Astelehentxutxu saretze jaiaren azken aldia... ala ez?
Astelehentxutxuren azken aldia izan daiteke biharkoa [urriak 24]: Gernika-Lumoko gazteen saretzea sustatzeko jaiaren egungo antolakuntza taldearen azken aldia izango da aurtengoa, baina belaunaldi berriei "atea zabal-zabalik" uzten diete, testigua har dezaten.
Gernika-Lumoko Merkatu Plaza, Astra kultur faktoriako aparkalekuko gunea eta udalerriko kale zein tabernak Astelehentxutxu jaiaren topagune bihurtuko dira bihar [urriak 24], goizetik gauera arteko egitarauagaz. Herriko gazteen arteko komunikazioa, saretzea eta hartu-eman sanoa sustatzeko helburuagaz sortu zuen gazte talde batek jaialdi hori, eta aurtengoak esangura “are bereziagoa” eduki dezakeela azpimarratu du egun antolakuntza beharretan dabilen lantaldeak: Urriko Azken Astelehen bezperako jai bereziaren azken ekitaldia izan daiteke bihar ospatuko dutena.
Asko eta asko izan dira Astelehentxutxuk aurrez aurre eduki dituen trabak, antolatzaileek aditzera eman dutenaren arabera. Gazteak lokaletan “gotortuta” zeuden sasoi batean ernaldu zitzaien “gutxi batzuei” herriko gazteria kalean, lagunarteko giroan bilduko zuen ospakizuna atontzea. Urteek aurrera egin ahala, gotorlekuak itxuraldatu egin dira, eta, gaur egun, sare sozialek betetzen dute beharbada arestian lokalek betetzen zuten isolatzea. Pandemia ere traba izan zen jaialdiaren garapenean. Koronabirusak sortutako etenaldi orokorrak isla argi eta garbia eduki zuen Astelehentxutxuren etenaldian, baina pandemia ostean beste gazte talde batek ontziaren timoia hartu zuen, proiektua atzera urazaleratu asmoz.
Egungo antolakuntzak “naturaltasun osoz eta amorrurik gabe” utziko ditu orain arteko lanak
Esan eta egin: 2022az geroztik, lau ekitaldi antolatu dituzte, belaunaldi arteko jauziari aurpegia erakutsita. Lehen hiru urteetan “lantalde izugarria” sortu zuten, baina, “adinean gorantz” egin ahala, antolatzaileak kargutu ziren Astelehentxutxu prestatzen duen taldearen eta paella txapelketan —egitarauko puntu gorena dena— parte hartzen dutenen arteko adin arrakala “geroz eta azpimarragarriagoa” zela. Hala, egungo antolatzaileek azken aldiz heldu diote aurten gazteen topagune herrikoiari, baina hurrengo urtean beraien lanaren lekukoa hartuko duten “talde berrien esperoan” daude.
Umoretik eta pena barik.
25 eta 28 urte bitarteko jendea ari da egun “16 edo 18 urteko adina dutenentzako” jaia prestatzen: “Beste urteren batean, ultimatum edo azken deialdi moduko bat zabaldu izan dugu, jende berria antolakuntzara biltzeko asmoz. Aurten, baina, naturaltasun osoz erabaki dugu talde antolatzaile honen azken ekitaldia izango dela, beti ere beste batzuek kateagaz aurrera egiteko esperantzaz”. Inongo dramarik edo “amorrurik” gabe utziko dute antolakuntza: “Aurtengo leloak berak dioen legez, Bagoaz, musuTXU bat. Berba bitan, gu bagoaz, baina, beste norbait etorriko balitz, erabateko maitasunez lagundu edo gomendio egingo diogu”.
Gazteen jarraipena, behintzat, ez da arazoa: “Hau gure azken kudeaketa urtea izango zela eta, ondorioz, Astelehentxutxuren etorkizuna kolokan zegoela publiko egin genuenean, jende pila batek galdegin zigun hori nolatan den posible: jaialdia herriko gazteen agendetan guztiz egonkortuta zegoela eta hura ezin zela galdu adierazi ziguten; beraz, atxikidura eta maitasuna, egon, badaude”.
Kide berriak prozesura biltzean datza gakoa. Antolatzeko bide hori, hain zuzen, “uste baino errazagoa” dela azpimarratzen dute: “Askok uste baino sinpleagoa eta errazagoa da. Guk gustu, profil eta ideologia desberdinetako taldea osatu dugu, jai honek ez baitu politikagaz edo ideologiagaz inongo loturarik, gazteen arteko sareatzeagaz baino. Gainera, lanak partaideen artean banatzen direnez, ez du ezelan ere ardura edota buruhauste handirik sortzen”.
250 lagun inguru daude paella txapelketarako izena emanda; 600en bueltan aurreikusten dituzte
Iaz hasitako moldeari jarraiki, aurten ere lagunarteko paella txapelketara aurretiaz izena emateko aukera dago. Lehendabiziko txanda iragan barikukoa izan zen, eta gaur bertan ere izena emateko aukera egongo da; Astran egin ahalko da, 18:00etatik 20:00etara artean. Edozelan ere, azken ordura arte zalantzan daudenentzako plaza ere izango da biharkoa, egunean bertan eman ahalko baita txapelketarako izena. Gaur egiteko asmoa dutenek kuadrillako lagun kopurua zehaztu beharko dute, eta 3 euro ordaindu —zapia jasoko dute opari—. Halaber, Merkatu Plaza txukun mantentzeko, lagunarte bakoitzak 20 euroko fidantza ordaindu beharko du, gero itzuliko zaiona, eta kuadrillako kapitaina hautatu. 250 lagunek izena eman dute txapelketara gaur-gaurkoz, eta “600 inguru biltzea” aurreikusten dute.
Inguruko herrietako gazteek ere ez dute inongo aitzakiarik biharko: Kortezubira, Gautegiz Arteagara, Ereñora zein Nabarnizera itzultzeko autobus zerbitzua egongo da; 02:00etan ipini dute hitzordua, Gernika-Lumoko autobus geltokian. Zerbitzu hori baliatu gura dutenek gaur izango dute txartelak poltsikoratzeko azken aukera, herriotako udaletxeetan, 5 euroren truke.
Ostikada elektrotxarangak, geldirik barik, tabernaz taberna egingo du poteo ibiltaria, Merkatu plazan hasita eta Astrako aparkalekuan amaituta
Paella txapelketaren ostean bingo musikatua, olinpiadak eta karta jokoa edukiko dituzten aukeran, Ostikada elektrotxarangaren dezibelak martxan ipini orduko: “Iaz toki berean geldirik egonda gozatu genuen txarangaz, baina, aurten, herriko tabernetan barrena poteo ibilbidea egingo dugu; Merkatu Plazan hasiko gara, tabernaz taberna ibiliko gara, eta Astrako aparkalekuan amaituko dugu”.
Eremu horretan bertan emango dituzte kontzertuak Txoriburu taldeak eta Laprast erromeriak, MJ Mari Pili eta Matxing musika jartzaileen saioek jarraituta. Afaritarako aukera ere egongo da: “Iaz, janari furgoneta ipini genuen Astran, gazteek inora lekualdatu barik afaldu ahal izateko. Aurten ideia hori errepikatuko dugu, baina afaritarako aukera zabalagoagaz”.
Hurrengo belaunaldien esku dago orain “elkar ezagutzen, saretzen eta komunikatzen” jarraitzeko deia
Azkenik, antolakuntzak herriko gazteei bertaratzeko eta batez ere “elkar ezagutzen, saretzen eta komunikatzen” jarraitzeko deialdia luzatu diete: “Gu bagoaz, baina umoretsu goaz, penarik edota amorrurik gabe. Astelehentxutxuren etorkizuna eta haren kudeaketa hurrengo belaunaldien esku dago orain. Beti egongo gara laguntzeko prest, baina, momentuz, musuTXU bat”.
EGITARAUA
11:30. Infogunearen eta prestaketa gunea zabaltzea, Merkatu plazan.
14:00. Paellen balorazioa.
14:30. Jangunea zabaltzea eta bazkaria.
15:30. Bingo musikatua.
16:30. Jolasak: olinpiada eta karta jokoa.
19:00. Ostikada elektrotxarangaren emanaldia: Merkatu plazan hasiz, herriko tabernetan barrena jarraituta, eta Astrako aparkalekuan amaituz.
21:00. Kontzertuak, Astrako aparkalekuan: Txoriburu, Laprast erromeria, MJ Mari Pili eta Matxing.