Zaintza sistema publikoaren aldarria eta hitzarmen duinaren eskaera, azokan plazaratzen
LAB Sindikatuak deituta, Bizkaiko erresidentziak borrokan lelopean, zaintza sistema publikoaren aldeko mezua kaleratu dute gaur Urriko Azken Astelehenean. Egungo ereduak “ez duela balio” eta zaintza ezin dela negozioa izan salatzeagaz batera, hitzarmen duin bat aldarrikatu dute.

Euren errealitatearen berri eman dute: “Mendekotasuna daukaten hamazazpi pertsona ordubete baino gehiagotan altxatzen ditugu, eta lau igandetatik hirutan lan egiten dugu, 3,34 euroko plusarekin”. Azaldu dutenez, erresidentziek salaketen bidez baino ez dute betetzen hitzarmena, eta langile faltak bakardadea dakarkie egoiliarrei, eta ezin dute arreta egokia jaso. Era berean, langile falta horrek eragiten du egoiliarrek “behar fisiologikoak pixoihaletan” egin behar izatea. Adierazi dutenaren arabera, erresidentzietako egoiliarrak “bakarrik hiltzen dira”.
Salatu dute emakume izateagatik euren lanari balio ekonomikoa eta soziala kentzen diotela: “Gainera, osasun mentalean eragiten digun higadura ez da gaixotasun profesionaltzat hartzen. Lanera medikatuta joaten gara, eta mutualitateak ez ditu onartzen lanak eragiten dizkigun lesioak”.
