Urriko Azken Astelehena, 110.000 lagunen baratze
251 postugaz, lehen sektorearen erakusleiho koloretsua izan da da gaur [urriak 26] Urriko Azken Astelehena. Udalak Gernika-Lumoren izena munduan zehar zabaltzen duten herriko zenbait kirolari, merkatari eta enpresa omendu ditu.
Gernika-Lumok lehenengo sektoreagaz hitzordua izan du Urriko Azken Astelehenean, beste urte batez, ekoizle zein herritarren erantzun bikainagaz. Handik eta hemendik etorritako lagunen joan-etorria etengabea izan zen atzo goizean goizetik eta, Gernika-Lumoko Udalak emandako datuen arabera, 110.000 lagun izan ziren produktuak ezagutu, erosi eta dastatu asmoz foru hiribildura bertaratutakoak. Hala, beste urte batez, nekazaritzako elikagaien industria lehenengo lerroan jartzeko helburua bete du azokak.
Den-dena prest zegoen 09:00etarako. Artekale, 8 de enero, Industria Kalea, Alondegia, San Juan kalea, Pasealekua, San Juan Ibarra Plaza eta Pablo Piccaso kalea beraien ekoizpenez beteta zituzten ekoizleek, eta mahaiaren beste aldean zeuden, horiek erosteko gogoz, herritarrak. Goitik behera apaindutako 251 postuk osatu dute azoka aurten eta, iaz baino gutxiago izan arren —310 izan ziren—, ez da baserriko edota artisautza produktuak edota nekazaritzako makineria erosteko aukerarik falta izan.
Ohi legez, gazta izan zen eguneko protagonistetako bat, ogiagaz edo bera bakarrik, ezberdinak dastatu eta zein erosi erabakitzeko 42 postu egon baitziren. Halere, beste urte batez artisauen postuak izan dira gehienak: 56. Horiez gain, —ogia eta euskal pastela —32 postu—, txakolina —16—, barazki eta ortuariak—9—, frutak—6—, sagardoa —6—, pateak —6—, esnekiak —5— eta landareak erosteko —2— aprobetxatu zuten.

Izan ere, gorriz markatutako eguna da Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumoko zein Busturialdeko bizilagunentzat, baina Euskal Herrian zehar ere bere lekua badaukala eta egiten jarraitzen duela argi gelditu zen atzo. Ekoizleak ere horren jakitun dira, eta horregatik, urtez urte gordetzen duten eguna da askorentzat. Kortezubiko Nanine Baserriko Jaqueline Txertudik atzo adierazi legez, beraientzat “probetxuzkoa” izaten da, Koronabirusaren pandemiaz geroztik, egun seinalatu horren “jarraipenak eta erosketek esponentzialki gorantz” egin baitute: “Pandemia orduko, beharbada, gehiago ziren produktuen erakusleihoan kuxkuxeatzen zutenak, baina ezer erosi barik; egun, erosketen kopuruak gora egiten ari dira, eta hori pozgarria da”. Atzo bezalako aro eguzkitsua ere “giltzarri” da ekoizleontzat: “Panorama erabat itxuraldatuko litzateke, eguraldi petrala eginez gero; eguzkia eta giro atsegina guztiz funtsezkoak dira, tankerako azoketan salmentak edukitze aldera”.
Lanaren aintzatespena.
Txertudik eta bere lankideek aurkeztutako produktu izarra indaba da: “Gernikako indaba da argi eta garbi erosleek Urriko Azken Astelehenean gehien eskatzen duten produktua. Horrez gain, piper txorizeroak ere eskatzen dituzte, gainontzeko sasoiko ortuariak ahaztu barik”. Erosleen profilari dagokionez, kanpoko bisitari “ugari” egonagatik ere, “ingurukoak gehiago” direla argitu zuen, egun horrek eskualdeko bizilagunen agendetan duen “pisuren” erakusle. Nanike Baserrikoentzat “oso garrantzitsua” da egun hori: “Alde batetik, salmenta handiko eguna izaten delako; bestetik, geure eguneroko beharraren aintzatespen moduko bat delako, alegia, produktuaren atzean dagoen lan guztiaren erakusmahaia”.
“Berezia da”.
Ekoizle eta erosleen arteko harreman “zuzena” da azokaren bereizgarri eta indarguneetako bat, herritarrek produktuen atzean dagoen historia eta lana ekoizleen ahotik ezagutzeko aukera izaten baitute. Familia eta lagun artean “egun polita” igarotzeko aitzakia ere bada azoka, baita Gernika-Lumoren zein eskualdearen garapenean baserritarrek izan duten garrantzia aitortzeko eguna ere: “Berezia da; batetik antzinatik datorren azoka izanik, memoria lantzeko aukera ematen duelako eta bestetik, eskualdearentzat baserritarrek, gure jateko eta edatekoek zer garrantzia duten plazaratzen delako, bertoko produktuei bizia emateko garrantzitsua da”.
Postuetakoaz harago, taloa dastatzeko ere ilara luzeak egon ziren herriko kirol talde eta eragileen txosnetan. Onintza Enbeitak ez zuen hitzordua galdu gura izan eta aurten, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña barik, Amets Arzallus eta Ibai Amillategi izan ditu oholtzan lagun.

Gernika-Lumokoa Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “merkatu tradizional bakanetakoa” da, 660 urtetik gora dituena: “Tradizio eta historia handia du, eta horregatik du duen identitatea”, azaldu zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak udaletxean egindako omenaldian. Aurten ere Gernika-Lumoren izena zabaltzen duten herriko kirolari, merkatari eta enpresariak omendu ditu: Munduko Txapelketan Euskal Selekzioaren lehenengo urrezko domina lortu berri duten Xabier Barandika eta Unai Lekerika puntistak, Barbero Solidario ekimen solidarioaren atzean dagoen Sorkunde Ordorika ile-apaintzailea eta Transportes Karmelo enpresako Karmelo eta Gotzon Egiarte. Opari “xumea baina bihotzetik egina” jaso dute omenduek: zilarrezko pina eta Guernicaren irudia eta “euskal askatasunen ikur” den haritzaren hostoa zituen oroigarria. Halaber, atzerritik udalerrira iritsitako herritarrak ere gogoratu zituen, herrian “beharrezkoak” baitira. Ruben de Pedrok jaso zuen guztien izenean oroigarria.
Horiez gain, Moral de Sayagoko, Toroko eta El Burgo Raneroko alkateak ere Gernika-Lumon izan ziren, udalerriagaz senidetuta dagoen Berga herriko alkateagaz batera.
Sariak
Barazkia
1: Biortzatxu Baserria.
Gazta
1: Azkarra Gaztandegia.
2: Remiro Gaztandegia.
3: Mausitza Gaztandegia.
Loreak eta landareak
1: Ortuberri.
Eztia
1: Baskones eztia.
Frutak
1: Urtza Sarrionaindia.
Txakolina
Zuria: Magalarte Zamudio
upategia.
Gorria: Erdikoetxe upategia.
Beltza: Erdikoetxe upategia.