'Ohiturak': herritik eta herriarentzat, kultura oinarri
Bermeoko Frantziskotarren klaustroak ‘Ohiturak’ mikroantzerkiaren hirugarren aldia hartuko du bihar. Maria Dondiz zuzendari bermeotarrak azaldu duenez, berrikuntzekin dator aurtengo emanaldia, eta ikusleek ez dute barre egiteko aukerarik faltako.
Argazkia: Maria Dondiz. Gau Beltza gerturatzen ari den honetan, Euskal Herriko ohiturei begiratzeko eta horiek antzerkiaren bidez bizitzeko proposamena egingo dute Bermeon, beste behin, kulturaren garrantzia lau haizetara zabalduz. Ohiturak mikroantzerkiak hirugarren urtez irekiko ditu ateak, hala, Bermeoko Udalaren laguntzagaz, herritarrei kulturaz gozatzeko eta bertako ohiturak ezagutzeko aukera eskaintzeko. Maria Dondiz da obraren zuzendaria, eta haren esanetan, “herritik eta herriarentzat” sortutako ekimena da. Euskal Herrian ere hildakoen egunaren bueltan hainbat ohitura ditugula erakustea izan zen proiektuaren abiapuntua, Estatu Batuetako ospakizunetatik hain urrun ez daudenak.
“Euskal Herrian ere Gau Beltza hurbil sentitzen dugula erakusteko helburuz sortu zen, besteren artean, Ohiturak”, azaldu du Dondizek. Ideia horretatik abiatuta, mikroantzerkia sortzea erraza izan zela dio zuzendariak. Izan ere, herriko ohiturak eta kultur ondarea ardatz hartuta, umorea eta antzerkia uztartzen ditu emanaldiak.
Frantziskotarren klaustroa izango da, beste urte batez, antzerkiaren agertokia. Iaz erabili zuten lehen aldiz espazio hori, eta Dondizen ustez, lekuak xarma berezia ematen dio emanaldiari. Mikroantzerkia edozein tokitan egin daitekeen arren, klaustroaren testuinguruak istorioarekin bat egiten duela nabarmendu du zuzendariak. “Itxura desberdina hartzen du, batik bat, antzerkiak, eta istorioa jendearengana heltzeko bidea ere errazten du”, adierazi du.
Mikroantzerkiaren formatu txikiak, gainera, publikoaren eta aktoreen arteko gertutasuna indartzen du. Dondizen arabera, antzezleek ikusleak hurbil sentitzen dituzte, eta ikusleek ere modu berean bizi dute emanaldia. Ohiturak-en kasuan, harreman hori are estuagoa da, publikoak antzezlanaren garapenean parte hartzeko aukera izango baitu.
“Publikoak erantzuteko eta parte hartzeko aukera ere izango du”, azaldu du zuzendariak. Hala, ikusleak ez dira istorioaren hartzaile hutsak izango, emanaldiaren parte ere bihurtuko dira.
Mikroantzerkiaren ezaugarrien artean, arintasuna eta moldagarritasuna nabarmendu ditu Dondizek. Formatu txikia izateak publikoarentzat zein antolatzaileentzat esperientzia eramangarriagoa izatea ahalbidetzen du, eta hainbat espaziotan taularatzeko aukera ematen du. Hala ere, zuzendariak ohartarazi du antzerkia egitea ez dela lan erraza, formatu txikia izan zein ohikoagoa izan.
Aldarria zabaltzeko
Horregatik, mikroantzerkiaren aldeko aldarria egin du. “Erabilera ona ematekotan, oso indartsua bihur daitekeen kultur tresna gisa ikusten dut nik”, adierazi du. Horretarako, ordea, haren ustez, mikroantzerkiaren inguruko ikuspegia zabaldu beharra dago.
Aurtengo edizioak berrikuntza ugari ekarriko ditu, aurreko bi urteetako izen berari eutsi arren. “Gure artean esaten dugu aurtengoa Ohiturak 2.0 izango dela”, azaldu du Dondizek. Azken bi urteetan herritarren erantzuna ona izan dela dio, eta aurten ere antzeko harrera izatea espero dute.
Ohiturak-en oinarrietako bat herriko sortzaileen parte-hartzea da. Maria Dondizegaz batera, Itxasss, Triz, Iñigo Cano eta Agor Güena aktoreek osatuko dute aurtengo lantaldea. Denak dira bermeotarrak, eta zuzendariaren esanetan, horrek indartu egiten du ekimenaren izaera herrikoia.
“Guztiok gara bermeotarrak. Horregatik, herritik sortutako mikroantzerkia da, herriarentzat sortuta dagoena”, adierazi du. Taldekideek ezaugarri bat partekatzen dutela ere azaldu du: herrian ekintza kultural desberdinak ikusarazteko nahia eta, batez ere, ondo pasatzeko gogoa. Iazko lantaldea handiagoa izan bazen ere, aurreko edizioko hainbat kidek ekimenarekin jarraitzen dute, nahiz eta aurten oholtzara ez igo.
Gauzak horrela, Ohiturak mikroantzerkiaren emanaldiak 10-15 minutu ingurukoak izango direla jakinarazi du Dondizek, eta etzi, “Arimen Gaueko egun esanguratsuenean”, ordu erdiro egingo dituzte saioak: 18:00etan ekingo diote, eta 21:30etan izango da azken saioa. Sarrerak egunean bertan erosi beharko dira, bost euroren truke.
Dondizek argi du ikusleek zer aurkituko duten: barre egiteko eta une atsegin bat igarotzeko aukera, Euskal Herriko ohiturei buruz gehiago ikastearekin batera. “Ondo pasatzeko tartea izango dutela, batez ere”, azaldu du. Istorio labur eta arina dela nabarmendu du, eta publikoak barre egiteaz gain, Euskal Herriko ohituren inguruan sakontzeko aukera izango duela gaineratu.
Proposamen berezia
Hala, Ohiturak mikroantzerkiak kulturaz gozatzeko proposamen berezia ekarriko du Bermeora: herriko sortzaileak, gertuko eszenatokia, ikusleen parte-hartzea eta Gau Beltzaren bueltako ohiturak uztartzen dituen esperientzia. Dondizen hitzetan, helburua argia da: ondo pasatzea eta, bide batez, “norberaren eta gure herriaren kulturaren inguruan” gehiago ikastea.