"Hemen irabazteak markari prestigioa ematen dio"
Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiak lortu du Urriko Azken Asteleheneko Azokako gaztarik onenaren sari preziatua. Bigarrenez irabazi du; 2018an lortu zuen lehenengoz, eta 2019an, berriz, bigarren sariarekin bueltatu zen etxera Gorka Azurmendi.
Urriko Azken Asteleheneko azokan, lehenengo saria Galarretako Azkarra Gaztandegiak lortu du aurten. Bermeoko Eguzki tabernak 4.200 eurotan erosi du gazta erdia, enkantean; Eguzkiz gain, Transportes Lezamizen eta La Gilda del Norteren arteko lehia egon zen enkantean. Bigarren saria Eulateko Remiro Gaztandegiak poltsikoratu du—iaz lehen saria lortu zuen— , eta bertako gazta erdia Sondikako Zurekinbus enpresak erosi du 800 eurotan —iaz ere berak erosi zuen bigarren gazta erdi, 700 eurotan—.
Esperotako saria al da? Zelan hartu duzu garaipena?
Hemen eta leku gehiagotan aurkeztu naiz aurten, eta ez nuen espero. Saria ondo etorria da. Gernikan irabaztea beti da gustagarria. Gernikako eta Ordiziako azokak dira Idiazabal gaztaren leku prestigiotsuak.
Zenbat urte daramazu Urriko Azken Asteleheneko Azokan parte hartzen?
Hamasei urte daramatzagu honetan, eta hasi ginen urtean, 2010ean etorri ginen lehenengoz; ordutik ez dugu hutsik egin. 2010ean aurkeztu, eta laugarren sailkatu ginen. Egun hura inoiz ez zait ahaztuko; agertoki behean negarrez egon nintzen. Hasiberria izanda, 70 gaztaren artean laugarren geratzeak ilusioa egin zidan.
Geroztik sari gehiago lortu dituzu hemen?
2018.urtean lehenengo saria lortu genuen, eta 2019.urtean, berriz, bigarrena. Beste urte batzuetan hirugarren eta laugarren sailkatu izan gara. Anaia eta bion artean lan egiten dugu gaztandegian, eta 2019an, gazta ketuen artean munduko txapeldun geratu ginen; 3.800 gaztaren artean lehenengo sailkatu ginen. Boom ikaragarria izan zen guretzat. Bestalde, 43. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketan bosgarren geratu berri gara.
Zelako gazta aurkeztu duzu gaur?
Normalean, gazta ketua aurkezten dut lehiaketetara, eta sari gehienak gazta ketuarekin lortu izan ditut; aitak erakutsi zidan, eta aitaren omenez egiten dut, esker ona adierazteko; ardiak jezten zegoela, bihotzekoak jota zendu zitzaigun.
Hemen irabazteak zelako oihartzuna dauka?
Sari denek daukate oihartzuna. Hemen irabazteak eta gaztaren enkantean egoteak markari prestigioa ematen dio.
Salmentei dagokienez, zelan doa urtea?
Hasi ginenetik inoiz ez dugu salmenta aldetik arazorik izan. Normalean, abendu amaierarako gaztarik gabe geratzen gara, eta apirilean hasten gara berrio saltzen. Gaur hemen ez dugu asko saldu, beste urte batzuetan gehiago saldu izan dugu; seguruenik, orain, saria irabazi dugula jakitean hurbilduko da jendea.
Nola ikusten duzu lehenengo sektorearen egoera?
Lehenengo sektorea oso kaltetu dago, eta aurten, lehortearen eraginez, are kaltetuagoa dago. Ganadua elikatu behar da, eta bazkan diru asko gastatzen ari gara. Eta oraindik hilabete asko ditugu aurretik. Gure lana oso gogorra da, ordu eta dedikazio handia eskatzen duena. Hau ez da lan bat, hau bokazioa da. Bizitzeko modu bat da; urteko egun guztietako lana eta ardura da.
Belaunaldi erreleboa bermatzearen garrantzia sarritan aipatzen da. Zelan ikusten duzu etorkizuna?
17 urteko semea daukat, eta nekazaritza ikasketak egiten ari da. Negoziorekin jarraitu nahi du.