600 gaztetik gora, komunikazioaren ardatzean
Astelehentxutxuk jendetza bildu du eguerdiko lagunarteko paella txapelketan: 62 kuadrilla eta 619 lagun bildu dira Merkatu plazan. Beti Gaztez eta Mambo kuadrillak saritu dituzte paella lehiaketan, eta Pins bingo musikatuan.
Gernika-Lumoko gazteak saretzeko, biltzeko eta elkar komunikatzeko jaialdi herrikoia, Astelehentxutxu, arrakastatsu askoa izaten ari da. Urriko Azken Astelehenaren bezperako egun osoko ospakizunak 62 kuadrilla eta 619 gazte bildu ditu gaur [urriak 24] Merkatu plazan, ohiko paella txapelketa herrikoirako. Aurten jaialdiaren kudeaketa azken aldiz egiten ari den antolakuntza lantaldea “oso pozarren” agertu da gazte gernika-lumotarrek emandako erantzunagaz, eta orain beste talde batek antolakuntzaren erantzukizuna “beregain hartzea” espero dute, dagoeneko erabat errotuta dagoen lagunarteko jaiak iraun dezan.

Eguerdiko lehen ordutik, Merkatu plaza jendez lepo azaldu da. Iragan barikuko [urriak 16] lehendabiziko izen emate txandan 250 lagun inguru animatu baldin baziren, atzoko [urriak 23] bigarren txandak goia jo zuen: ia 400 lagunek izena eman zuten. “Hamar jesarleku libre baino ez zaizkigu geratu azkenean, eta hori oso pozgarria da, Gernika-Lumoko gazteek egun honekiko daukaten atxikidura berriro erakutsi dutelako”, azaldu dute antolatzaileek. 12:00etatik aurrera, kuadrillak beren tokia hartzen, osagaiak prestatzen eta kozinatzeari ekiten joan dira, paellarik onena zeinek lortuko.
Eguerdi osoan batzuk sukaldari, besteak laguntzaile eta beste hamaikatxo jan eta edan ibili ondoren, paellarik onenaren saria Beti Gaztez lagunarteak irabazi du; patxaran botila jaso dute sari. Paellarik originalenaren sariak, berriz, Mambo kuadrillaren aldera jo du, eta amantal batekin saritu dituzte. Bingo musikatuko kuadrillarik “martxosoenaren” saria Pins taldeak jaso du. Azkenik, antolatzaileek barre artean aditzera eman dute paellarik txarrenarentzako saririk aurten ez dutela banatu, “asko egon baitira”.

Arratsaldean zein iluntzean, jaiak eta giro onak ez dute ezelan ere behera egingo. Bazkalosteko olinpiada, karta joko eta bingo musikatuaren ondoren, Ostikada elektrotxarangaren txanda izango da. Elektrotxarangaren emanaldia geldirik egin zuten iaz, baina aurten Merkatu plazatik herriko tabernetarako bidea hartuko dute, poteo ibiltaria eginez. Astrako aparkalekuan amaituko dute ibilbidea, bertan emango baitituzte kontzertuak Txoriburu taldeak eta Laprast erromeriak; MJ Mari Pili eta Matxing musika jartzaileen saioak biribilduko du komunikazio eta saretze jaialdia. Afaritarako eskaintza ere egongo da, janari furgoneta edukiko baitute Astran bertan.