorra nintzenetik, gurpilen mundua atsegin izan dut: izan rallyak, izan motoziklismo lasterketak. Goitibeherekin ere, beste hainbeste: akorduan dut umetan Gernikako lasterketak arreta deitzen zidala; oso gustuko nuen.
2024an piztu zitzaizun bide bazterretik goitibehera barrura urratsa egiteko harra.
Bai, Mendatan. Nire aitaren lagun baten semeak parte hartu zuen bertan, neumatikoen mailan. Orduan otu zitzaigun nire aitari eta bioi kategoria horretako goitibehera auzolanean —aitaren lagun batzuekin— eta hutsetik egiten hastea. Mekanika kontuak gustuko ditugunez, proiektu erakargarria begitandu zitzaigun.
Eta zelakoa izan zen eraikitze prozesua?
Lasaitasunez hartu genuen, arineketan ibili barik, eta bidea urte bat baino gehiagokoa izan zen. Atzeko zubia eta txapagaz lotutako alderdi dena kudeatu genuen lehenik, aipatutako beste goitibehera haren neurrietan oinarrituta. Konpetizio gogoz barik, goitibehera bat gure kasara eta guk geuk eraikitzea izan zen jomuga nagusia. Segurtasunari eman genion esangurarik handiena: galgei, arnesari eta goitibeheraren egiturari berari. Ze, guztiz zurruna izan ordez, malgutasun puntutxo bat edukitzea bilatu genuen; kolperen bat joz gero, bortitzegia ez izatea zen helburua, hau da, goitibeherak berak kolpearen parte bat xurgatzea.
Gustura geratu al zara emaitzagaz?
Bai. Hasiera-hasieratik, argi nuen goitibehera lehiakorra egin genezakeela, berez lehia edota lasterketetan aurkeztea buruan izan ez arren. Azkenean, horretara ere animatu gara, baina aitortu behar dut gerora etorri diren emaitza onak eta maila handia hasieran ez nituela inondik ere espero.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Dena zuon kontura egin al duzue?
Autogestioan oinarritu gara, baina mekanika tailerren bat edo beste laguntzaile izan ditugu. Lehiaketari begira ere,hiruzpalau babesle lotu ditugu.
Busturialdeko Kopako ezustekoa izan zara, baina erregulartasun handiz irabazi duzu.
Bai. Ajangizko lehen probara aurreikuspen erraldoirik gabe joan ginen Izei eta biok, presio barik, baina hirugarren txandan erregistro ona lortu genuen. Muxikan, astebete beranduago, jaitsiera bizkor, luze eta dibertigarriagoa topatu genuen. Bigarren txandan lehen postua harrapatu genuen. Hirugarrenean, lasaiago jaitsita ere, postu hura berretsi genuen.
Bigarren hitzordu haren ondoren gorde zituzten arerioek zure izen-abizenak.
Beharbada, bai. Edozelan ere, nik ez nuen neure burua kopa osoan erregulartasunez aritzeko moduan ikusten; behintzat, ez negoen guztiz seguru.
Gernika-Lumon, gainera, Koldo Betanzosek gauzak asko zaildu zizkizuen.
Bai. Euri iragarpena aginduta egoteak lasterketa errespetu puntu batekin hartuarazi zigun. Bigarren txandan erregistro polita egin genuen, hirugarrenean are hobea, baina bietako bat ere ez zen izan Betanzosen mailara iristeko bezainbesteko ona. Proba hartan, argi geratu zen hura izango zela aurkaririk sendoena: kopa inork baino hobeto ezagutzen zuen, sobera zekien hura zelan irabazi, eta Gautegiz Arteagako proban ederto frogatu zuen bere hautagaitza oso serioa zela.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Zer dela eta?
Gu baino hobea izan zelako, funtsean. Han ere euri antza egon zen. Lehen txanda lehorrean egin genuen, baina bigarrena bustitan, eta hark errespetu puntutxo bat eman zigun: lehen aldia zen euritan jaisten nintzena. Proba hartan ere, Betanzosek koska bat gorago zegoela frogatu zuen. Azken-aurreko jaitsieran, Muruetakoan, bihurgune bakar batean erabaki zen lasterketa. Horrez gain, probaren hasiera ere giltzarri izan zen: lehen sakakada oso ona izatea ia-ia garaipen erdia zen.
Alde horretatik, nola moldatu zinen Ertzilla kopilotuagaz?
Oso ondo: bikain ulertu dugu elkar. Muruetan, sakakada aparta egin zuen, abiadura hartzeko nahitaezkoa. Egun hartan bigarren postua lortu genuen, Aner Bilbaoren atzetik, baina irabazteko eta ezustekoa emateko moduan egon ginela esango nuke.
Baina ezustekoa Mendatan iritsi zitzaizuen.
Bai. Lehen txandan kolpe ederra harrapatu genuen. Alde mentaletik, istripu hark pila bat eragin zigun; bigarren txandan are eskasagoa izan zen markatu genuen erregistroa. Kostata izan bazen ere, saiatu ginen lasaitasunez eta ahalik eta hotzen jokatzen. Mendatako Lamikiz auzokoa moduko jaitsiera tekniko batean, ezinbestekoa da kontzentratuta lehiatzea, bihurguneak ondo trazatu ahal izateko. Azkenean, hirugarren postua lortu genuen, eta kopa poltsikoratzea.
Eskualdeko koparen zein balorazio egiten duzu?
Ezin positiboagoa. Lehen urtea ezin hobea izan da; dagoeneko hurrengoari begira gaude. Hori bai, kontziente gara zortea lagun izan dugula eta, beraz, aurtengoa errepikatzea gaitza izango dela.
Txapela defendatzeko presioaz ez duzu ezer jakin gura, beraz.
Ez. Argi dut goitibeherak lasterketak ondo pasatzeko lehiatzen ditudala. Hau ez da nire ogibidea, lagunekin ondo pasatzeko aitzakia baino. Maila onean baldin banabil, are hobeto, baina ez dut inongo presiorik edo zerbait frogatu beharrik sentitzen, ezta sentitu gura ere.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Zer iruditzen zaizu Trokan Behera talde antolatzaileak egindako beharra?
Txalotzekoa da. Busturialdean goitibeheren kultura mantentzeko, eguneratzeko eta sustatzeko behar handia egiten dute, eta, entzun dudanez, Busturialde Kopara udalerri berriak gehitzeko lanean dihardute. Beraiena ez da lan erraza, beraz, esker oneko berbak baino ez ditut.
Hurrengo urteari begira, detektatu al duzu hobekuntzarako arrakala non ezkuta daitekeen?
Beti dago zer hobetu. Esaterako, 1 Formulako autoen sistemari erreparatuta, auto horiek daramaten halo edo estalkiaren pareko zerbait txertatu gura diogu goitibeherari, kabinari segurtasun puntu bat emateko.
Euskal Kopan ere zuen sinadura utzi duzue, debut urtean.
Bai. Iragan astean lehiatu genuen azken proba, Amezketan, eta azkenean sailkapena eskuratzea lortu dugu. Amezketakoa ez zen jaitsiera erraza izan, gozatzeko asmoz irten arren. Espainiako Txapelketa ere hartu zuen probak: parte hartze maila erraldoia izan zen. Lehen txandako erregistroa ikusita, neumatikoen sailkapenean zentratzea erabaki genuen, scratch edo lehia orokorra apur bat ahaztuta. Kontua da istripu larri bat gertatu zela, eta hark bigarren txandan proba geldiarazi zuela. Guri oraindik geure erregistroa hobetzeko tarte nabarmena geratu zitzaigun, baina neumatikoetan bigarren eta scratch-ean seigarren amaitzea lortu genuen.