Goitibeheretan behetik gora inertzian datorren hurrengo izarra: Oier Larrabe, eskualdeko koparen garaile
Oier Larrabe gaztea gailendu da III. Busturialde Kopan. Ajangiz, Muxika, Gernika-Lumo, Gautegiz Arteaga, Murueta eta Mendata izan dira txapelketaren aurtengo geralekuak.
Argazkia: Txebi Arriaga. Iragan zapatuko [urriak 10] Mendatako Goitibehera Lasterketak biribildu du III. Busturialde Kopa, inertza eta abiadura maite duten lehiakideen tokiko txapelketa. Hirugarren aldiak sei udalerri bildu ditu, eta bai eskualdeko, bai ingurukoen parte hartzea erakarri du, baita “urrun samarretik” bertaratutakoena ere. Kalitate jauzia eginda eta lehiaketako ezusteko handiena emanda, Oier Larrabe izan da aurtengo azken sailkapenaren garailea.
Esan bezala, Mendatako Lamikiz auzuneko jaitsieran erabaki zen kopa, 15:00retan hasita. Txapelketako jaitsierarik luzeenak ez zuen hutsik egin; lehenik, 1,8 kilometroko luzeradun ibilbidean ikusketa jaitsiera egin zuten, eta hurrengo bietan erabaki zen proba. Felix Delgado Garcia izan zen bizkorrena, 01.55,31ko erregistroa markatuz. Atzetik, lehia estua egon zen: Larrabek eta bere kopilotu Izei Ertzillak ez zuten lehen jaitsiera oso lehiakorra egin, eta, hala, txapelketa eskuratzeko bezainbesteko tarterik ote zuen ezbaian jarri zen. Hain zuzen, Jon Moreno eta Adrian Pablos lasterketa poltsikoratzeko besteko mailan zeuden, baita Koldo Betanzos eta Alize Etxebarria ere.

Larrabe, aurtengo Busturialde Kopan.Txebi Arriaga
Zalantzak, baina, atoan uxatu zituen Larraberen gidaritza apartak: hirugarren jaitsiera gogoangarria egin zuen; 01.57,24ko denbora sinatuta, lasterketako hirugarren postua eta sailkapen orokorreko garaipena bermatu zituen. Lehia abian jarri orduko, antolatzaileen arabera, Betanzos “hautagai sendoagoa” zen, baina lehen hitzordura kale egin zuen, eta beste hainbatetan ohiko maila baino apur bat beherago aritu zen: “Indarrak, lehiara bertara barik, gehiago emanak izan ditu aurten antolakuntza kontuetara”. Larrabe, edozelan ere, “erabat nagusi” izan da eskualdeko lehiak iraun artean. Busturialdeko mugez harago ere, egun Euskal Kopako lidergoan dago. Txapelketa hori oraindik ez dute bukatu, baina garaipena “eskura” duela diote adituek.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Ajangiz, Muxika, Gernika-Lumo, Gautegiz Arteaga, Murueta eta Mendata izan dira hirugarren ekitaldiaren agertokiak. Txapelketa “polita, denetariko jaitsieraduna eta oso lehiatua” izan da aurtengoa. Larrabek “espreski eta hutsetik hasita” eraikitako goitibehera plazaratu du, eta zita denetan puntuak patrikaratzen joan ahal izan da; 298ko uzta jaso du azkenean. Bigarren sailkatu Morenok, aldiz, 236 puntugaz amaitu du eskualdeko kopa; Urtzi Torrontegi hirugarrenak, puntu bat gutxiagogaz.

Larrabe, Mendatako podiumean.Txebi Arriaga
Bestalde, antolatzaileek azpimarratu dute tokian tokiko eragileek proba bakoitza antolatzeko edo “behintzat antolatzen laguntzeko” ardura hartu dute: “Trokan Behera talde nagusiaz harago, inportantea da udalerri bakoitzeko kultur talde, jai batzorde edo parekoek ardura hartzea; kopa honen muina herrigintza da, eta molde horretatik eraiki beharra dago. Tokian tokiko eragileek herri horretako udalagaz komunikazio fluxu eraginkorragoa dute, elkar ezagutzen dute, eta hori oso baliagarria da”.
Lehiaren ibilbidea.
Ajangizen, Argana auzorako jaitsiera laburrean, Larrabe izan zen eskualdeko ordezkaritzaren buru; orduantxe argitu zuen lehia poltsikoratzeko hautagaietako bat izateko asmo argia. Muxikako lasterketari dagokionez, lehen bi aldietan San Romanera eta Ibarrurira jo ostean, aurten Ugarte inguruan egin dute jaitsiera. Bigarren hitzordu hartan iritsi zen konfirmazioa. “Eskualdeko lehia ez ezik, scratch edo sailkapen orokorrean ere lehena izan zen Larrabe, berari buruz egon zitekeen edozein zalantza aldenduta”.
Hirugarrena Lumotik Gernika erdigunerainoko jaitsiera izan zen. Han, Betanzosek bere eskarmentua eta proba inork baino hobeto ezagutzea baliatu ahal izan zuen, garaipena lortzeko eta sailkapenean aldeak apaltzeko; Larrabe gaztea, baina, azken bi aldietako garailearen atzetik sailkatu zen, bigarren. Gautegiz Arteagan, Muruetaganetik herrigunerako beheranzkoan, Gernika-Lumoko egoera bera geratatu zen: hautagaia, promesaren aurretik.
Muruetako lasterketa izan zen aurtengo txapelketaren giltzarria. Larrabe bigarrena izan zen, baina bere arerio nagusiarekiko arrakala gogotik handitu zuen, Betanzos seigarrena baino ez baitzen izan. Haren konfirmazioa eta borrokaren biribiltzea Mendatan iritsi zen. Azken bi kopen defentsa eta hautagaitzaren zama Betanzosena izanik ere, antolatzaileek argitu dute Larrabek ere “presio handia” izan duela aurten: “Batetik, gaztea delako eta ezustekoa eman duelako; bestetik, doi-doi prestatu duelako goitibehera, ñabardurarik txikiena ere jangonda; horrez gain, babesleren bat lortu duelako, horrek duen ardura erantsiagaz”. Presioari prezio merkea aterata, “erabateko merezimenduz” lortu du garaipena.

Argazkia: Txebi Arriaga.
Beste garaileak.
Lehia nagusiaz gain, abiadurazale denentzako plaza izan da Busturialdeko Kopa. Larrabe eta Ertzilla, hurrenez hurren, neumatiko kategoriako piloturik eta kopiloturik onenak izan dira, baina, errodamentuen artean, Jokin Abaitua eta Euken Bilbao izan dira nagusi. Speed Trike kategoriako garailea Jon Ibarguengoitia izan da, eta Europearrekoa, ostera, Maddi Etxaniz. Azkenik, Uretano mailako sailkapenak Unax Gonzalezen aldera jo du.
Hurrengo urtean “errepikatzeko prest” dago antolakuntza: “Orain arteko udalerriei eustea da asmoa, baina beste batzuek txapelketarekiko interesa agertu dute; gaur-gaurkoz, interes soila baino ez da, baina, parte hartzea erabakiko baldin balute, ondoetorriak lirateke”.